0 iruzkin

Jakintsu izan, belarriak izan

Badago Australiaren iparraldean “jaru” izeneko hizkuntza, Ozeaniako beste asko bezala, oso hiztun gutxikoa. Mark Abley kazetariak gauza interesgarri asko kontatu ditu hizkuntza honetaz. Adibidez, “polizia” adierazteko, “yawandaro wainowaji” erabiltzen dutela, hau da, “kateak jartzen dituen zaldizkoa”. Izan ere, “jaruz” mintzo zen herriak 1915 urteko “Aborigenak Babesteko Legea” jasan zuen. Lege horren erruz, eta Australiako gobernuaren erabakiz, jatorrizko biztanleen seme-alabak 1976 urtera arte sistematikoki bahituak eta etxetik kilometro askotara  eramanak izan ziren. Indarrez, nola ez bestela; horrek azaltzen ditu “kateak”. Ekintza basati honen helburua zera zen, haur aborigenak “zurien” erara heztea; gertaera tamalgarri hauetan agintarien eta eliza kristauen elkarlana funtsezkoa izan zen, erakunde erlijiosoetan “hezten” baitziren gehienetan bahitutako umeak . “Stolen generations” izena eman izan zaie honakoa sufritu dutenei.  Baina “jaru” herria bada oraindik, eta “jaru” hizkuntza entzun daiteke Halls Creek inguruan.

“Jaru” hizkuntzan “jakintsu izan” adierazteko “mangir-djaru” esaten dute, hau da, “belarriak eduki”. Era berean, “tonto izan” honela diote: “mangirgir-mulungu” (“no tener oídos”). Guk “tontoa” esaten dugun lekuan, haiek “gorra” esango dute. Ideia oso interesgarria, ahalmena eta adimena entzuteko gaitasunarekin lotzea. Entzuteko jarrera duena, hori da pertsona argia.

Bada, nik ez dakit Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburua azkarra ala gorra den, lerdoa ala belarri finekoa, baina zarata nahiko ari da ateratzen azken boladan hezkuntza publikoan; ez dirudi entzun duenik. Protesta eta kexa ugari, guraso elkarteak, pertsona eta erakundeak …; eta azken asteotan, langileen grebak. Entzun beharko luke hori guztia, adi egon, adimena izateko. Hori, noski, ulertu eta jakin nahi badu. Egin kontu! Normalean arazo larriak daudenean kexatzen da honela jendea.

Kexa horiek guztiak funtsik gabeko eraso gisa hartzea eta gor jarraitzea Eusko Jaurlaritzako agintarientzat erosoa izan daiteke, ez baitu kolokan jartzen  daramaten politika, ez ditu gauzak bi aldiz pentsatzera behartzen. Jarrera posiblea da: “mangirgir-mulungu”. Errealitatea tematia da, eta hezkuntza publikoan heldu beharreko arazo larriak daude, eta abiapuntu nagusienetako bat da botere publikoek hezkuntza egiten duten inbertsio eskasa.

Gor jarraitu nahi badute ere, ez dezatela espero besteok mutu geratzea. Zarataka jarraitu beharko dugu, motiboak baditugulako. Ea adi dauden eta entzuten dituzten. Adibidez, Hala Bedi Gasteizko irratiaren bideotxo hau: 

/