0 iruzkin

Krisitik ateratzen edo

Krisitik ari garela ateratzen entzuten da han eta hemen. Zenbaki handiek horrela adierazten dutela diote. Aldiz, langileon zenbaki txikiek bestelako gauzak adierazten dute, adibidez, pertsona bat, lana izanda ere, pobrezian bizi daitekeela. Krisitik ateratzen ari omen garenez, balantzea egin dezakegu, ea nola gauden.

Batzuek poz-pozik jarraitzen dute: ez dira krisitik atera, inoiz ez baitira krisian egon. Hauentzat ez da krisia izan, aukera bat baizik. Estadistikek hori adierazten dute, aberatsak aberatsago egin direla. Usteldura nagusienean, hau da, botere politikoa eta elite ekonomikoaren arteko lotura estuan, datza azalpena. La Raiz musika taldeak ongi kontatu zuen aspaldian kanta honetan:

 

Langileontzat galera handiak ekarri ditu krisiak, soldatan, eskubideetan, lan-baldintzetan. Ongi baliatu dute krisiak eman dien aukera langileak are gehiago estutzeko, lanaren inguruko lege berriak sortuz, eskubide sozialak murriztuz … Ondorio nagusienetako bat lan-hitzarmenetan gauzatutakoa da: gero eta langile gutxiago daude lan-hitzarmen baten babespean: EAEren esparruan, 2014tik 2016ra indarrean dagoen lan-hitzarmen baten langileen kopurua % 34,90tik % 25,20ra pasatu da (bi urtetan! Lan Harremanen Kontseilua erakundearen datuak dira).

Horretan eragin handia izan du lan-erreformak: aurreko hitzarmenaren baldintzak ez dira orain automatikoki luzatzen hurrengo lan-hitzarmena sinatu arte. Eta aplikatzen dira lan-hitzarmen orokorragoak, normalean baldintza kaskarragoak dituztenak. Beraz, enpresariek ez dute presarik sinatzeko eta sindikatuak hitzarmen txarrak edota erdipurdikoak onartzera behartu nahi dituzte. Hori da krisiak utzi digun herentziaren ale bat lan-harremanen esparruan. Batzuk indartuta atera dira eta beste batzuk ahulduta.

Zerbitzu publikoetan eraso latza egin da, publikoa, hau da, denona, den esparrua baztertzeko eta ahultzeko. Eraso orokorra izan da, ideologikoa (aspaldikoa, ez da berria), ekonomikoa (diru gabeziaz itotzen), legislatiboa (pribatizazioak bultzatzen dituzten legeen bidez, LOMCE kasu) … Onura pribatuak eta jabetza pribatua guztiaren gainetik jarrita, gure gizartea basatiago bihurtzen da, guztion probetxuan eta guztion zerbitzuan dauden erakundeak eta baliabideak ahulduz.

Ez dakit krisitik ateratzen ari garen, esaten duten bezala. Badakit non gauden eta zer dagokigun, krisiaren aurrean ere horixe baitzen gure egitekoa: borroka egitea politika sozial zuzenago baten alde, gehienon, langileon, gazteen, emakumeen beharrak lehenetsiko dituena. Euskal gehiengo sindikala aspaldian dabil horretan, arazoak arazo. Hemen ia edozein hitzarmen sinatzeko prest dauden sindikatuak (gainera Madrilekiko menpekotasunean daudenak) gutxiengo dira. Aukerak eduki beharko genituzke arduraz eta kemenez aurrera begiratzeko.