0 iruzkin

Paradisuetako jendea

Beste filtrazio bati esker informazio berria ezagutu dugu “paradisu fiskalak” deitzen diren horien inguruan. ICIJ izeneko kazetaritza partzuergoko  kazetariak ari dira informaziotik tira egiten eta ikertzen: 13,4 milioi agiri daude aztertzeko, ez zaie lana falta! Tantaka joango da informazioa plazaratzen, eta tantaz tanta izenak azaltzen hasiko dira, hau da, nork zer ezkutatzen duen non. Honelako paradisuetan dirua ezkutatzen dutenen zerrenda hasi da dagoeneko ezagutarazten.

Denok entzun dugunez, Isabel II.a Bretainia Handiko erregina da inplikatutako bat. Erregina bera atzerrian dirua gordetzen? Bada marka! Hori da hori bere herrialdea babesteko eta maitatzeko duen ardurari muzin egitea! Erregina bere interes propioen alde egiten badu zergarik ez ordaintzeko, eta dirua paradisu fiskaletara eramaten badu, nola eskatuko dio inori sakrifiziorik egiteko bere aberriagatik? “God save the Queen!” (Jaungoikoak salba dezala Erregina), eta lasai, Jauna, salbatu soilik erregina bera, bere diruak salbatzeaz erregina bera arduratuko da, horretan trebea da.

Zerrendan Bono entzun nuenean beste Bono batez pentsatu nuen, Jose Bono (bere karikatura bera baino karikaturagoa den politikaria); ez naiz bakarra izan, nik uste. Baina Bono U2 musika taldearen burua izan da oraingoan paradisu fiskalaren zalea. Solidarioa omen, pobreziaren aurkako eta giza eskubideen aldeko mila ekitalditan ibilitakoa da Bono, eta Nobel sarirako ere proposatu izan dute hainbatetan. Pobreziaren aurka ari da, hasteko bera pobrea ez izateko baliabideak jarriz. Bono pertsonaia politikoa miresten zutenentzat, kolpe latza, mingarria izan da. Nik, aldiz, ez dut ezer nabarmenik sentitu.  

Paradisu fiskalen bezeroen zerrendarekin jarraituz presidente bat (Colombiakoa hain zuzen ere), ministroak, goi karguak, artistak, multinazionalak daude. Harritzeko ezer ere ez. Espero daitekeena. Badakigu, gazteleraz esaten den moduan, “con quién nos jugamos los cuartos”, esamolde guztiz egokia kasu honetan.

Paradisuetako “offshore” konpainia hauek nagusiki norbere herrialdean zergarik ez ordaintzeko edota  ahalik eta gutxien ordaintzeko balio dute. Dirutza baduzu, zergen bidez ez diezazuten ia ezer ken. Murrizketa latzak dauden garai honetan, honelako portaerak onartezinak izan beharko lirateke, baina politikariek ez dute behar bezalako arduraz aritzen kontu honetan, auskalo zergatik.

 

Hainbeste badaukazu, dirutza handiaren jabe bazara, zergatik tematu zergarik ez ordaintzeko? Izan eskuzabala, kontxo, eta dagokizun ekarpena egin. Portaleko auzokideen artean, pisu handienaren jabe komunitate kuotak ordainduko ez balitu, zer irudituko litzaiguke? Bada, hau honelako zerbait da.

Bizitza normalagoa eramaten dugunok nekez uler dezakegu aberatsek diruarekin duten grina hori. Izan ere, zerbait patologikoa dirudi batzuetan. Berriki irakurri dut, Bill Brysonen liburu batean, Estatu Batuetako Vanderbilt familia dirudunaren inguruan. Etxe dotoreak eraikiarazi zituzten XIX. mendean, imajinatzea zaila den modu batean. Luxuzko etxe erraldoi bat zeukaten udarako, Belcourt Castle, eta zaldien zaletu handiak zirenez, beheko alde osoa zaldientzako ukuiluek okupatzen zuten, zalgurdiz etxera ate handietatik sartu ahal izateko zuzenean. Teka egur garestizkoak ziren zaldien askak eta zilarrezkoak zaldietarako osagarriak. Ipar-Carolinan beste etxe erraldoia zeukaten, 250 gelakoa eta 238 metroko fatxadakoa; jangelak, adibidez, 23 metroko altuera zuen. Estatu Batuetako etxerik handiena. Inguruan lursail izugarri zabala zuen; izan ere,  bertako basoak gestionatzeko aurrekontu handiagoa eta langile gehiago zuten AEBetako Gobernuaren Nekazaritza Ministerioak berak baino.

Aberatsen kontuak diruarekin. Zertarako hainbeste? Bizitzaz disfrutatzeko dirutza hori guztia beharrezkoa al da? Ez dut esango hemen diruak zoriontasuna ez duela ekartzen; oinarrizko beharrak betetzeko dirurik gabe nekez izan daiteke inor zoriontsu. Baina dirudun handien jarrerak eta portaerak oso larriak dira: aseezinak dira, ez dute mugarik. Eta hori da, beren aseezintasuna, gaurko errealitatea ulertzeko giltzetako bat, bizi eta sufritu dugun krisiaren gestioan uste baino pisu handiagoa izan duena. Batzuen paradisua besteontzako infernua bihurtzen da.

Agian, herritar guztien onerako, inbertsio ona litzateke diru-zaletasun gehiegizko horren aurkako terapia bat. Politika fiskal zorrotza deitzen den terapia, hain zuzen ere. Bestela, jarraituko dugu orain arte bezala: etxean pisurik handiena duen lotsagabe horrek komunitatearen kuotak ordaindu gabe segituko du; eta, gainera, harro-harro begiratuko gaitu, besteok ordaindu dugun igogailura sartzean.

/