1 iruzkin

PISA emaitzak, hitz hutsal ugari

Hasteko, berresan behar dut besteetan adierazitakoa: PISA eta honelako ikerketen emaitzak ez dira egia osoa, eztabaidaezina, hezkuntzaren inguruan. Noiz, nola, non egiten diren probak, horra hor emaitzak baldintzatzen dituzten hainbat aldagai. Horregatik PISA ikerketaren emaitzek zerbait adierazi dezakete, baina ezin dira abiapuntu nagusitzat hartu hezkuntzaren ebaluazioan.

Aurreko PISAren emaitzak atera zirenean honakoa idatzi nuen blog honetan: “Hemendik bi urtera, hala ere, berriro notak etorriko zaizkigu, berriro PISA. Bitartean hezkuntza gastua gutxituz doaz gobernuak, irakaskuntzako langileen lan karga handituz eta hezkuntzaren baliabideak murriztuz. Hala ere, noizbehinka entzungo diegu esaten hezkuntza lehentasun osoa duela beren jardunean”. Birpasa dezagun, honen harira, batzuek eta besteek esan dutena.

Bueno, bada, heldu dira emaitzak, eta Urkullu jaunak aipatu du, nola ez: “herri gisa hezkuntzarena gure erronka nagusienetakoa da, inbestidura-ekitaldian esan nuen bezala”. Betiko leloa, baina bere gobernuak jarraitzen du ELGE-OCDE (Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak) herrialdeen maila ertainaren inbertsioa hezkuntzan egin gabe. Autokritika ere beharrezkoa dela esan du.  EAEko agintari nagusia izanik autokritika hori aurrekontuetan islatzen ez bada, suposatu beharko dugu “autokritika” besteek egin beharko dutela. Proposamen xumea oparitzen diot Urkullu jaunari: autokritikatu dezala, please, zer iruditzen zaion irakaslea gaixotu eta baja hartzen badu ordezkoa astebetera agertzea; adibide bat aipatzearren. Ideiarik faltan badu, askotxo gara autokritikan laguntzeko prest gaudenok. Baina zintzo mintzatuz, honelakoak kanpo-kritikak dira. Susmatzen dut ez zaizkiola balio izango bere “autokritikan”.

Eta oraingo administraziotik aurrekora. PSEtik Celaá andreak ere bota du bere perlatxoa; besteak beste lotu du PISAren porrota hizkuntzari (euskarari) ematen zaion gehiegizko arretarekin, zientzien kaltean. Bagenekien euskarazko irakaskuntzaren oso zalea ez dela; horregatik hiru eleko markoa bultzatu zuen agintean zegoenean (bertan euskarazko ordutegia gutxitzen zen, D ereduaren abiapuntutik). Aukerarik ez da galdu behar, dirudienez, euskarari egur pixka bat emateko. Hala ere, berak esandakoa ez dut ondo ulertzen; saiatu zuk zeuk, berak esandakoa: “en nuestro caso trabajamos con dos idiomas que son muy distintos, incluso ideológicamente, y eso repercute en la buena marcha de un sistema complejo, que apuesta por la lengua por encima de la ciencia. No podemos permitirnos perder más calidad”.  Galderak:

- Zer esan nahi du “ideologikoki” desberdinak direla bi hizkuntzak?

- “La buena marcha de un sistema complejo” kaltetua da bi hizkuntza erabiltzen direnean (baina ez hiru hizkuntza erabiltzen direnean)?

- “Apuesta por la lengua por encima de la ciencia”: denok dakigunez, euskara eta zientzia ez dira bateragarriak (Unamonok eta Barojak esan zuten); ala ez da hori?

- “No podemos permitirnos perder más calidad”, denok dakigunez, euskara kalitatearen elementuetako bat izan beharrean, oztopoa baita, ezta? Eta, kalitatea hobetzeko, “euskara gutxiago eta zientzia gehiago”? (eta zer egingo dugu ingelesarekin?)

Emaitzen inguruan oraingo arduradunen aurkako kritikak ere plazaratu ditu Celaák. Baina 2009tik 2012ra bera sailburua izan zen eta hezkuntzaren ardura eduki zuen EAEn, Patxi Lopezen gobernuan; hain zuzen ere PISAk ebaluatutako ikasleak eskolatze urte garrantzitsuetan zeuden garai horretan. Ez dut besterik esango.

Horra hor baieztapen sorta bat, gezurrik esaten ez dutenak, eta mota guztietakoak. Horietan era sinple batean aztertzen da hezkuntzaren kontu konplexu hau, PISAren emaitzetatik abiatuta. Aukeratu zure interesei gehien egokitzen dena eta erabili nahi duzun moduan. Iritzi emaile gehienek honela egiten dute, ez kezkatu:

 - EAEko murrizketek dute errua (baina orduan kontuan hartu Nafarroako emaitzak ezin dituzula aipatu, hobeak direlako, nahiz eta hor ere murrizketa larriak egon diren)

- A ereduko ikasleak % 23 dira PISA proban, baina benetan % 8,5 inguru dira; emaitzak horregatik baldintzatuta daude

- Ordenagailuz PISA probak egiteak eragin zuzena izan du, arazoak egon zirelako; emaitzak horregatik baldintzatuta daude

- Maila sozioekonomiko gero eta baxuagoa dute ikasleek; emaitzak horregatik baldintzatuta daude, faktorerik eraginkorrena hezkuntza mailan jatorri sozioekonomiko-kulturala baita

- Ikasleak asper-asper eginda daude hainbeste ebaluazio eta proba egiteaz eta edonola egiten dituzte