0 iruzkin

1400 Argazki-liburu

1400 Argazki-liburu

15 urte daramatza argazki-liburuak biltzen Gabriela Zendoiak. Orain, osatu duen 1400 aleko bilduma San Telmo museoari lagapenean utzi dio. Aurreko astean aurkeztu zuten akordioa eta aitzakia horrekin Kazuma Obara foto-kazetari japoniarrak “Argazki-liburua: arte-objektu narrazioduna” izenburua duen hitzaldia eman zuen. 

Zendoiaren hitzetan, “bilduma ez da perfektua”, bere kezka edo intereseko gaiak izan dira liburuak hautatzeko arrazoi nagusiak. Horrela, indarkeria forma desberdinak, krisi soziala, emakumeen borroka, nerabezaroa, identitate kontuak edo memoriaren beharra bezalako gaiak lantzen dituzte liburok. Forma aldetik ere anitzak dira, poesiari loturikoak edo egunkari intimoen formatuan aurkezten diren lanak kasu. Aurkezpenean Susana Soto museoko zuzendaria eta Jon Cazenave argazkilaria izan zituen lagun Zendoiak. Cazenaveren iritziz, bilduma honek erakusten du argazki-liburuek poesiara, narratibara, konpromisora, protestara eta propagandara hurbiltzeko ematen duten aukera paregabea.

Bildumagileak museoan utzitako lehen 100 liburuen artean esanguratsua da Japonian argitaratutako lanen presentzia. Lehen entresaka horretako aipagarraietako batzuk honakoak dira: 

You haven't seen their faces (Daniel Mayrit)
Argazkiari bere lehen egunetatik aitortu izan zaion egiaztagarritasuna ze hauskorra den erakutsi nahi izan du Mayritek. Argazki bati bere jatorriak, berau egiteko erabilitako kamerak, egileak edo irudia zabaltzen duen aktoreak ematen dizkion ezaugarrien inguruko ariketa bat da. Hartzaileak aldagai horien arabera argazkia nola hartzen duen, ze balio, sinesgarritasun edo fidagarritasun ematen dion aztertu nahi du. 


2011. urtean Londresen izandako istilu batzuen ondotik, “agian”  istilu horietan ardura izan zezaketen zenbait gazteren irudiak paperezko ohar batzuen bidez zabaldu zituen poliziak. Irudiak segurtasun kameretatik ateratako fotogramak ziren eta jatorriagatik kalitate nahiko txarrarekoak baziren ere poliziak ohar bidez, autoritate handiz banatutakoak zirela eta logikoki fidagarritasuna zuten jendearentzat. Hau ikusirik ondokoa planteatzen du Mayritek : Zer dakigu benetan gazte horietaz? ez dugu ez testuinguru ez gertakarien azalpenik.... baina irudiok zabaltzeko moduak ia oharkabean pertsona horiek errua dutela onartzera eramaten gaitu.

Horrela, “Square Mile” -Londresko “City”an banatzen den- aldizkariaren arabera une hartan hirian zeuden 100 pertsona boteretsuenen irudiak hartu, grafikoki aurreko irudien antzera landu, eta irudiok, zabaltzeko modua interpretatu zuen. Ondokoa ematen du aditzera: “Lan honetan azaltzen direnak egun bizi dugun egoera ekonomikoaren erantzule dira jendartearen ustez. Hala, anonimatu eroso batean bizi dira oraindik eta poliziak zabaldutako irudietan ageri diren gazteak benetan gaizkileak diren edo ez  jakin ezin dugun bezala, ezin dugu baieztatu lan honetan ageri diren guztiak gaizkileak diren edo egungo banku eskandaluetan zerikusia izan duten”.

Afronauts (Cristina de Middel)
1964ko amaieran Zambia independizatu berria zen eta bertako agintari eta eliteek estatu berriarentzako amesten zituzten gauzen artean, Soviet Batasuna eta AEBek zituzten programa espazialen parekoa izateko asmoa zegoen. Lehen aldiz afrikar bat espaziora bidali nahi zuten. Ekimena ezerezean geratu zen eta post kolonizazio garaiko Afrikan kokatzen den istorio xelebre gisa geratu zen kontua. Ez zen inolako espazio ontzi edo sateliterik espaziora bidali, baina bidean egindako saiakeren gaineko berriak aurkitu zituen Middelek eta horiek oinarri hartuta egin du lan hau. Gaiak kontatzeko erabiltzen diren ohiko moduak alde batera utzi eta egiaztagarritasuna zalantzan jartzera jolasten du, ikuslea, egiazkoak bailiran kontsumitzen diren albisteak aztertzera gonbidatuz.  

 

Broken Manual (Alec Soth)
Lan honetan gizakiak erretiroa hartu ohi dituen lekuak aztertzen dira. Erretiroa bere zentzu desberdinetan. Sothek monje, ermitaño edo errefuxiatuei atera dizkie argazkiak, eta kontakizunerako ez du eredu dokumental arrunta erabili. Horren ordez, beraien bizitzetatik alde egin nahi dutenentzako “lurrazpiko eskuliburu bat” osatu duela dio. Liburuak oso itsura berezia du. Eskuliburua beste liburukin baten barruan auzkezten da, eta liburu bera jasotzeaz gain,  8x10zm-ko argazki eta foileto bat daramatza.

 

Exposure (Kazuma Obara)
2015ean Ukrainiako Pripyaten zela, bere laguntzaileak 1992ko iraungitze data zuten koloretako 20 argazki karrete aurkitu zituen. Hauek hartu eta Chernobileko istripu nuklearraren inguruko lana egin zuen. Istripu garaiaz, orduko biztanleriaz eta egungo egoeraz hitzegiten duten argazkiak dira. Errebelatzeko orduan beharrezko zituen osagai kimikoen faltan, teknika alternatibo bat erabili zuen eta horrekin itsura berezia eman zien irudiei. Horrela, egungo egoera erakusteaz gain kutsadura nuklearrak sortutako arazo ikusezinak irudikatu nahi izan zituen. 2016ko World Press Photo saria irabazi zuen. Argazki liburua egurrezko kaxa batean dator, 1986ko egunkari Ukrainiar baten faszimil batekin lagunduta. 

 

Hemen Obarak San Telmon eman zuen hitzaldiaz Gotzon Aranburuk egindako bideoa:

Bildumara itzuliz, eta berau osatzen duten ale kopurua aipatuta, Zendoiak aitortu zuen bere zaletasuna medio liburuak modu konpultsiboan erosten hasi zela. Hala ere, hasieran ez omen zen jabetu bildumaren potentzialaz. Horretan hirugarrengo pertsonek lagundu dutela eta bildumako ale desberdinen inguruan izandako elkarrizketak gogora ekarri zituen. Aipamen berezia egin zien Donostiako Photobook Klubeko lagunei. Sare sozialetan bildumaz izandako interaktuazioei ere aipamena egin zien.

Badira urte batzuk “Fotolibros y algo más” blogean idazten duela Zendoiak. Bertan, argazki-liburu desberdinak aurkezten joan da. Liburu bakoitzaren gaineko hitz batzuk, zenbait irudi, azalpen eta datu tekniko eman izan ohi ditu. 

Berritutako genero zaharra
Argazki-liburuena ia ia argazkilaritzaren hasieretatik dagoen genero bat dela baiezta daiteke. Argazkilaritzak eta liburu inpresioen prozedurak izandako garapenarekin eta gizartean argazkiak izandako paperaren bilakaerarekin batera aldatzen joan dena baina funtsean ezaugarri berak dituena.

Formatu honek, argazkilariari lehen pertsonan espresatzeko aukera ematen dio. Obarak bere hitzaldian aipatu zuen moduan, aldizkari bateko erreportajeak izan ditzakeen 8-10 argazkietatik haratago doazen kontakizun lanak dira.

Cazenavek gogora ekarri zuen lehendabiziko argazki-liburua 1843ko Anna Atkinsen “British Algae: Cyanotype Impressions” dela. (Alga britainiarrak: zianotipia inpresioak). Liburua itsas zientzietan zebiltzainei lagungarri izan asmoz osatu zen, eta izenburuko Impressions horrek irudiak erreproduzitzeko erabili zuten prozedurari egiten dio erreferentzia.

Normalki, kalitate handiko materialak erabiliz eginiko arte objektuak dira. Artisau Lanak askotan. Argazkilarien lan pertsonalak izan arren, testu edo ilustrazioekin lagundu ohi dira. Bestetan, tipografo, diseinatzaile, maketatzaile eta abarrek argazkiekin batera beraien disziplinetatik aportatzeko abagune oso ona eskaintzen dute. Hasieratik tirada oso baxuetan zabaltzen diren lanak dira, eta normalki inguru oso konkretu batean, interes edo ahalmen ekonomiko handia dutenengana iristen direnak.

 Egun, liburu hauen berri sarean izateko aukera badugu ere, San Telmo bezalako museo publiko batera joan eta berauek aurrez aurre izateko aukera oso interesgarria da. Bestela, nekez eskura ahalko genituzke liburuok barne biltzen dituzten kontakizunak.

/