Surflari ernegatua blog naiz+

orokortzeko joera

Pasa den astean, lehen aldiz, zutabe hauetan idazten dudan artikulu hauetako bat itsatsi nuen nire Facebookeko murruan. GARAko albisteak Internetez irakurtzeko harpidedun izan behar denez inoiz ezin izan dut nire artikulurik partekatu, baina azkenengo hura osorik kopiatzea erabaki nuen, horrela nire ziber-lagunek behingoz nik idatzitako zerbait irakurtzeko aukera izan zuten.

Brasildarrek surf munduan duten lehiarako joera eta balio etikoek duten pisua nuen hizpide aipatu artikuluan. Askok brasildar guztiak berdinak ez direla esaten didate, alegia gehiegi orokortzeko joera dudala, eta egia da. Nire ustez zerbait esan nahi duen oro orokortzera behartuta baitago. Orokortuko ez bagenuke ez genituzke kontzeptuak beharko, oraindik, “zuhaitza” esan beharrean, arbola bakoitzaren izena erabili beharko genuke. Esaldi bakoitzeko salbuespenak ere badaudela esaten dabilena ez da fidatzekoa, ez da benetan pentsatzen duena esaten ari, besteek entzun nahi dutena baizik, eta horretarako bertsolariak daude, ez surflari ernegatuak.

Beraz, ardiak zuriz margotzen jarraitzeko asmoa dut, ardi beltzak ere badirela badakidan arren. Bestela gorilak nolakoak diren galdetu eta “Floquet de Neu” (Copito de Nieve) deskribatzen hastea bezala litzateke (nire kasuan aitzakia izango nuke zeren ene bizi osoan ikusi dudan egiazko gorila bakarra izan da). Beraz, brasildar guztiak zaku berean sartzen ditudanean beti dago salbuespenak ere badaudela dioen norbait, baina inork ez du kasu zehatzik aurkezten... ez dagoelako.

Azken adibidea Hossegorren izan dugu. Bi brasildar lehian, Jason Andre eta Miguel Pupo. Pupok sekulako ezker olatu bat hartu eta tuboan sartzen da, eta han doa, olatuaren erraietan, ateratzeko aukera asko du, baina bat-batean, lehentasuna duen bere arerioak arraun egiten du eta epaileei begira eskuak jasotzen ditu, Pupok enbarazu egin diola adierazteko. Lehentasun arauen arabera, olatu horrek ez du balio eta Jason Andrek txanda pasatzen du. Snapersen aurtengo zirkuitua hasi zenetik arau hau erabili dutenak nortzuk izan diren begiratu besterik ez dago, kirola ulertzeko modua afera kulturala ere badela ikusteko. Orain, halako arauek ikuskizuna kaltetzen ez ote duten galdetzen dute, brasildarrek ez, gainontzeko guztiek. Arau hau aspaldikoa da eta ez da inoiz arazorik izan, orain arte ez baita hainbeste brasildar izan lehian. Antza, ez zen begiztatzen egungoa bezalako agertoki bat goi mailako txapelketen araudia egin zutenean, ziur aski, legegileen artean brasildarrik ez zelako.