Eneko Olazabal naizplus blogak

Hasiera kredituak (nola erabili blog hau)

BAT: Zutitu, itzali musika zein irratia. Jarri eskua gehien maite duzun gorputz-atalean, eta irakurri ondorengo puntuak ahots goraz:

BI: Ez naiz blog honetara informazio bila sartuko. Horretarako badaude wikipedia eta beste.

HIRU: Jakingarri gutxi. Hau ez da Felix Linaresen saioa, eta autoreak esan zitzakeenak wikipedian-edo begiratuak lirateke. Hots, neronek ere egin nezake.

LAU: Ez dakit zer espero dudan hau irakurtzen. Ezer espero gabe irakurri beharko dut. Hori da modu bakarra.

BOST: Zinemak izan behar du hau edo bestea edo halako ergelkeriarik irakurtzen badut, artikulua iruzkindu egingo dut, egilea ohartarazteko.

SEI: Gomendioren bat sinetsi eta jaramon egin ostean damutu egiten bazait, neurea da erru  bakarra. Idatzi duenak, hasiera batean, ez nau ezagutzen, ez daki gauza handirik nitaz. Eta, halere, iruzkinetan oso txarra dela idaztea daukat (filma, gomendioa edo bloga bera).

ZAZPI: Hemen irakurtzen ditudanak entzunak edo irakurriak izango ditut agian beste inon beste inoiz. Izan ere, denborak dena beste toki batean jartzen du, birziklatuta edo berrerabilita.

ZORTZI: Hau ez da zinema-kritikarako ataria. Ez behintzat izartxo edo zenbaki bidez film baten balioa neurtzen duten horietakoa. Iruzkindutako film guztiek merezi dute ikustea (idatzi duenarentzat); beraz, ez dut esperoko oso ona edo oso txarra, gomendagarria edo baztergarria dela esaterik.

BEDERATZI: Ez dut itxarongo astero egun berean, maiztasun jakin batean egoterik eguneratzeren bat; batetik, merezi ez duelako eta egiteko hoberik badudalako (adibidez, hau edo hau); bestetik, ez delako egongo.

HAMAR: Iritsi egin naiz azkenekora. Okerrago ere izan zitekeen. Adibidez, hau, saio honetan entzun daitekeena. Egileak, Jan Svankmajerrek, beheko bideoa eta beste hamaika lan egin izan ditu. Etorriko da, beste inoiz, bisitan blog honetara:

 


Taktilismoaren hastapen-erritu magikoa.

Jan Svankmajer,

 

Isolatu iniziatua gela batean, ilunpean.

Eskua iktiol-ore beltz batean izan behar du murgilduta,

astebetez.

 

Denbora horretan, antzara gantzaz eta ondo xehetutako asunez eginiko

kataplasmaz estalita behar du bizkarra.

 

Ezkerreko oin-zolak ur beroa ukituko du.

 

Eskuineko oin-zolak, ur hotza.

 

Hiru egun igarotakoan, oinak posizioz aldatu.

 

Aurpegian abaniko batek aire beroa botako dio.

 

Zakila lixazko paperez eginiko tutu batek bilduko du.

 

Belaunburua urrezko mailu batek emeki kolpatuko du.

 

Egunean hirutan, xiringa batek meskalina dosi doia txertatuko dio ezker besoan.

 

Aste bat igarotakoan, iniziatua Tatuatzaile Handiaren laborategian sarraraziko da.

Bertan, erpuruaren hatz marka tatuatuko zaio bizkarrean, handiturik. Bitartean, esango dio:

Bihurtu epel hotza, gogor biguna!

Solido, jarioa!

Leun, zakarra!

Maitakor, zaurgarria!

Eta alderantziz.

Ikusmenak ukimenari ezer esateko paradarik eskaini gabe.

Nahaste, mistifikazio eta izuarazte saiakera baten bitartez,

ukimenaren ohitura erabilgarriak apurtu egin behar dira.

 

Ez ahaztu gorputza oro dela zonalde erogenoa!

Ez egin ohea!

Ez atera ohetik neguan!

Ezkutatu manta-azpietan abuztu gauetan!

Ez saihestu ipsazioa!

Ez konpondu zapata-zolak!

Ez egin txizik lo egin aurretik.

Uko egin den-denari, baina izan guztiaren jabe!

Maitatu intsektuak!

Akituta bukatu!