Eneko Olazabal naizplus blogak

Kynodontas (Yorgos Lanthimos, 2009)

Ken Loachek esana ei da film bateko protagonista langilea izanez gero hartzen dela zinema politikotzat, eta aberatsak ageri badira, aldiz, entretenimendu deritzogula. Halatan, izango da Yorgos Lanthimosen filmak aberaskumekeriatzat joko dituenik, ez baita kasik lanik ateratzen, ezta produkzio-bideen jabetzarako gatazkarik ere oro har (Alps-en bai, agian).

Kynodontas (Letagina, 2009) ikusi, edo ikustaldiek gogoan utzitakoak gogoratu, eta besterik bururatzen zait ordea. Kynodonthas, non zonbiak lorategietako lore txiki zuri ederrak diren, non aluak janaria atontzeko balio duen. Non hiztegietan kabidarik ez duen sexua jolas erdi xalo erdi debekatua den nesken artean, edo bortxaketa eta diru-iturri, eta behar bezalakoa izateko entrenamendua mutilarenean, behar fisiologiko eta funtzionala ia. Kynodonthas, non hiztegia zehazten duen jainko txikia, zeinak arauak jartzen dituen, ikusten dugun bereak eta bi egiten; tarteka emaitza estetiko bitxiak ematen dituzten joko krudelak; funtzionatzen duten joko krudelak, osoki, salbu eta gauza txiki batzuetan. Albistegiak ikusten ditugu, eta ez zaigu hain arrotz; edo albistegiak ikusi arren, ez zaigu hain arrotz.

Kynodontas ikusi, eta gauzak aldatzeko, itxitura araututik irten edo arau berriak paratzeko letagina erauzteko gogorik ez dutenak datozkit gogora; hitzen balioaz hausnartu eta beren kasa erabili nahi dituzten seme-alabak, aitaren, alkatearen, botere ekonomikoen diktaketa onartzeke.

Itxaropenik ematen ez duen filma izaki, itxaropena gogorarazten dit egunotan. Nork begiratzen dion, noiz eta nondik izango da, noski, Gipuzkoa Zutik egunotan ari baita hitz eta plazak, komunak beharko luketenak baina ez direnak hainbeste, desjabetu eta esanahiz hornitzen. Betikoak irudituko zaizkie batzuei, betikoei, betiko film burges-asaldatzaile moderno hutsalak irudituko zaizkien bezala askori greziar zuzendariarenak. Noiz, nondik, nola eta zertarako begiratzen zaien gauzei.

Filmari buruz gehiago, honako saio hauetan:

- Eremuz Kanpo 2X14 - Ezin gara hemendik irten.

- Eremuz Kanpo 4X11 - Yorgos Lanthimos