Zirimolatzen
Egilea: Oihana Llorente
Mundua irauli artean, buruz behera begiratu nahi dut ingurura. Aldrebeskerietan aritzeak dakarren plazeraz gozatu eta ezarritako ordena hankaz gora jartzeko saiakera umilean.
Zirimolatzen
2017/03/07 10:21h.

Emakume langilearen nazioarteko eguna da martxoaren 8a. Emakumeen eskubideak aldarri hartuta, jendarte eredu parekide baten aldeko borroken bozgorailua da egutegian morez margotutako egun hau.

Egunaren iturburua 1908. urtean kokatzen da. Orduko martxoaren 8an, lan baldintza duinak aldarrikatzen New York hiriko Cotton ehungintza lantegian itxialdian ziren 146 emakume langile hil zituzten, enpresa husteko asmoz lehergailuak bota eta sutea eragin ondoren.

Mende luzea igaro da New Yorkeko sarraski hartatik eta emakumeen eskubideek ere, amaigabeko borrokei esker, bere bidea egin dute. Bandera moreak haizatzeko arrazoiak tamalez oraindik ere badira, hemen zer pentsa eta zer hausnartu eragin nahi duten hainbat gako eta zenbait ikus-entzunezko.

1. Indarkeria matxista

Hauxe da hankartean zakila edo alua izateagatik sufritzen den ezberdintasun lazgarriena. Sexu-bereizkeria oinarri, emakumearen aurkako edozein indarkeria ekintza da indarkeria matxista; sufrimendu fisiko, sexual edota psikologikoa eragin dezakeena. Amaierarik ez duen zerrenda da indarkeria matxistarena eta izeberg horren punta gordinenean daude feminizidioaren hildakoak.

Kalea ez da berdina emakume izan ala gizona izan. Ez duzue iritzi bera? Ikusi Estatu Batuetako kaleetan jazarpen sexistari aurre egin nahi dion Hollaback! erakundearen esperimentua. New Yorkeko kaleetan barrena dabilen emakume gazte baten errealitatea bildu dute bideo honetan. Datuak esanguratsuak dira, izan ere, emakumeak ehunetik gora jazarpen egoera jasan zituen grabazioak iraun zituen hamar ordu eskasetan.

 

Indarkeria matxistari aurre hartzeko antidoto egokiena autodefentsa feminista dela deritzo mugimendu feministak. Emakumeak ahaldundu eta edozein erasori aurre hartzeko prestakuntza da autodefentsa, eta, bide horretan asko aurreratu da azken hamarkadan. Asko eta askotarikoak dira autodefentsa feministaren aldeko deiadarrak. Gurean oihartzun nabarmena izan zuen abestia ekarri nahi izan dugu gogora. Santurtziko Arkotxa gazte konpartsak Mamariaga auzoko playback lehiaketan aurkeztutako kanta, hain zuzen ere.


2. Hezkuntza

Jendartearen zutabe garrantzitsuenetakoa da hezkuntza. Etorkizuneko belaunaldi guztiek ibiltzen dute hezkuntzaren bidea eta bertan ematen da belaunaldien arteko ohitura, ikusmolde edota jokabideen transmisioa. Hezkuntza, baina, ez da berdina zakilarekin eta bulbarekin munduratuta.

Zergatik? Arrazoi asko daude galdera honen atzean baina neskek, eme jaiotzeagatik, euren burua gutxiesten jarraitzen dutela da horietako erantzun bat. Hala frogatu du bederen, Estatu Batuetako hiru unibertsitatek egin eta ‘Science’ aldizkariak urtarrila amaieran zabaldutako ikerketak.

Emaitzen arabera, bikaintasun intelektuala mutilen ezaugarria dela deritzote sei urtetik gorako neskatoek, eta beraz, «oso azkarrentzat» uste diren jarduerei izkin egiten ahalegintzen dira adin horretatik aurrera. Ikertzaileek ohartarazi dutenez gainera, sei urtetik aitzina ezartzen diren genero estereotipo horiek neskatoen etorkizuneko ikasketetan eta nahi profesionaletan eragin zuzena dute.

Nola eraikitzen dira, baina, genero estereotipoak? Ez da erraza azaltzea, baina seguru, sarean arrakasta itzela izan duen bideo honek pista batzuk emango dizkizuela.

Jendartea aldatu nahi bada ezinbestekoa da hezkuntzan jartzea arreta. Generoen arteko desorekak gainditu eta pertsonaren garapen integrala bilatzen duen hezkuntza eredua da hezkidetza, gizonak eta emakumeak parekidetasunean hartzen dituena.

Testuliburuetan maiz agertzen da hezkidetzaren premia larria. Zientziaren alorrean adibidez, emakume zientzialari eta adituek ez dute apenas lekurik eta hortaz, emakumeen rol zientifikoak ikusezin bihurtzen dira. Zientzialariak zerrendatzeko atakan bageunde di-da izendatuko genituzke Isaac Newton edo Albert Einstei… mundua, baina, gizonek bakarrik deskubritu ahal dute?

Aurten bigarrenez ospatu da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna otsailaren 11an. Egun horren aitzakian eta emakumeek zientziaren eta teknologiaren munduan egiten duten lana nabarmentzeko ‘Leku hori’  bideoa zabaldu zuen UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak.

3. Lan mundua

Emakume eta gizonen arteko arrakala are nabariagoa da lan munduan. Prekarietateak indartsuago kolpatzen ditu emakumeak, kontratu eta soldata eskasagoak jaso eta goi kargu gutxiagoaren jabe baitira.

Gizon eta emakumeen soldaten aldea %33 ingurukoa da Euskal Herrian, LABek berriki emandako datuen arabera.

Iaz, mobilizazio ugari izan ziren munduan ezberdintasun honen amaiera eskatzeko. Esanguratsua izan zen bereziki, Finlandian urriaren 24ean Islandiako milaka emakumek egindako greba. 14.38ean atera ziren kalera, egunero, gizonek irabazten duten soldatarekin erkatuta, ordu horretatik aurrera kobratu gabe lan egiten dutela salatu zuten bertan. Sindikatuek eta mugimendu feministak antolatu zuten Islandiako protesta hura.


4. Abortu eskubidea

Mugimendu feministako belaunaldien artean etenik izan ez duen zilbor hestea da abortu eskubidearen aldeko borroka. Haurdunaldia eteteko erabakia emakumeen esku egon behar dela maiz aldarrikatu da martxoaren 8aren testuinguruan.

5. Komunikabideak eta kirola

Oso urria da emakumeen presentzia kirol albisteetan eta eduki horien trataerak ere zeresana ematen du. Kirol markak ahantzi eta emakumearen gorputzean jartzen da arreta sarri. Iaz izandako Joko Olinpikoak emakumeen sexualizazioaren adibide argia izan zen eta komunikabideetan maiz irakurri ahal izan genituen matxismoz jositako titularrak.

Munduari bira egin zion argazkia, baina, Egipto eta Alemaniako emakume selekzioen partida jasotzen duen irudia izan zen. Kirolaz gainera, kultura ipini baitzen aurrez aurre.

Emakumeen inguruan dugun eredua marrazteko ariketan komunikabideek botere handia dute. Kirolaren alorrean ikusi moduan, komunikabideena ere bada da genero estereotipoen transmisioaren errua eta ardura. Hezkuntzan, komunikabideetan eta bestelako esparruetan bere biziko garrantzia du eredu aniztasuna lantzeak. Ikusi bestela, egungo genero estereotipoekin nora goazen…

Mende luzea igaro da 1908ko martxoaren 8 hartatik eta baina mobilizazioak ez du etenik eta aurtengo martxoaren 8an kaleak morez tindatuko dira berriz. Euskal Herriko koordinadora feministak bat egin du emakumeen nazioarteko lanuzte deialdiarekin eta mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko hiriburu guztietan eta herri ugaritan.

Kolaboratzaileak
Eeuu_gabe
Artzai Larzabal
Jone_txuria
Jone Etxeberria
Enek-olazabal
Eneko Olazabal
azken iruzkinak