Oihana Llorente NAIZ

Emakumeen parte hartzeari gorazarre

Ezagunak dira Cadizeko inauterietako pasodoble eta chirigotak. Hilabete ematen dute cadiztarrek mozorroak jantzi eta oholtza gainean inauteriak ospatzen. Algara nagusi bada ere, kopletan bada salaketa sozialerako eta agintea kritikatzeko lekua, baita berdintasunari gorazarre egiteko tartea ere.

‘No te vayas todavía’ chirigotaren partaide guztiak gizonezkoak ziren pasa den abenduan Alba Gonzalez dunbal-jotzaile sevillarra batu zitzaien arte. Bi hilabete entsegu artean ibili ostean, nahi gabe eta jakin gabe, Gonzalez pasodoblearen protagonista bihurtu zen, oholtza gainean zuzenean ari zirela, koplen letra aldatu eta konpartsa kideek hari eskaini zioten abestia.

Jaiak jendartearen adierazpen gorenetakoa izanik, tamalez egunerokoan ematen diren diskriminazio egoeren erakusle izan ohi dira. Festak gainera, tradizioan errotuta egon ohi dira eta maiz tradizioa hori mugi ezin daitekeen murrua bihurtu da. Chirigota honek, ostera, ezarritako genero ordena apurtzen saiatu da oraingoan, emakumeari taldean leku eginez eta ekintza hau aldarrikapen bihurtuz.

Cadizeko inauteriek Facebooken duen perfilean bideoa 16.000 aldiz izan da partekatua eta YouTuben Estatu espainoleko bideo ikusien artean izan da.

Joan den astean sanferminetako bortxaketaren salaketa pasodoble bihurtu eta ozen entzun zen Cadizeko Falla antzokiko oholtza gainetik.