Zortzigarrena Naiz

Mapatik kanpo utzi zuten herria, gurea

Maiz ekarri ditugu hona erreferentzia turistikoetan Euskal Herriaz esaten direnak, kasu honetan San Frantziskoko (AEB) hedabide honetan (SFGATE) kazetariak bere artikulua nola hasten duen da harritu gaituena, «mapatik kanpo utzi zuten» herria dela gurea dio. Hitzez hitz: «Euskaldunen herriaren lurraldea, Espainia eta Frantzia artean banatutako ‘estaturik gabeko nazioa’ da, mapatik kanpo utzi zutena Europako muga nazionalak marraztu zituztenean».


Artikuluan datorren mapa, Euskal Herria non dagoen azaltzeko.

Pasa den astean argitaratutako artikuluan, Rick Steves kazetariak «Europako lehen mailako nahasketa» gisa definitzen du Euskal Herria. Hondartza eguzkitsuak, arkitektura moderno ikusgarria, pintxo zaporetsuak, eta gurea «izpiritu askeko jende borrokalaria» duen herria dela dio. Kostaldearen deskribapena dakar, Bilbotik Donibane Lohizunera Donostiatik ere igaroz. Tartean muga izan arren, beraren bi aldetara euskal herritarrak batzen dituena nabarmentzen du. Euskara aipatzen du eta baita ikurrina ere. Txakolina, sagardoa, Guggenheim, pintxoak... ditu hizpide.

Pozik itzuli zen Steves jauna Euskal Herritik, begira erreferentziaren azken paragrafoa: «Espainia eta Frantzia artean banatuta egon arren, euskal herritarrek kultura biziari eusten diote eta bertara egindako bisitak Europako talde etniko txikienen erresistentziaren begirada bizia eskaintzen du. Joandako lekura joanda, eskualde koloretsua, dibertigarria eta harrera ezin hobekoa topatuko duzu... eta zalantzarik gabe, euskalduna».

Beti da gustuko hitz gozoak entzutea, ezta?