Donostia 2016 capital europea de la cultura
Cap_cabecera
Albisteak
Donostia 2016k 80 kultur ekitalditik gora eskainiko ditu inaugurazio egitarauan

Donostia 2016k 80 kultur ekitalditik gorako egitaraua eskainiko du astearte gauerditik, hau da, San Sebastian eguneko banderaren igoeratik, hilaren 24ra arte, erakusketak, zinema, antzerkia, tailerrak eta kalejirak barne. Inaugurazioaren momentu gorena Hansel Cerezak disenatutako ‘Elkarbizitzaren zubia’ ikuskizuna izango da, urtarrilaren 23ra arte.

NAIZ|DONOSTIA|2016/01/18 17:09
Aa_20160118531433
Inaugurazio ekitaldien aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostia 2016 Hiriburutzako arduradunek jakinarazi dutenez, Cerezaren ikuskizuna Maria Cristina zubi ingurura milaka lagun erakartzeko pentsatuta dago. Iluntzeko 20.00etan hasiko da ikuskizuna, eta Urumea ibaiaren bi aldetatik ikus ahal izango da.

Ikuskizuna Europako Kultur Hiriburutzaren «alegoria handia» izango da.

Muntaia handi horren inguruan herritarren parte hartzea garrantzi berezia izango du eta, publikoaren banaketa modu ordenatuan egiteko, DSS2016EUk ikuskizunaren gunera denborarekin iristea gomendatu du.

Hitzordu nagusiaz gain, Hiriburutzaren inaugurazio egitaraua ekitaldiz lepo iritsiko da Donostiara: erakusketak, zinema, antzerkia, kalejirak...

Egitarau osoa http://dss2016.eu/eu/inaugurazioa webgunean ikus daiteke.

Trafikoa

Inaugurazio ekitaldiek hainbat aldaketa eta gorabehera eragingo ditu hirian zehar, Udalak jakinarazi duenez, batez ere Maria Cristina zubi inguruan eta zentroan.

Aldaketa horiek hilaren 20tik 24ra gauzatuko badira ere, gorabehera nagusiak larunbatean izango dira, urtarrilaren 23an.

Azpimarragarrienak trafikoari eta pasabide mozketei dagozkienak izango dira. Horrela, garraio publikoaren zerbitzuak luzatuko dira (Dbus, Lurraldebus, Renfe-Adif, Euskotren), hiriaren kanpoaldeko aparkalekuak erabiliko dira (Unibertsitateko guneak eta Ilunbe/Poliklinikako errepide zaharra) trafikoa bideratzeko eta informazioa eskaintzeko agenteak jarriko dira, segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dira eta abar.

Horrexegatik, hiritar zein bisitari ororen kolaborazioa ere ezinbestekoa izango dela azaldu du Udalak. Ahal den neurrian, behintzat, autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Autoa erabili behar dutenentzat, berriz, saihesbideak erabiltzeko deia egin dute, boluntario, udaltzain eta antolatzaileen argibideei jarraitzeko eskaria eginez.

Mugikortasuneko gorabehera hauen berri izateko, informazio eguneratua jasotzeko nahiz mapak kontsultatzeko, udal web atarian, udal sare sozialetan, komunikabideetan eta kaleko zein garraioetako iragarkietan aurkitu ahal izango dira argibide nagusiak.