Donostia 2016 capital europea de la cultura
Cap_cabecera
Albisteak
‘1966 | Gaur Konstelazioak | 2016’ erakusketa aurkeztu dute

Donostia 2016 Fundazioak eta San Telmo Museoak ‘1966 | Gaur Konstelazioak | 2016’ erakusketa aurkeztu dute. Fernando Golvano komisario duen erakusketak 50 urtek banatutako bi testuinguru artistiko erakusten ditu: Gaur mugimendua eta Kairós garaikidea. Maiatzaren 15era arte egongo da da ikusgai.

NAIZ|DONOSTIA|2016/01/22 13:55
Int20160122002292
‘1966 | Gaur Konstelazioak | 2016’ erakusketaren aurkezpena, San Telmon. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

‘1966 | Gaur Konstelazioak | 2016’ erakusketaren irekiera Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren inaugurazio-ekitaldien programazioaren baitan kokatzen da eta larunbat honetatik maiatzaren 15era arte izango da ikusgai San Telmo Museoan.

Erakusketa honek bi testuinguru soziohistoriko, artearen bi konstelazio, pentsa eta esperimenta daitekeenaren figura berriak proposatzen dituztenak biltzen ditu.

Azaldu dutenez, Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta artistek osatzen dute euskal artearen konstelazio garrantzitsu eta berritzaileena. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, diktadura frankista zela-eta, ez zen erraza kultura eta politika sorkuntzari bide ematea. Horregatik, artista horiek guztiak elkartu egin ziren, Gaur Taldea sortzeko eta, 1966an, beren burua jendaurrean aurkeztu zuten, erakusketa eta manifestu baten bidez, Barandiaran galerian (Donostia).

Nabaria zen abangoardia artistikorako zegoen gogoa, eta Oteiza eta Chillida izan ziren mugimendu horren ordezkari ezagunenak nazioartean. Gaur Taldean bertan eta talde desberdinen artean desadostasunak egon ziren artea ulertzeko moduari eta gizartean eta politikan zituen eraginei zegokienez. Ondorioz, azkenean taldeko abentura hau bertan behera geratu zen eta galeria itxi egin zen.

Alabaina, garai hartako obrek irauten dute, eta irudimena eta sentikortasuna poetikoki interpelatzen jarraitzen dute oraindik ere. Erakusketa honen harira, omenaldi bat egin nahi izan diote Dionisio Barandiarani (Ataun, 1927 – Donostia, 1979), bera izan baitzen, hain zuzen ere, arte konposatuko hainbat erakusketa barne hartu zituen Barandiaran galeriaren mezenasa (1965-1967).

Galeria horrek gutxi iraun bazuen ere, protagonismo handia izan zuen Euskal Herriko artearen eta kulturaren berrikuntzan: Gaur Taldearen egoitza izan zen, baita horrekin lotutako beste zenbait talderena ere; esaterako, Ez Dok Amairu (musika herrikoia), Argia (dantza) eta Jarrai (antzerkia).

Horrez gain, arte desberdinei buruzko erakusketak, entzunaldiak eta mahai-inguruak antolatu zituen, baita beste hainbat ekitaldi ere, garai hartan nagusi zen zentsuraren mugak saihestuz.

Kairósen, Gaur Taldean parte hartu zuten artistak baino geroagoko belaunaldietako eta errealitate nazional desberdinetako zortzi artistak hartzen dute parte: Txomin Badiola, Bojan Fajfric, Goldschmied & Chiari, Iratxe Jaio + Klaas van Gorkum, Eugenio Ortiz, PSJM, Avelino Sala eta Azucena Vieites. Horien obrek elkarrizketak ezartzen dituzte elkarren artean eta, aldi berean, Gaur Taldeko artistek hirurogeiko hamarkadako testuinguruan eginiko obrekin.