Donostia 2016 capital europea de la cultura
Cap_cabecera
Albisteak
Agortutako eskemak eraitsita, zubi berriak eraikitzeko deia

Zubien, elkarri begira eta elkarrengandik urrun bizi diren ertzak batzen dituzten egitura horien sinbologiari eutsita abiatu da Hiriburutza. Elkarbizitza, kultura, ulermena, elkartasuna... begien aurrean jarrita «hasi da 2016a» xuxurlatu zigun Hansel Cerezak. Orain bai: urte berri on, Donostia.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA|2016/01/24 11:43
Aa_20160123532894
Argiek protagonismo handia izan dute ekitaldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Argi jokoak, sua eta ur txorrotak erabilita ibaiaren bi aldeak batu eta elkarbizitza sustatzeko deia egin zuen Cerezak.

Tarteka, gertatzen dira gauza bereziak ere. Esaterako, behingoagatik ez izatea obra edo kirol ekitaldiren bat Donostiako erdialdeko trafikoa eteten duena. Are gehiago, zer eta ekitaldi kultural bat izatea giroa aldatzen duena, zerbait bereziaren (gustukoa izatea edo ez beste kontu bat da) atarian gaudela adierazten diguna. Usain hori zuen atzo goizean Donostiak.

Lau eguneko inaugurazio programan gorriz markatuta zegoen larunbata. Arratsaldean, Europako ordezkarien eskutik jasoko zuen Donostiak aurten Europako kultur hiriburu dela ofizialki baieztatzen duen plaka. Baina ez zen ekitaldi bakarra izango: egitarauak berrogei ekitaldi bateratzen zituen 24 orduren barruan, tartean museoetara bisitak, kontzertuak, poesia irakurraldiak, antzerkia, filmen proiekzioak... eta, nola ez, danborrada.

Goizeko 11.30ean abiatu ziren auzoetako danborrada ezberdinak Kontxako hondartza aldera, ordu erdiren buruan bertan bildu, hainbat pieza jo eta airetik argazkia ateratzeko asmoarekin. Ordu berean, baina, jada ezinezkoa zen Kontxako barandillan ekitaldia ikusteko lekurik topatzea eta megafoniatik behin eta berriro erregutzen zuten hondartza libre behar zutela. Jendea pasealekuan pilatzen eta hondartza libratzen zihoan neurrian, hamabietarako hamar minutu eskas falta zirela iritsi ziren lehen danbor hotsak Alderdi Ederrera eta, berehala, Mundaizeko haurrak izan ziren hondartza zapaldu eta, txukun-txukun, egokitu zitzaien lekuan ezartzen lehenak.

Jendearen egonezinerako, uste baino dezente denbora gehiago, ordubete inguru behar izan zuten danborrada guztiak –6.500 parte-hartzaile inguru izan ziren– hondartzara iritsi eta euren lekuan kokatzeko. Tartean egin zituzten entseguak –musikarik ezean, hizlariaren ahots-trebezia lagun zutela–, izan ziren danbor-jotze espontaneoak, egin zituzten olatuak, aspertu ziren haurrak eta urduritu haien arduradunak... eta, halako batean, erlojuaren orratzak eguerdiko ordu batera hurreratzen ari zirenean, ekin zioten ekitaldiari.

San Sebastian egunean bezala, atzokoan ere Europako ereserkiarekin ireki zuten kantu-sorta. Txisturik ez oraingoan, baina sinkronismo askorik izan zenik ere ezin esan. Atzetik etorri ziren “Tatiago”, “Idiarena” eta danborradako ohiko kantu-sorta eta, baketak gora jasota, agur egin zioten danbor-joleek udaletxeari lehendabizi, danborraden erdian kokatu zuten Europako banderari hurrena, publikoari hirugarrenez eta itsaso zabalari azkenik. “Donostiako martxa”-k itxi zuen ekitaldia, jada Kontxako pasealekutik pasatzea ezinezkoa zela. Jendeak itxaron beharra izan zuen, baina mikaztasunak gozatu eta igerri zen ikusleak gustura eta aseta utzi zituela ekitaldiak.

Danborraden kontzentrazioa martxan zen bitartean inauguratu zuen Maider Lopezek “Iturriak” instalazioa Ondarreta pasealekuan eta, arratsaldean, esan bezala, ofizialki Europako kultur hiriburu bilakatu zen Donostia. Une berean, Donostiako Piratek “kulturen aldeko brindisa” egin zuten Bulebarrean, Donostia 2016k «goitik behera datorren eskema bati» erantzuten diola eta egitasmoa «ez dela Donostiako kultur eragileen ekimenez sortutako proiektua» salatuz. Baina, atzokoan, Hansel Cereza eta, batez ere, hiritarrak izan ziren inaugurazioko benetako protagonistak.

Elkarbizitzaren zubia

Enigma da atzo iluntzeko egoera hobekien deskribatzen duen hitza; hasi eta buka. Inork ez zekien zehazki zer gertatuko zen Maria Cristina zubian. Cerezaren izena Fura dels Baus-i lotua joateak argitzen zuen zer edo zer. Ekitaldiaren magnitudea islatzen zuen trafikoa moztu izanak, lurretik hamar metrora 25 bozgorailu jarri izanak, ekitaldian zuzenean 52 taldek eta milatik gora lagunek parte hartuko zutela jakiteak eta, baita, Donostia 2016tik egin zen deialdiaren harira, ikuskizunak 50.000 ikusle hartuko zituela kalkulatu izanak ere. “Elkarbizitzaren zubia” izendatu zuten ikuskizunaren aurreikuspenak onak ziren.

Danborradak donostiarrak batu ohi dituen bezala, ikuskizunak ikusle guztiak batu eta elkarbizitzaz hausnarketa egitera gonbidatzea zuen helburu: milaka begirada norabide berean jartzea, berdinetik berdinera.

Aurreko egunetako eskaerei erantzunez, goiztiar bildu zen jendea Maria Cristina zubiaren bueltara, Urumea ibaiaren bazterreko leku onenak beren egiteko asmoz. Ikuskizuna abiatu baino ordu erdi lehenago, 36 fokuk zeruan bat egin zuten beste horrenbeste argi ilara igorri zituzten, ikusleak argiek osatzen zuten piramidearen barnean kokatuz. Ikuskizunak ekarriko zuenaren iragarpena izan zen.

Agindu bezala, puntual, 20.00etan hasi zen ekitaldia; kaleko argiak itzali eta zubian piztu zirenek hartu zuten protagonismoa. Ikuskizunaren lehen zatian, euskal kultura eta gizartea islatu nahi izan zituen Cerezak, horretarako oinarrizko elementu bezala herri kirolak erabilita. Aizkolariak, sokatira... ibaiaren albo banatan ezarri zituen, erdibitua dagoen gizartea irudikatuz. Ordura arte zubiko obeliskoetan irakur zitekeen “elkarbizitza” hitza suak hartu zuen orduan eta bataila hasi zen, elkarrengana hurbildu beharrean elkarri eraso egiten zioten argien bidez. Bideo instalazio bat erabilita eta koru batek zuzenean Mikel Laboaren “Baga, biga, higa” abesten zuen artean, elkarri iritsi ezinda dabiltzan eskuak, bortizki ibaira jausten ziren ur txorrotak, sua... gerra nagusitu zen zubian. Eta, azken pasartean, elkarri iritsi ezinda dabiltzan eskuak argizko hariak deslotzen hasi eta, berriro ere, elkarbizitzarako mezua zabaldu zuen Cerezak.

Iristerakoan bezala, amaierak ere enigma kutsua izan zuen askorentzat; amaiera apoteosikorik ezean, gehiengoak ez zuen ikuskizuna bukatua zela unean bertan jakin eta horrek zapore gazi-gozoa eragin zien askori. Elkarbizitzak, ordea, ez du amaierarik, eta hori islatu nahi izan zuen Cerezak. Hala, zubira gerturatu eta, itzal txinatarren jokoan sartuz, ibaiaren bi aldeak batzen dituenetako bat izatera gonbidatu zituen ikusleak.