Mitina Goierrin, making-of
2015/05/14
Loading player...

Mitina, egundo hauteskunde kanpainetan irauten duen formatua. Urretxu eta Zumarragako EH Bilduko militanteak ordu luzez ibili dira ordu erdia gaindituko ez duen ekitaldi baten prestaketa lanetan; ekitaldira deituz kartelak jarri behar dira, agertokia apainduko duen murala pintatu behar da, hitzartzeak zehaztu behar dira, musika egokia hautatu, megafonia pasa herriko kaleetan...

Azkenean iritsi dira zazpi eta erdiak, iritsi da ordua. Eguzkia lagun, eta aulkiak bere tokian jarrita, protagonista nagusiak diren Oihane Zabaleta Urretxuko alkatea, Ima Albisua Zumarragako EH Bilduren alkategaia eta Xabier Olano koalizioak Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautatu duen hautagaia ekitaldia egingo den plazatxoaren bazter batean elkartu dira, euren hitzartzeen inguruan hitz egiteko. Soinu-ekipoak ondo erantzuten duela ziurtatu da, banderak banatu dira, eta hasi da ekitaldia. Hizlari gazteenak ahalik eta hobekien egiten ahalegintzen dira, baina aurrean hamarnaka lagun dituzte eta horrek bere eragina du. Esperientzia gehiago dutenek, aldiz, segituan bereganatzen dute ikusleen arreta.

Familia argazki batekin amaitu da mitina, antolatzaileen lasaitasunerako. Ekitaldian parte hartu dutenak zurito bat hartzera doaz, biharamunean –kanpaina aurrera jarraitzen du– egun gogorra izango badute ere. Orain aulkiak jasotzea tokatzen da, bozgorailuak gordetzea... eta txandak egitea bozken papeletak gutun-azaletan sartzeko.