Erreportajea
 
Gernika Gorroñorentzat, eta Busturialdea EAJ-rentzat?

Gernikan bi aukera nagusien artean dago jokoa igandean, EH Bildu eta Gorroño-EAJ tandem berria. Praktikan jarritako udal «irekia, hurbila eta gardenaren» ondoan, Gorroñok bide berri bat hartu du: «susperraldi ekonomikoarena», interes gehiago daukana?

Nerea GOTI|GERNIKA|2015/05/22 10:32
Atutxa_gorrono
Itxaso Atutxa EBBko presidentea eta Jose Maria Gorroño, akordioaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Igandeko hitzorduak zalantza ugari argituko ditu Gernikan. Jokaleku berezi batean dago bertako panorama politikoa, azken lau urteotan alkate izan den Jose Maria Gorroñok berriro zerrendaburu izango ez zela jakin zuenetik. Askok talde independentea sortuko zuela espero arren, inork gutxik pentsa zezakeen goizetik gauera urteetan aurrean hortzak estuturik izan duen EAJren eskua onartu, eta lau egunetan elkarrekin Gernikarentzako proiektu politiko ezagun bat osatuko zutela. Harrigarriagoa suertatu zen bi aurkari politikoen arteko ituna, Gernikako EAJk jada aurkeztuta zeukalako alkategaia, Maria Uribe, orain Gorroño buru duen zerrendako bigarrena izatera pasatu dena.

Herrian ezagunak dira Gernikako jelkideen artean Bizkaiko EAJk hartutako erabakia irensteko izandako arazoak, gogor kritikatu duten Gorroño zerrendaburu onartu eta etxekoek izendatutako zerrendaburua bere atzetik bigarren ikustean. Ondoriorik izango du hautetsontzietan?, boto aldaketarik agian ez, baina maniobrak abstentziorako joera handitu lezakeela uste da. Ikusteko dago, bestalde, Gorroñoren estrategiak zenbat boto kentzen dion koalizio independentistari. Kontuan hartu behar da hasiera batean EAren inguruko jende bat ondoan izan bazuen ere, EAJrekin batera aurkezteak aldeko asko aldenduko zituela.

Orain arteko bidea ala eredu ezaguna

Mezuei dagokienez, koalizioak bide argia zabaldu du azken lau urteetan hurbiltasuna, gardentasuna eta parte-hartzea bultzatuta, eta bide horretan sakontzeko apustu argia egiten du. Gorroñoren eta EAJren arteko akordioa «boterezaleen» arteko hitzarmentzat hartu dute herriko hainbat arlotan. Izan ere, garapen ekonomikoari oso lotuta dago eta ondorioz eskualdean dauden interes ezagunen mamuak astindu ditu. Euzko Abertzaleak-EAJ izena hartu duen esperimentu politikoaren programaren hainbat proiektu udalaz gaindiko instituzioen esku daudela leporatu diote Gorroñori, baina talde berriak konplexurik gabe azaldu du beste instituzioen inbertsioak jasotzeko premiazkoa dela sintonia politikoa.

Gorroñoren hitzetan, «pertsonak eta herria guztiaren gainetik dago», eta datozen lau urteetarako erronka nagusia Gernika eta eskualdearen «susperraldi ekonomikoa» da. EH Bilduko zerrendaburua den Begoña Landak, aldiz, ekonomia pizteko bidean, «krisialdia sufritzen ari den jendearen ondoan» egotearen beharra nabarmentzen du.

Eredu biak herri barruan eta honen mugetatik kanpo dauden egitasmoetan islatuko dira. Herri mailan, ezagunak dira EH Bilduk emandako aurrerapausoak eta horien adibide batzuk dira Pasialekuaren gaineko eztabaida prozesua, baita azpikontratazioak murrizteko hartutako neurriak eta langileak zuzenean kontratatzekoak ere. Adierazgarria da, bestalde, legealdi honetan sindikatuekin adostutako LPZ (udal lanpostuen zerrenda), langileen egoera leheneratzen duena, baina Gorroñoren onespena ez daukana.

Bilduren eskutik urrats garrantzitsuak egin dira lau urteotan Ur Partzuergoa publifikatzeko, azpikontraten negozioa kanporatuz. Hurrengo lau urteek berebiziko garrantzia dute bide horretan sakontzeko. Eskualdean hainbat ahotsek ohartarazi dute Bilbao Bizkaia Partzuergoan sartuta,

Bizkai osoko uraren kudeaketa goxoki bat dela hainbat interesentzat.
Jokoan dago, bestalde, Biosfera Erreserbaren etorkizuna, eskualdearen turistifikazioa, Guggenheim2 museoa edota Muxikako industriagunea. Siglak berriak badirudite ere, Gernikan ezaguna da eredua.

Hauteskundeak BEREZIA

Hauteskundeak Nafarroan

M24 Bilbo

M24 Donostia

M24 Gasteiz