Erreportajea
 
Kanpaina, hamaika kolpetan

Berriketa gutxiko kanpaina izan da udal eta foru hauteskundeetakoa, alderdi guztiek baitute asko jokoan. Hamaika mezu eta lelo ofizial, baina buruan iltzaturik geratu ohi zaizkigunak beste batzuk izan ohi dira maiz.

@iontelleria|2015/05/23 09:40|0 iruzkin

Esan dituzte esan beharrekoak, bete dituzte gure postontziak boto paperez eta belarriak mezuz. Interes asko duenak informazio samalda ederra jaso du, eta halako grinarik ez duenak... baita, aditu behintzat, entzun ez badu ere. Kanpainek arau bereziak dituzte, baina kanpainan behar ez luketenek ere sartu-irtena egiten dute, halabeharrez. Kolpe artean hasi den kanpaina baten hamaika kolpeko laburpena da hau, igande gaueko azken kolpearen zain.

1. Arrastaka

Eurek hala erabaki gabe ehunka euskal herritarrek posta bidezko botoa eman beharrean jarraitzen duten arren, “normal antzekoa” behar zuen halako batean hauteskunde kanpaina honek, alderdi guztien legeztapena, garai politiko berria... “Foru” hitzak berekin burujabetza behar luke; Madrilen jarraitzen dute, ordea, gobernatzen herri honen etorkizuna eta kanpaina betean beste zazpi gazte independentista espetxeratzea agindu du demokratikotik ezer ez duen Auzitegi Nazional espainiarrak. Haren aginduak betetzera Ertzaintza; eta kolore laranja, libertatearen aldekoa eta duintasunarena, nagusi Gasteizko Andra Mari “Laranja”-ren plazan. Kolpeak, bortizkeria, zaurituak eta hiru gazte gehiago espetxera. Igandean demokraziaren festa ospatuko dugu, baina arrastaka jarraitzen du ditxosozko demokraziak; gurean bai, behintzat.

2. Europa jauregia

Gaziari gozoa; kartzelatik bueltan etorri berri denik ere bada. Pablo Gorostiagak zortzi urte egin ditu espetxean 18/98 sumarioan zigortu ostean. Espetxeratu aurretik Laudioko alkate izan zenak parte hartu du kanpainan. Gasteizen, Europa Jauregian izan zen EH Bilduren ekitaldian. Txalo artean hartu zuten bertaratuek eta muxuz erantzun zien berak.

Halako samurtasunik gabekoa izango da, noski, Araban lehia. Horren lekuko edo, egun eta ordu berean Javier Marotok ere bertan egin nahi zuela mitina, bere nagusiarekin, gainera. Mariano Rajoyk ezin izan zuen, ordea, Europa jauregia baliatu, epaitegiek ez baitzuten ontzat eman PPren argudioa: 2011n boto gehiago izan zituztelako eurei zegokiela jauregia erabiltzea lehentasunez, geroago eskatu arren.

3. Berta-bertakoak

Rajoy beraz gain, PPren zuzendaritza guztia ibili da batera eta bestera kanpainan, baita Euskal Herrian ere, eta, itxuraz, ez soilik euren alderdiaren defentsan. Izan ere, Iruñean bat egin zuten Yolanda Barcinak eta Enrique Maya UPNren Iruñerako alkategaiak Javier Arenas eta PPren Nafarroako hainbat ordezkarirekin. Badirudi antzeko adeitasunez jardungo dutela igandekoaren ostean ere UPNk eta PPk. Jose Javier Esparza hautagaiak dioen aldaketaren alderdien «kaosari» aurre egiteko elkarlanerako prestutasun osoa baitute. Agoitz zulo beltzean utzi zuenak “Navarrisimo” leloari helduta egin du kanpaina, berta-bertakoa bera dela adierazi nahian edo, ez duela Nafarroa Euskal Herrira «salduko» ezker abertzaleak egingo lukeen bezala. Rajoyk Iruñean «Nafarroa foral eta espainola» aldarrikatu zuen, ustezko bertakoek eta ustezko hangoek uste handirik gabe gobernuari heltzearren bat egingo dutela nabarmen adieraziz.

4. Datozenak

Ez da “Navarrisimo”-ak Diputazioaren sarreran lauzpabost autoren aparkatzeko lekua hartuz jarri zuen kamioiaren neurrikoa, baina askoren arreta eragin zuen Podemosen kamioiak Iruñean, “L” eta guzti baitzegoen. Hauteskunde hauetan ikusmin gehien sortu duen gaietako bat da alderdi berriek izango duten babesa. Nafarroa Garaian aldaketarako gakoetako bat izan daitezke Podemos eta Ciudadanos. Lehenaren kasuan herri eta hiri askotan babestu dituzten zerrendek ere alkatetzak erabaki ditzakete, nor den nor asmatzen erraza ez den arren. Irabazi izenaren baitan batu dira lehendik ezagutzen genituen indar ezkertiarrak, kasuren batean Podemosek egin du bat zerrenda horiekin eta badira izen berbera baina ordena ezberdinean dutenak ere. Zenbaketan ez dadila nahasmenik izan behintzat, eta botoek erabaki dezatela nor den nor, ikus dezagun hasiberriaren txartela kentzean eskuineko ala ezkerreko karriletik doan kamioi berria.

5. Badoazenak?

Alderdi berrien fenomenoarekin zaharren gainbehera etor daiteke. Ez dituzte aurreikuspen oso onak PSOEren Hego Euskal Herriko sukurtsalek. Azken urteetan erakutsi duen ezinak, eta Ferrazekiko loturak, gaitz dezente eragin diezaioke PSNri. Aldaketaz mintzo diren alderdiek ez dute Chiviteren alderdiarekin ezer jakin nahi, eta besteei badirudi ez zaiela komeni bidelagun gisa aipatzea. Beraz, isil antzean pasa dute kanpaina. Horregatik, agian, PSNren Iruñeko Udalerako hautagaiak, Maite Esporrinek, ahalegin berezia egin du jendeak begira diezaion. Hartara, yoga saioa antolatu zuen kanpaina abiatzeko eta “gauteke” moduko festa bat astearte buruzuri batean. Ez dakigu zenbat lagun izan zituen festan, ezta igandetik aurrera jardun politikorako zein bidaia lagun hartuko dituen ere.

6. Ez direnak joan

Inkestak ez dira hobeak PSErentzat beste herrialdeetan. Hala ere, «Gipuzkoako alkate» izan nahi duela adierazi du Denis Itxaso ahaldun nagusi izateko hautagaiak. Aginte makila ere jaso du kanpainan zehar, Errenterian eta Odon Elorza Donostiako alkate izandakoaren eskutik. Alkate ohien ekitaldia zen, alkate berriak bultzatzeko edo. Presentzia nabarmena izan du orain Madrilen diputatu lanetan dabilenak. Zalantza sortzeraino, Donostiako Udalerako hautagaia Ernesto Gasco den ala bera. Hauteskundeak galduta joan zen Madrilera Elorza, kanpainakoak ikusita joan-joan ez dela erabat joan dirudien arren.

7. Ez doazenak

Botoa emanda joango ez direnak guardia zibilak dira. 171. urteurrena ospatzera etorri zen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa gurera eta garbi adierazi zuen bere asmoa: «Guardia Zibila ez da inoiz joango Euskal Herritik». Elkarrekin ikusi genituen dotore-dotore ministroa bera, Javier De Andres, Javier Maroto, Carlos Urquijo (nola ez) eta Letizia espainiar erregina. Azken horren lehen ekitaldi militarra zen, gainera, eta hara non egingo eta gurean. Hala ere, argazkian protagonista nagusia Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ordaindu eta erreginak Guardia Zibilari oparitu zion banderatzarra, 60.000 euro inguruko kostua izan zuela salatu zuten poliziek eurek, Espainiako Gobernuak gerora ez zela horrenbeste izan esan arren.

Ez dira denak albiste onak izan, ordea, guardia zibilentzat. Iruñean kezkatuta dabiltza, antza, euren tenienteak botoa ematera uniforme eta guzti joateko agindua eman baitie. Bere buruari “konfidentzial” izena jarri ohi dion hedabide horietako baten arabera badira botoa ematera joango ez diren “txapelokerrak”, Hiriburu nafarreko alde zaharrean bizi omen dira, eta, «abertzaleen gertukoak hara-hona» ibiltzen direnez, ez dute botorik emango.

8. Betikoak berdin

Berdez jantzitakoen botoak espero gabe hasi zuen EAJk kanpaina Gasteizen. Eusko Alderdi Jeltzalearen kargu nagusiek eta Gasteizko eta Arabako hautagaiek elkarrekin egin zuten gizon arteko argazki familiarra kanpainako lehen egunean. Alkandora, txaketa, prakak... bostak berdin jantzita. «Zertarako aldatu ondo dabilena?», pentsatuko zuten, arrazoiz, jeltzaleen kanpainaren diseinatzaileek.

Kanpainan, ziur aski, lehia eta ika-mika gutxien Bizkaian izan da eta ezusteko handia behar luke Sabin Etxeko alderdiak sustorik izateko. Ustelkeria zantzuak agertu zaizkie Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; “kasta”-koen taldean sartu eta beherakada izateko moduko ezaugarriak badituzte... baina ez dirudi hauteskundeetan boto gutxiago jasoko dituztenik; alderantziz, orain lau urteko emaitzak hobetzeko aukera ere badute, ia inkesta guztien arabera.

Kuriosoa da, hala ere, nola egin duten bat euren gaztelerazko mezuan EAJk berak, PSOEk eta PPk. Hacer aditza baliatu dute hirurek ere. Eurena egitea dela horrenbeste esan beharrak inork eskatu gabeko aitzakia dirudi; latinezko excusatio non petita, accusatio manifesta haren bidetik datorrena.

 

9. «VIP» zinegotziak

Hala ere, ez da harritzekoa izango askorentzat leloan bat egin izana. Ez baita leloa soilik batzen dituena. Bilbo adibide. EH Bildu dabil denei belarritik tiraka, eta denak koalizio abertzaleari, noski. Udalean elkarlanean aritzeko prest daudela esatera iritsi dira EAJ, PSE eta PP.

Agian, haserre daude, opera eta zezenketak ikusteko sarrerak debalde jasotzea salatu duelako EH Bilduk eta uko egin dielako sarreroi. Dezenteko ika-mika izan da horrekin. EAJren alkategaiak, Juan Mari Aburtok, esan zuen gezurra zela independentistek uko egiten zietenik doako sarrerei, gustuko ez duten espektakuluren baterako denean soilik egiten dutela. Berehala erantzuna Bilduren udal taldeak, 2012ko ziurtagiria eskuan. Aburtok helduleku izango zuen, agian, Bilboko zezen plazarako koalizio ezkertiarrak aurkeztu duen alternatiba. Baina, uko egindako sarreren artean Athleticen Kopako finala ere badago, eta nork ez du Bartzelonan egon nahi hilaren 30ean? Boterean direlako “VIP” gisa finalera joate horrek ez zien grazia handirik egingo sarrera gabe geratutako bazkideei.

10. Pepe Mujica

Izan ere, «botereak ez ditu pertsonak aldatzen, egiaz direna erakusten du», Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiak dioen moduan. Opor giroan etorri da Euskal Herrira, ia bisita ofizial itxura hartu duen arren.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarekin egon zen eta Amaiurren eta EH Bilduren hainbat ordezkarirekin ere bai. Astigarretara zetorren, hala ere, berriki jakin baitu bere sustraiak bertan direla.

Izandako bisita eta agerraldien artean nabarmentzekoa Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin izan zuena. Dezente zabaldu da sarean honako argazkia: Izagirre bera gidari, Pepe Mujica alboko lekuan eta Lucia Topolansky atzeko eserlekuan. Igeldora bidean ziren denak, Donostiako alkatearen etxera bazkaltzera joatekotan. Mahaiaren bueltan ere ikusi ditugu diren bezala. Erakutsi dute denak ez direla berdinak; «botereak ez ditu pertsonak aldatzen, egiaz direna erakusten du». Hori bera.

11. Aupa Oion!

Aitortu behar da, hala ere, betiko batzuen falta sumatu dugula. Carlos Iturgaitzik gabeko kanpainak ez dira gauza bera, ezta Antonio Basagoitirik gabekoak ere. Iñaki Azkuna bera ere joan zen, bere itzala kanpainan ere agertu den arren. Eskerrak PPkoen eskutik baden eskola! Dudarik gabe kanpainan zeresan handiena eman duen bideoa da Oiongo PPrena. Ruben Garrido alkatea buru duen parerik gabeko dantzari eta abeslari taldea protagonista.

Hauteskunde gaua Nafarroara begira pasako dugu, aldaketarik baden ala ez, eta nolakoa den; Araban lehenengo indarra zein den eta ia PPk bertan ere behera egingo ote duen zalantzan, Bizkaian EAJren hegemoniari koskarik kenduko ote dion inork eta hurrengo urteetarako oposizioa EH Bilduren baitan geratzen ote den; Gipuzkoan berriz olanotarren dema eta aldaketaren berrespena jokoan... Hala ere, kasu Oioni, halako bideo bat argitaratu eta hauteskundeak irabazteko gai bada PP, zer pentsatua izango dute hauteskunde kanpaina nahiko motel hauek aztertu eta diseinatzen dituztenek. Alea jacta est!

Hauteskundeak BEREZIA

Hauteskundeak Nafarroan

M24 Bilbo

M24 Donostia

M24 Gasteiz