Azazkal zikinak izatearen harrotasuna, Savage Cinemaren eskutik

Savage Cinema sailak akzio-kirolei eskaini ohi dizkio bere filmak. Aurten, motorren zaleak dira zorionekoak, gai horren gaineko bi maisulan eskainiko dituztelako datozen egunetan. «On any sunday - the next chapter» Bruce Brownek egin zuen dokumental historikoaren bigarren zati moduan sortu du haren seme Dana Brownek. «The greasy hands preachers»-ek, berriz, motorrak egiten dituzten pertsonengan jartzen du begia.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA|2014/09/26 11:24
Savage_zinema
Savage Cinemako partaide batzuk. Aurrean, erdian, Bruce Brown Impostor motorraren alboan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

«Azazkalak beltzak, koipez zikinduta, izatea ez da lotsagarria, harrotasunerako motibo da», aipatu zuen Fred Jouden «The greasy hands preachers» filmeko protagonistetako batek. Honakoa Savage Cinema saileko aurtengo film nagusia da eta gaur gauean eskainiko dute Kursaalen, gauerdian. Emanaldi berezia izango dela iragarri dute, nahiz eta xehetasunik ez duten eman. Beste emanaldi bat izango da bihar, 18.30ean, Antzoki Zaharrean.

Saileko arduradun Sancho Rodriguez atzo goizean bildu zen sail honetan eskaintzen ari diren sei filmetatik lautako protagonistekin. Orain arte «Dranger Dave» eta «Days of my youth» ikusi ahal izan dira Donostian; lehena, skate-ari buruzkoa eta bigarrena, snowboarda ardatz duena. Gai bera dauka «Higher», Steve Jones eta Todd Jonesek zuzendutakoa. «Jeremy, gure anaia txikiari buruzkoa da. Massachusettsen hasi zen, ia mendirik ez dagoen lekuan, eta Himalaiako zortzimilakoetako maldetan behera jaitsiz amaitu du», azaldu zuen Todd Jonesek.

Mendia da «Valley Uprising» lanaren muina ere; 60ko hamarkadan Yosemiteko (Kalifornia) parke naturalean dauden pareta erraldoietan sortutako arroka eskaladari buruzkoa da. «Ahalik eta jende gehiena erakartzen ahalegintzen gara. Eskaladaren historia ikuspegi zabal batetik azaltzeko ahalegin bat da filma, guztiekin partekatu ahal izateko», nabarmendu zuen Peter Mortimer zuzendariak.

Alabaina, saileko filmik deigarriena «The greasy hands preachers» da, Clement Bauvaisek eta Arthur the Kersausonek egindakoa. Film honek eskulanaren berpiztea aztertzen du. «Eskuz egindako lanak zoriontasuna ematen du. Kasu honetan motorrak dira, baina edozein gauza izan zitekeen. Eta lanaren ostean gozatzeko ordua iristen da», aipatu zuen The Kersausonek. Bere kidearen esanetan, berriz, «protagonistekin denbora igarotzean konturatzen zara euren garajean ikusten dena baino askoz gehiago dagoela».

Familiartean

Motorrekin zerikusi zuzena duen beste filma «On any sunday - the next chapter» da, Dana Brownek zuzendurikoa. Bere aitak, Bruce Brownek, «On any sunday» estreinatu zuen 1971. urtean. Mundu osoan zehar sekulako arrakasta izan zuen motoei buruzko lan honek eta, ordutik dokumentalen artean klasiko bat da.

Bere semeak, film horri jarraipena eman nahi izan dio bigarren zati hau eginez. «Motorren munduaren isla da, profesionalen zein zaleen ikuspegitik begiratuta», azaldu zuen laburki zuzendariak. Robbie Madison da sekulako akrobaziak egiten ikus dezakegun motor pilotoetako bat: «Harro nago film honetan aspalditik amesten nuen saltoa egin ahal izan dudalako. Espero dut etorkizunean lan hau ere klasiko bilakatzea».