Oriol Clavera
Uhinen erritmo lasaian

Toscanako Uharteak

Italiako kostaren aurrean dauden zazpi lur pusketa hauek, Toscana zinematografikoaren eta Korsika eta Sardinia menditsuen erdibidean, mapako puntutxo batzuk baino askoz gehiago dira. Gure bidaiaren eskala eta helmuga ditugu. «Onas» belaontziaren oihalak bilduz eta zabalduz iritsi gara haietako batzuetara, eta uhinen erritmo lasaian ezagutu ditugu.

Hiru kolore, laurogeiko hamarraldiko film italiar batekoa dirudien eszenarako. Imajina ditzagun: zeru garbi baten urdin bizia, udako egun bero eta sargori baten arratsalde erdikoa, esate baterako. Uharte menditsu baten erdi-erdian dagoen herri txiki bateko elizaren krema-kolorea: Elba uharteko Marciana herrian, adibidez, mapan zehatzago kokatzeko. Eta zur zahar eta ilunezko bi ate dituen antzinako etxe baten zuri grisaxka… Hiru egun behar izan ditugu hona heltzeko.

Kontinentetik Capraiara. Ostian ontziratu gara –itsasoaren faltan, Erromako portua den hirian–, “Onas” belaontzian. Hogeita lau orduko itsasaldia. Ipar-mendebaldeko haizea zela eta, zeharka joan behar izan dugu, harik eta, lau bat orduren buruan, eguzkia jada ezkutatzera zihoala, haizea baretu eta motorra piztu behar izan dugun arte. Gure lehen helmuga oraindik urruti dago eta guardiak egin beharko ditugu gaur gauean. Italiako kostan iparraldera eginez, gauez heldu gara Civitavecchiaren paretsura. Trafiko handiko portu horrek –etengabekoa da ferryen, merkataritza ontzi eskergen, eta ur hauetan lan egiten duten arrantza ontzien joan-etorria– ernai egotera behartzen gaitu.

Giglio uhartea ageri da ababorrean, goizeko bostak aldera; eguna zabaltzeko oso gutxi falta da Mediterraneoko alde honetan. Goiza, berriro ere, beroa dator. Capraia –hamabost bat miliatara, branka aldetik– lausoturik ikusten da eta iritsi ezina dirudi; esan liteke izara batek estaltzen duela, inor bizi ez den etxe zahar bateko altzaria bailitzan. Korsika ere ababorrean dugu eta Elba istriborrean. Italiarrek foschia deitzen diote behe laino horri, katalanek calitxa, eta euskaldunok gandua. Bi ordu geroago, azkenean, Capraiaren hegoaldeko itsaslabarren aurrean bota dugu aingura; atseden apur bat hartu, pixka bat freskatu eta itsasaldiko olaturik gabe gosaltzeko aprobetxatu dugu.

Capraia, 19 km koadroko azalerarekin, Toscanako uhartediko hirugarrena da, luze-zabalari dagokionez. Antxoa ospetsuak dituen Gorgona uhartearen hegoaldean dago, eta urrunago geratzen zaio Italiako kosta Korsika baino, 16 miliatara baitu azken uharte hori. Livornorekin lotzen duten ferry bakanen eguneroko bisitak badu hemen bere garrantzia. Edo, hori dirudi, behintzat. Udatiarrak eta bertako biztanleak biltzen dira kaian, familiako norbaiten zain daudenak eta ez daudenak. Bi suhiltzaile, jeep baten ondoan, atzera samar; agintari uniformedunak; alkatea, marinelaren gurasoak… Zer axola dio? Onena, segur aski, nork bere gidoia imajinatzea da.

Hamar minutuko kontua da Capraia Isolara –uharteko herri bakarra– igotzea. Moilatik igotzen den errepide laburrak herriaren erdi-erdira garamatza. Eliza aurreko plazara –herritarren eta udatiarren biltokia– ematen dute herriko kale apurrek. Behin hori ikusi ostean, lurraldeak eskaintzen digun trekking edo ibilaldiren bat egitea izango dugu onena. Paisaia sumendi jatorrikoa da eta Mediterraneoan ohikoa den maki izeneko landare tapizak estaltzen du, oso han-hemenka, pinudi txiki batzuk tartekatzen direla. Monte Penne izenekora igotzen bagara, uhartearen panoramika zoragarria bistaratuko zaigu eta, suerte apur batekin, Korsika ere ikusiko dugu. Handik jaitsita, 1986 arte abian egon zen presondegitik igaroko gara.

Ordubete baino gutxiagoan –orotara, ia lau ordu eman ditugu– portura iritsiko gara berriro, goizeko hamaikak aldera. Garai egokia da zerbait jan eta Elbara abiatzeko.

Elba, Toscanako uharteetan handiena. Capraiatik Elbara, zenbait ordutako itsas bidaia egin dugu. Begien aurrean izan dugu bidaia osoan, 37 milia baizik ez baitago Capraiatik. Portoferraiora goaz, Elbaren hiriburura, zeina 1548an sortu baitzen, Florentziako Kosme I.a dukearen aginduz. Badia handian sartu gara eta ezin esan toki lasaia denik, Piombinora doazen eta handik datozen ferryen joan-etorriak ez baitu atsedenik hartzen. Eta txoko batean, portua, laukizuzen perfektu bat, aiztoarekin uharteari ebaki izan baliote bezala. Ekialdetik, Linguella gotorlekuak babesten du kaia. Eraikin horretan, Martelloren dorre hexagonala ez ezik, Museo Arkeologikoa bisita dezakegu. Mendebaldetik, berriz, goian, Mediceeko gotorlekua du. Ilunabar zoragarriak ikus daitezke Mediceeko harresietatik, eguzkiaren azken printzek hiriaren alde zaharra argitzen dutela.

Portoferraioko kalexka ia guztiak aldapatsuak dira. Hango kaleetan lasai paseatzea modu egokia da txoko ezkutuak aurkitzeko: arropa zabalduta nonahi, giroa freskatzen duten landareak eta irudi erlijiosoren bat edo beste izkinetan. Hirigune historikoaren iparraldean, punturik gorenean, Napoleon Bonaparteren egoitza izandako bi etxeetako bat aurkitu dugu, uharte honetan igaro baitzuen Napoleonek bederatzi hilabeteko luxuzko desterrua. Moilako giro jendetsura biltzen dira, ilunabar aldera batik bat, herritarrak zein udatiarrak (italiarrak gehienak), terrazaren batean zerbait hartzera edo, beste gabe, portuan lotuta dauden ontzien ikusmiran.

Baina Elba Portoferraio baino askoz gehiago denez –ez da alferrik Italiako hirugarren uharte handiena, Siziliaren eta Sardiniaren atzetik–, egun pare bat beharko ditugu dena korritzeko. Arrain forma bitxia du, airetik ikusita, eta uhartearen barnealdea menditsua da. Mendebaldean dagoen Capanne mendia da, 1.018 metroko alturarekin, uhartedi osoko tontorrik garaiena.

Handiena denez, segur aski, turismo eskaintza zabalena duen uhartea da. Hala ere, ez du zerikusirik (hondartzako gune jakinen bat kenduta) Mediterraneoko hainbat txokotan aurki dezakegun turismo suntsitzailearekin. Hemen, oraindik, arnas daiteke bertakoen eguneroko bizimodua. Gizon talde bat hizketan edo, denbora pasa, beste gabe, igande eguerdian, txokoren batean. Edo emakume batzuk tabernan kafea hartzen, plazaren batean.

Uharteko herri gehienak itsasertzean daude, bizpahiru kenduta: Rio nell’Elba, uhartearen ekialdean, eta, batez ere, Poggio eta Marciana, mendebaldean, mendi eta baso artean kuzkurturik, beste ikuspegi bat eskaintzen digutela. 375 metroko garaieran dago Marciana, Capanne mendiaren (teleferikoz igo daiteke tontorrera) magalean, ia oinean. Erritmo pausatuagoa nabaritzen da hemen. Horixe da, agian, kanpotarrok bilatzen dugun erritmoa. Beroa eta maldak direla eta, arnasa apur bat berotuta, kale estu eta bihurrietan galtzen gara: eskailera batzuk hemen, igoera bat han, lorez apaindutako beste txoko bat…

Giglio eta Giannutri. Elbak badu egun batzuetarako zer ikusia, baina bidaiariaren denbora mugatua izaten da askotan. Horregatik, berriro bidaldiari ekinik, ipar haizeak lagun genituela, eroso eta bizkor iritsi gara 2012ko urtarriletik ospetsu bilakatu den Giglio uhartera. “Costa Concordia” ontzi erraldoia hondoratu zeneko tragedia gorabehera –kontuan izan behar da askoz larriagoa izan zitekeela–, istripu hura benetako pagotxa bihurtu da uharteko biztanleentzat. Ordutik denbora dezente joan bada ere, barku ikaragarri hori erdi hondoratuta dago oraindik, portuaren sarreratik hurbil, eta hura berriro flotarazteko ardura duten enpresak lanean ari dira jai eta aste. Jakina, portuaren erdia edukiontziz josita dela, eta kalaren batean aingura botatzeko itsaso aproposa ez dagoenez, Giannutrira jarraitzea erabaki dugu.

Ilargi erdi baten antzeko itxura du, airetik, Toscanako uharteetan txikiena den Giannutrik. Parke natural izendatuta dagoen uharte honek herrixka baten itxurako turismo-gune dekadente bat du. Politena, zalantzarik gabe, itsasoan dago. Kala lasaiak, oso egokiak bainu bat hartzeko eta itsasoaren hondoa murgilean begiesteko. Lehorrean, parke naturalaren izendapena, batez ere, karteletan nabarmentzen da, inora mugitzea galarazten duten iragarkiz josia baitago.

Beste bi uharteak, Pianosa eta Montecristo, presondegi eta ehiza-esparru izan dira, hurrenez hurren. Biztanle egonkorrik gabe eta nonahitik urrun, beste bost uharteekin batera, Toscanako Uhartediko Parke Nazionala (itsasokoa eta lehorrekoa) osatzen dute. Liguriako itsasoaren eta Tirrenoaren artean kokaturik dauden zazpi uharteotan ibili gara, belaontzian, batetik bestera aldatuz, eta oraindik beren xarmari eusten dioten paisaiak eta jendea aurkitu ditugu.