2015/12/06

Erreportajea
GURE ESPEZIeAREN ETORKIZUNA
Gizatiarrago izateko makinak?

Etorkizuna beti izan da erantzun argirik gabeko galdera erraldoia. Are gehiago teknologia berriek bizitza eta aldaketak neurririk gabe azkartu dituzten garai hauetan. Baina pentsatu dugu inoiz teknologia berriek bizitza mantsotzeko aukera ere eman dezaketela? Lorenz Potthast diseinatzaileak, galdera horren erantzunaren bila, «Abiadura Moteltzeko Kaskoa» asmatu zuen iaz. Buruan jartzen den etorkizuneko eskafandra moduko bat da Potthasten asmakizuna, errealitatea kamera geldoan ikusteko aukera ematen duena.

Beñat Zaldua
7k880humansf01handia

Komeni da halako bonbilla erraldoia buruan jartzea, sinbolikoki bada ere, etorkizuna irudikatu eta bere inguruan espekulatzen hasteko. Kontuan izanda, betiere, «espekulazioaren balioa ez dela iragarpena, hausnarketa baizik». Hala dago nabarmendua “+Humans” erakusketaren sarreran, apirilaren 10era arte Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan (CCCB, katalanez) ikus daitekeena. Bertan dago Lorenz Potthasten gailua, etorkizunari forma ematen saiatzen diren artelan eta produktu zientifikoen artean. Probokazio bat diruditen produktu errealak eta benetako gailuak diruditen performance probokatzaileak tartekatuz, parodiaren eta errealitatearen arteko muga fina behin eta berriz gurutzatuz eraikitako erakusketa da Dublineko Science Gallery-tik ekarritakoa.

Laborategietatik urrun, Jacob Peter Gowy XVII. mendeko margolari flandriarraren “Ikaroren erorketa” koadro handiak ematen du ongietorria. Dedalok eta bere semeak, Ikarok, Kretako labirintotik ihes egitea lortu zuten argizariz itsatsitako hego batzuei esker. Airean egonda, baina, Ikarok aitaren gomendioa alde batera utzi eta eguzkira gehiegi hurbildu zen. Beroak hegoetako argizaria urtu eta lurrera erori zen gaztea. Komeni da Ovidiok “Metamorfosiak” lanean jasotako kondaira gogoan edukitzea erakusketa osoan zehar: gizakiak berez dituen ezintasunak gainditzeko grina zaharra da, baina kontuz, muturrekoa hartzeko arriskua ez da txikia.

Grina zein zaharra den frogatzeko, XVI. mendeko protesi batzuekin jarraitzen du erakusketak. Ondoan gaur egungo protesi ez hain desberdinak ikus daitezke, baina elkarren artean zerikusirik ez duten bi proiekturekin aurkeztuak: “Low Cost Prothesis” eta “The Alternative Limb Project”. Lehenengoa WAAG elkartearen proiektua da, lekuan lekuko material eta ezagutzara moldatuta 50 dolarreko hanka ortopedikoak diseinatzen dituena. Bigarrena, antipodetan, Sophie de Oliveira Barata protesi diseinatzailearen proiektua da. Gorputz atalen bat anputatuta daukaten pertsonei protesiaren bidez adierazteko aukera ematen die De Oliveirak. Ezkutatu eta disimulatu beharrean, protesiak pertsonaren izaera proiektatzeko tresna bihurtzen dira proiektu honetan. Emaitza deigarri bezain garestia da gehienetan. Eta kontrastea, ezin argiagoa: 50 dolarreko egurrezko protesia, harribitxiz estalitako hanka ortopedikoaren ondoan. Norberak aukera dezala zein etorkizun nahiago duen.

Edonola ere, protesiak ezintasun fisiko bat gainditzeko pentsatuak izan dira beti, bai XVI. mendean, baita gaur egun ere. Baina zer gertatzen da gorputzean egindako esku-hartzeen atzean estetika baino ez dagoenean? Regina Jose Galindok 2005ean “Recorte por la línea” proiektua aurkeztu zuen erantzun gisa. Venezuelako kirurgialari ospetsuenetakoa den Billy Spencerek Galindoren gorputz biluzian marraztu zituen, kolore desberdinetako arkatzekin, egun Mendebaldeko edertasunaren kanonaren araberako gorputz bat lortzeko egin beharko lituzkeen interbentzio guztiak. Ezinezkoa suertatzen da begiak gero eta gehiago zabaltzea Galindoren gorputza zirriborro bihurtzen dela ikusi ahala.

Pixka bat harago, Matt Kenyionek eta Douglas Easterlyk sortutako “Enpatia Gailu Inprobisatua” (IED, ingelesezko siglekin) dago. Besoan jartzen da aparatua eta Iraken soldadu estatubatuar bat hiltzen zen bakoitzean orratz batekin ziztatzen du. Inbentoak orokorrean erakusketaren gaitz bat nabarmentzen du: munduari begirada mugatu eta partziala, probokatzailea izan arren sistema kolokan jartzen ez duena. Enpatia ez da herri irakiarrarekiko, hildako soldaduarekiko bakarrik baizik. Hala izanda ere, baliozko galdera uzten du artelanak mahai gainean: enpatia sentitzeko gailu bat beharrezkoa izanen da? Alegia, gizatiarrago izateko makinak beharko ditugu?

Eta tamalez egiazkoa dirudien gailutik, gezurra dirudien benetako ziborg-era. Neil Harbisson koloreak ikusteko ezintasunarekin jaio zen. Trukean, entzumena «normaltzat» ulertzen duguna baino askoz ere garatuago dauka. Ahalmen hori aprobetxatuta, bere burmuinera konektatutako antena bati esker kolore bakoitzaren uhin frekuentzia jasotzen du. Harbissonek ez ditu koloreak ikusten, entzun egiten ditu.

Muga fin bat. Harbissonek munduko lehen ziborg gisa aurkezten du bere burua, gizakia izateari utzi gabe makina ere baden izakia. Berak ematen dio ongietorria erakusketaren bigarren zatiari: “Besteekin topatzea”. Ondoko paretan hamaika kaskezur teknologiko topatzen ditugu, begien mugimenduarekin ikuslearen pauso bakoitza jarraitzen dutenak. “Area V5” instalazioa da, eta ezinezkoa da bere aurretik pasatu eta robotek kontrolatutako mundu batean ez pentsatzea.

Atal honek aspaldi planteatutako paradoxa bat islatzen du, nahita edo nahi gabe: gizakiak bezalakoak diren makinak asmatu nahi ditugun bitartean, gizakiok makinak bezala funtzionatzen dugu gero eta gehiago. Hala, makinen atalean, Heidi Kumaok diseinatutako «robot bihurriak» daude, gaizki portatzen diren makinak. Eta bere ondoan “Benetako maitasuna”, programa informatiko errusiar batek idatzitako liburua. “Anna Karenina”-ren bariazio bat, Haruki Murakami idazlearen estiloarekin. Programa informatiko bat maitasunari buruz idazten.

Eta bestaldean, gizakien atalean, DNA bateragarritasun proba, bikote batek etorkizuna daukan edo ez jakiteko asmatutakoa. Berriro ere, probokazioa dirudien benetako produktu bat da. Instant Chemistry eta genomika komertziala garatzen duten enpresa batzuek jada merkatuan saltzen dituzte horrelako produktuak. DNA proba horren ondoan, “Urruneko Harremanetarako Teledildonika”. «Edozein lekutan dagoen edozein pertsonarekin kontaktu intimoa» lortzeko gailu gisa saltzen da. Bi zati ditu asmakizunak: batean zakila sartzen da. Bestea sentsorez betetako kontsolagailua da. Leku desberdinetan egonda, batek dildoari egiten diona nabari dezake besteak zakilean. Hala saltzen dute behintzat. Edozein kasutan, egia izanda ere, kontaktu intimoa zakildunak bakarrik nabari dezake. Bestearentzat betiko dildo bat baino ez da asmakizuna.

Zer etorkizun planetarik gabe? Hirugarren atalean erakusketak gai saihetsezin bat jorratzen du: gizakien biziraupena planeta gero eta hondatuago batean. Baina betiere interesgarria den erakusketa hemen iristen da kritika falta eta partzialtasunaren gailurrera. Atalaren izenburua adibide ezin argiagoa da: “Ingurua diseinatuz”. Gaur egun kaltegarriak diren produktuak jangarri egiteko proiektuak, edo eguzkiari esker elikatzeko ideiak azaltzen dira atal honetan. Interesgarriak izanda ere, planeta gero eta kaltetuago batean bizirauteko proiektuak dira ia guztiak, inon ez da hondamendi horren atzean dagoen sistema kolokan jartzen.

Salbuespen ia bakarra “Gizon gutxitu sinestezina” instalazio artistikoa da. Obra honetan, Arne Hendriks 50 zentimetroko gizaki baten bizitza imajinatzen saiatzen da. Elikagai, espazio eta energia gutxiago beharko lituzkeen gizakia. «Zerk mugitzen du egungo ikerketa genetikoa? Handiagoak edo menperatzaileagoak izaten saiatu ordez, nolakoa litzateke kontsumo premia gutxiagoko gizatasun txikiagoa?», galdetzen du Hendriksek.

Erakusketa “Bizitza bere mugetan” atalarekin bukatzen da, ugalketaren eta heriotzaren inguruan zientziak ireki dituen aukera eta arriskuak jorratuz. Zein punturaino daukagu diseinatzea ume bat jaio aurretik? Zein familia eredu garatuko da 150 urteko bizi itxaropena izanen duten pertsonek osatutako gizarte batean?

Beste galdera batzuk, aitzitik, gizakiak bezain zaharrak dira. Esate baterako: ba ote dago bizitzarik heriotzatik harago? James Auger eta Jimmy Loizeauk galdera hori ikuspuntu berri batetik erantzuten dute “Afterlife” esperimentuarekin. Gorpu batek askatzen dituen elementu kimikoak jaso eta haiekin bateria huts bat betetzea lortzen dute. Hau da, heriotzaren ondoren gorpu batek duen energia pila batean sartzen dute. Eta berriro ere, galdera sorta: zer eginen zenuke literalki hildako lagun edo senideren baten energiarekin? Zer kargatuko zenuke? Zeri emanen zenioke bizitza?

Galderak, galderak eta galderak. Bere partzialtasuna ahaztu gabe, hamaika galdera sortzea lortzen du dudarik gabe erakusketak. Eta hasierara itzuliz, espekulazioaren balioa hausnarketa baldin bada, bikain betetzen dute helburua CCCBen pilatutako artelan, gailu eta produktuek. Beste gauza bat da hausnarketaren emaitza erakusketak izenburuarekin berarekin (“+Humans”) aldez aurretik iradokitzen duena izatea. Zaila baita gizatiarrago den gizarte bat irudikatzea robot bat begira daukazun bitartean.

“Humans. El futur de la nostra espècie” erakusketa Bartzelonako CCCB museoan dago ikusgai 2016ko apirilaren 10era arte. CCCB, Science Gallery (Dublin) eta Trinity College Dublin-en arteko koprodukzioa da. Astelehenean itxita dago. Prezioa: 6 euro. Igandeetan, 15.00etatik 20.00etara musu truk. &hTab;Informazio gehiago: www.cccb.org-en