Joanes Etxebarria
«el hormigón armado» aldizkaria

Zapata-garbitzaileen elkartasun tresna

«Sacachispas», «Mallku», «Baloo»... beraien ofizioaz hitz egitea gustukoa dute gehienek, baina ezizenarekin eta aurpegia estalirik. La Paz (Bolivia) hiriko zapata-garbitzaile asko harro dira beren lanaz, baina jendartean ez denez oso ondo ikusia, ezkutuan lan egiten dute ia denek, kaputxa jantzirik. «El Hormigón Armado» aldizkariaren inguruan, horietako batzuk elkartasun tresna eraikitzen ari dira azken hamar urteetan.

El Hormigón Armado” aldizkaria sortu zutenean, duela hamar urte, zapata-garbitzaileen lana miseriari erabat lotua zen; drogak, alkohola eta lapurreta. Oraindik ere hala dela pentsa daiteke, baina aldizkariaren inguruko antolaketak esperantza izpiak ekarri ditu hormigoizko lurrera. Hiriaren handitasunean, eskala txikiko xedea da, dena den. 60 bat zapata garbitzailek saltzen dituzte bihilabetekariaren 6.000 aleak, eta balio dituen lau bolivianoetatik hiru beraien sakelara doaz zuzen-zuzenean. Azkena, berriz, kutxa batera, osasun larrialdietarako. Baina “El Hormigon Armado” ez da paperera mugatzen. Xede zabala da: bekak, laguntza morala, laguntza juridikoa, janari ekoizpena eta kaletik ateratzeko ezinbestekoak diren beste hainbeste baliabide bermatzen ditu proiektuak.

2008ko errolda baten arabera, 1.300 zapata-garbitzaile zeuden La Paz hirian, eta San Frantzisko eliza pareko garbitzaileen buru den Balooren ustez, gutxiago dira plaza handia zen lekuan merkatu estalia egin zutenetik. Dena den, anitz dira. Elkarteetan antolaturik, sindikatuetan... urteetan ukan duten fama txarra iraultzeko bidean ari dira. Kosta zaie, baina udaletxearen ezagupena lortu dute, baita postu finkoak ere. Haien artean ere arauak jarri dituzte, eta mozkortuta lan egiten duena auzo elkarteetatik kanporatzen dutela diote. “El Hormigón Armado” aldizkariarekin berriz, batzuk urrunago doaz; karrikako lan eta bizitzatik ateratzeko hainbat xede muntatu dituzte.

Sacachispas futbolean duen garragatik deitzen dute horrela, eta Mallkuri ezizen hori jarri zioten indigena aimararen dibinitateari erreferentzia eginez, azkarra delako. Izen horiek erabiltzeko eskatu diote 7Kri. «Bizitzak inposatu digu hau –dio Sacachispasek–. Esan didatenaren arabera, 3 urte nituelarik abandonatu ninduten. 9 urte nituelarik zapata garbitzeko kutxa bat eskaini zidaten eta lanean hasi nintzen». Mallku beste egoera batek eraman zuen karrikan lan egitera: «Ama hil egin zitzaigun. Anai-arreba gazteagoak nituen eta ez genuen jatekorik; beraz, kalean lan egiten hasi nintzen. Kutxarekin sos zerbait irabazten nuen bizirauteko». Azken horrek gaur egun gelatxo bat du alokairuan eta bere emaztea ere zapatak garbitzen aritzen da, beraien haurren beharrak asetzeko.

Emakumeak ere anitz dira karrikan, Sacachispasen erranetan, «gero eta gehiago dira gure kolektiboan, eta horietarik anitz ama dira». Marilys karrikan egoten da egunero bere bi haur txikienak ondoan dituela, bi haur nagusiak autoen berinak garbitzen ari diren bitartean. Marilys gorra da eta burua estali gabe ari da lanean, beste batzuk bezala. Hirian gaindi, han-hemenka, beste emakume batzuk ikus daitezke zapatak garbitzen haurrak beraiekin dituztela. «Ama direnak borrokalarienak dira, nire ustez», dio Mallkuk, «haurrei janaria bilatzen diete eta beti lanera ateratzen dira».

Kaputxa babesleku. La Pazeko berezitasuna da zapata-garbitzaile gehienak, salbuespenak salbuespen, kaputxa jantzirik ateratzen direla lan egitera. Horren zergatiaz galdeturik, askok erantzuten dute ofizioak fama txarra duela eta ezkutuan egon nahi dutela, Mallkuk bezala: «Lehen goxokiak saltzen nituen kalean eta ez nuen burua tapatzen. Baina badira zapata-garbitzaile batzuk edanari emanak, drogari emanak, baita lapurretak egiten dituztenak ere, eta ofizioak irudi txarra du horregatik». Gainera, askorentzat karrikako ofizioa laguntza bat da ikasketak egin ahal izateko, eta ez dute nahi ikaskideek jakin dezaten zertan ari diren eskolaz kanpo.

Sacachispasentzat, berriz, bestelako funtzioa betetzen du kaputxak: «Lotsarik ez. Nik kaputxa Supermanen kapa bat bezala ikusten dut. Janzten dudanean eragin gehiago dudala iduri zait, izan aldizkariak saltzeko izan zapatak garbitzean hitz egiteko». Asko dira, ordea, ikaskideei ez ezik, familiari ere beren ogibidearen berri ematen ez dietenak. Sacachispasek berak onartzen du bere bikotekideak jakin arren, bere familiari ez diola erran nahi zertan ari den. Bere lagun bati gertatua ere kontatu digu. «Nire lagun bati gertatu zaio ikaskide batek ezagutu zuela kalean zapatak garbitzen ari zela; bere bikotekideari esan zion eta ez zuen gehiago ikusi».

Burua agerian dutela zapata garbitzen ari direnak, begi bistakoa denez eta beraiek onartzen dutenez, bi kategoriakoak dira gehienak: batetik, adin batera iritsi eta deus galtzekorik ez dutelakoan kaputxa kentzen dutenak; eta bestetik, kalean bizi direnak, besteen begirada axola ez zaienak. Badira, halaber, zapatak garbitzeko erabiltzen dituzten kremen usain gogorragatik babestu nahian aurpegia estaltzen dutenak, eta kamera aitzinean lasaiki kentzen dutenak kaputxa.

Beste bizimodu baten esperantzan. Burua gorde ala ez, elkarrizketatuak izan diren guztiek beste bizimodu baten esperantza dute. Horretarako, goizak karrikan lanean iragan eta arratsaldean ikastera doaz horietako asko. Lan teknikoak edo goi mailako ikasketak egiten dituzte. Gehienek beren kabuz egiten dute dena, “El Hormigón Armado” aldizkariko kideek, berriz, laguntza handiak dituzte. «Aldizkariak beka bat ematen digu ikasteko. Ateratzen ari dira abokatuak, medikuak, arkitektoak... Bestela, nire kasuan bezala, karrera teknikoak ikas ditzakezu; jostuna izateko ikasten ari naiz», dio Sacachispasek. Mallku lagunarekin arropa denda bat irekitzeko xedea du.

Bi elkarrizketatuak aldizkariaren salmentak dakartzan irabaziekin ari dira ikasketak bukatzen, baina proiektuaren lehentasuna emakumeak dira, bereziki ama direnak, eta adingabeak. Hamargarren urteurrena ospatzeko argitaratu berri duten alean (abendua-urtarrila) ekar ditzaketen laguntzak zerrendatzen dituzte. 60 saltzaile dira, denak zapata-garbitzaileak, baina haien inguruko 200 senideak ere laguntzen dituzte –zuzenean ala zeharka–. Aldizkaria publizitatearen bidez finantzatzen denez erabat, irabaziak aski handiak dira. Hala, haurrentzat ikasketak ordaintzen dituzte, osorik edo hein batean, ikasketetan laguntza pertsonalizatua eskaintzen diete, laguntza soziala ere bermatzen dute langile boluntarioek, elikagaiak ziurtatzen dituzte eta osasun zerbitzuak bermatzen dituzte Arcoiris ospitalearekin duten hitzarmenari esker. Helduek ere badituzte laguntza horiek, baina lehentasunen arabera banatuak.

Aldizkariak ez du haatik nolanahi eskaintzen parada hori. «Familia» bat sortzea du xede hasieratik Jaime Villalobos bere sortzaileak. Horretarako, partaideak kalean bilatzen dituzte lehenik, zapata-garbitzaileen artean, bizi duten egoeraren arabera. Gero motibazioa ere jokoan sartzen da. Aldizkaria saldu ahal izateko, larunbatero tailerretan biltzen dira; kirolak, giza eskubideak, lehen sorospenak, pertsonen trafikoa, osasun sexuala, substantzia arriskutsuen kontsumoa... orotariko gaiak izaten dira aztergai tailer horietan. Instituzio lokalak zein nazioarteko erakundeak (bat aipatzearren, Nazio Batuen Erakundea) hurbiltzen zaizkie gai horietaz formakuntza eskaintzera. Horien helburua, autoestimua garatzea da, maila pertsonalean eta lan eremuan.

Garatuz doan xedea. “El Hormigón Armado” aldizkari gisa da ezaguna La Paz hirian, ez hainbeste karrikako langileei ekartzen dien laguntzagatik. Daturik ez bada ere, azken hamar urteetan pertsona andana batek zapata-garbitzaile lana utzi eta ikasketei esker bestelako lan bati ekin dio, duintasun beteagoa lortze bidean. Karrikan lan eta bizitzen gelditu direnentzat ere, aldizkariak xede berriak abiatu ditu. Horietan originalena agian tour turistikoena da. Auzo herrikoietan zehar hiru oreneko ibilbidea proposatzen dute zapata-garbitzaileek beraiek, gidaren kasketa jantzirik, ongi ezagutzen dituzten kaleetan. Gehienetan, turistak joan ohi ez diren guneetara eramatea da haien eskaintza, bertako ohiturak ezagutaraziz. Auzo horietan ibili den turistak kale estuak, artisauak edo ohitura ezezagunak ikusiko ditu tour berezi horietan.

Beste xede berri bat elikagaiei lotua da, Lak’a Uta parkearen zati bat eman baitzieten aldizkaria daramatenei, baratzea egiteko. Berriki argitaratu den ikerketa batek dioenez, La Pazeko biztanleen %55ek janari eskasia sufritzen dute. Bertan ekoizten dituzten barazkiak zapata-garbitzaileentzat eta beraien familientzat badira ere, «kutsadura» efektu bat ukanen duela espero dute, «erakutsiz ongi baliatutako eremu txiki batetik zenbat janari atera daitekeen».

Elkarrizketatu ditugun zapata-garbitzaileak beste lan batean hastekoak dira laster. Argi dute, gainera, proiektuan libre utziko dituzten lekuak beste batzuek hartuko dituztela. Beste kide batzuek ez dute ikasketarik egiten, baina xedeari esker haien seme-alabek bai. Mallkuk zehazten du, gainera, helburua ez dela soilik lanbidez aldatzea, bereziki haur langileen kasuan: «12 urte nituenean aldizkaria ez zen oraindik hor, ez nekien dirua nondik lortu, lagun txarrekin elkartu nintzen eta bide txarra hartu nuen, hegan hasi nintzen... Aldizkaria agertu eta lehendakariak deitu ninduelarik nire helburua aldatu nuen, zapatak garbitzen hasi nintzen, ikasketak egin ahal izateko. Baina borondatea behar da».

Argibide gehiago: www.hormigon-armado.wix.com