Amaia Ereñaga
SAINT-PIERRE ETA MIKELUNE

Lapurtarrak munduaren amaierara itzuli zirenekoa

Orain 200 urte «La Revanche» fragata Kanadako Ternua uhartetik 25 kilometrora kokatutako artxipelago batean porturatu zen. Saint-Pierre eta Mikeluneko kolonoak etxera bueltan zetozen, Frantziako koroak lurralde hura berreskuratu zuelako. Tartean euskaldunak zeuden.

Munduaren amaiera» deitu ohi zaie inguru hauei eta, seguruenik, horixe bera irudituko zitzaien XV. mendean, baleen eta bakailao-sarden atzetik, bertaraino iritsi ziren Euskal Herriko arrantzaleei. Beharbada, orduko arrantzale ausart haiek ahoa bete hortz utziko lituzke jakiteak gaur egun lurralde hauetan ez luketela mikmak indiar bat ere aurkituko, baina bai Detcheverry, Olano, Artano, Daguerre, Apesteguy edo legassetarrik, euskal jatorriko abizenak ohikoak baitira oso gure kostaldetik 4.000 kilometrora dauden lurralde hauetan.

Munduko azken muturreko euskaldun horiek ez dira, dena den, iraganeko arrantzale haien leinukoak, bakan batzuk besterik ez zirelako bertan gelditu. Gehienak XVIII. mendean, Bidarteko portuaren itxierak bultzaturik, eta XIX.ean zehar Lapurdiko hainbat herritatik emigratu behar izan zutenen ondorengoak ditugu. Euskara gorde ez den arren, gure kultura sustraituta dago muturreko klima duen uhartedi honetan, populazioaren herena euskal jatorrikoa baita: euskal dantzak, pilota partidak –aurten ehun urte beteko duen Zazpiak Bat izeneko pilotalekuan maiz jokatzen direnak, kasu–, lauburuak eta ikurrinak etxeetan... Hizkuntza ofiziala frantsesa da, hauxe Frantziaren menpeko itsasoz haraindiko kolektibitatea baita, baina Saint-Pierre eta Mikeluneko bizitzan indarrik handiena duen kultura identifikazioa euskalduna da. Eta horrela islatzen da artxipelagoan urte osoan zehar gauzatzen ari diren ekitaldietan, 2016ean berrehungarren urteurrena bete baita Saint-Pierre eta Mikeluneko kolonoak bertara itzuli zirela. Baina nondik zetozen?

Koka gaitezen mapan. Egin diezaiogun errepaso txiki bat geografiari: 47 gradu iparraldera eta 56 gradu mendebalderako koordenatuetan kokatuta, Ipar Atlantikoan dago Saint-Pierre eta Mikelune (Saint-Pierre eta Miquelon, frantsesez). Ternuako hegoaldean zehazki, Kanadako kostaldetik 25 kilometrora kokatutako artxipelagoak hainbat uharte txiki ditu, baina hiru dira nagusiak: Saint-Pierre, 26 kilometro karratukoa, biztanle gehien dituena (uhartediko 6.125 biztanletik 5.509 hemen biltzen dira, batez ere hiriburuan); Mikelune (114 km2, 616 biztanle) eta Langlade (91 km2). Ur hauetan Labradoreko korronte hotza eta Gulf Stream-eko korronte ozeaniko beroa gurutzatzen dira, klima subartikoa sortuz; hau da, haizeek eta ekaitzek gogor jotzen dute eta, tenperaturei dagokienez, abuztuan 15,7°C-ra iristen dira; otsailean, ordea, -3,6°C dituzte batez beste.

Biztaleriaren jatorria bretoia, normandiarra eta euskalduna da batik bat, eta oraindik arrantzak ogibidea bilatzeko baliabidea izaten jarraitzen duen arren, turismoa gero eta indar handiagoarekin sartzen ari da, gaur egun Saint-Pierre eta Mikelune bitxikeria dira-eta: SPM –frantsesek hain maite dituzten laburdura eta siglak erabiliz– garai bateko Ipar Amerikan Frantziak izan zituen jabetza handien aztarna bakarra da. «Ipar Amerikako Frantzian» –ezizen hori gustuko dute– euroetan ordaintzen da, biztanleak europarrak dira eta Metropolitik diru laguntzak jasotzen dituzte, eta Kanadatik gainontzekoa... baita turistak ere.

Historia korapilatua. 1816ko maiatzaren 22an eta hilabeteko itsasaldiaren ondoren, “La Revanche” fragata Saint-Pierreko badian sartu zen, barnean 234 bidaiari garraiatzen zituela. Udaberri hartan porturatuko ziren sei goletetako lehena, Frantziako kostaldetik abiatu zen ontziteria arras bereziaren aitzindaria izan zen, pasaiariak Saint-Pierre eta Mikeluneko kolono ohiak zituelako, bi hamarkada lehenago uharteetatik erbesteratuak izan zirenak.

1815ean azken aldiz frantsesen menpe jausi arte, ipar-ekialdeko Amerika osoan eta mendeetan zehar gertatu zen bezala, bi potentzien arteko gatazkaren eraginez artxipelagoa etengabe aldatu zen jabez. 1713an, Utrechteko itunaren arabera, britainiarren esku gelditu zen, gero frantsesei itzuli zitzaien eta 1778an britainiarrek uhartediari eraso eta biztanleak deportatu zituzten: biztanle hauek acadiensak ziren; hau da, ipar-ekialdeko Ameriketako kolonia frantsesetan bizi ziren kolonoak. Quebec baino lau urte lehenago sortua, Acadia gaur egungo Kanadako Itsasoko Probintzietan koka daiteke.

Great Expulsion (ingelesez) edo Gran Dérangement (frantsesez) bezala ezagutzen den Kanporatze Handian 12.000 kolono frantses erbesteratu zituzten, baita haien etxeak erre eta lurrak kendu, Charles Lawrence ingeles koronelaren aginduz, kolono haiek Ingalaterrako Armadaren parte izateari uko egin zuten aitzakiapean. John Mack Faraguer istorialariak «ethnic cleansing» bezala (garbiketa etnikoa) definitu izan du gertakari historiko hori. Gaur egun, beraien burua acadientzat dutenak Kanada eta AEBetako hainbat tokitan bizi dira, New Orleans-eko cajunak barne... eta, era berean, Saint-Pierre eta Mikeluneko biztanleak arbaso dituzte.

Detcheverrytarrak, legassetarrak... Aurtengo ekitaldietan Saint-Pierre eta Mikeluneko biztanleei eguraldiak lagundu ez eta, azkenean, berrehungarren urteurrenaren gertaeren berritzea hilabete atzeratu behar izan zuten. Ekitaldien arduraduna, hara non, Detcheverry bat izan zen, Patricia. Joan den ekainaren 16an egin zuten antzezpena, herriko jendeak garai hartako jantziak soinean zeramatzala, ibilbidea Saint-Pierreko elizan hasi zen... Ipar Euskal Herriko edozein eliza dirudien eraikinetik, alegia.

1902an, sute baten eraginez, eliza berria egiteko agindua jaso zuen Legasse apaizak. Legasse hura izen bereko Basusarriko armadoreen leinukoa zen: urteetan artxipelagoko jauntxoak izandakoak, legassetarrak Lapurdiko azkenengo bakailaoketariak izan ziren. Haien enpresako –“La Moruè Française” deitzen zen– itsasontziak ospetsuak ziren munduan zehar eta XIX.ean, Mikeluneko uhartean 37 itsasontziz osatutako flota bat izateaz aparte, Baionan, Bordelen, Saint-Malon eta Marseillan bulegoak zituzten. Makina bat arrantzale euskaldun itsasoratu zen legassetarren ontzidian. Legassetarrek Pasaiako PSYBEren sorkuntzan parte hartu zuten 1927an... eta leinu honetako adar batetik sortu zen Marc Legasse idazle abertzale amorratua (1918-1997), “Gastibeltsaren karabinak” liburuaren egilea.

SMPko biztanleen hurrengo hitzordua abuztuan finkatuta dago. Urtero ohi denez, Euskal Festa ospatuko baita Saint-Pierreko Orok Bat taldeak antolaturik. Abuztuaren 13tik 21era, hiriaren erdialdean euskal pilotalekua euskal doinu eta kolorez jantziko da eta bertara hurbilduko dira, ez uharteko euskal jatorriko biztanleak soilik, baita Ternua eta Quebec aldeko bisitariak ere. Orain gutxi izan da, hain zuzen ere, Gari Otamendi dantzari añorgarra uharte hauetan, hango euskaldunei dantza ikastaroak ematen, bertako Euskal Etxeak gonbidaturik.