JOKIN URAIN
IRITZIA

Itxiturak

Mugen aurkako diskurtsoak agintari politikoen ahotan indartsu entzuten dira batzuetan; mugak ezartzea zein atzerakoia den, herriek eta gizakiek trabarik gabe eta libre nola izan behar duten eta abar, eta espainiar agintari eta politikariek, urrutirago begiratu gabe, zenbat aldiz ez dute erabili arrazonamendu hori!

Urte berriaren hasieran, Saharaz hegoaldeko 1.100 pertsona Ceutako muga igarotzen saiatu omen dira. Pentsa, Gabon zahar-Urteberri gau-egunak baliatuz igaro nahi zuten hesia, jantziak eta narrua ere urratzen eta piltzartzen dituen txarrantxazko itxitura. Zaindariak ere jaiegun horietan eskuzabalago, bihozberago, izan zitezkeela pentsatuz seguru asko. Maltzurra izan behar du, gero! Halakoxe abantaila subjektiboak ere beren alde aprobetxatzeko prest egoten baita gaizkile jendea. Ezin gara onbera izan, galduta gaude bestela.

Eskerrak zaindariak ez diren halako belaxkakerietan jausten eta euren zereginari tinko eusten dioten. Mila eta ehunetik bik bakarrik lortu ei dute helburua; tira, gaitz erdi. Zer litzateke urte berri hau hasieratik bertatik utziz gero edonondik datorren edonori gure pagotxa bazkatzen.

Mugarik ez da behar gizakientzat, beraz, baina itxiturak behar dira, eta itxitura sendoak, gure baratzera kanpoko animaliarik ez dadin sartu, barruan egon behar duen piztiarik ez dadin atera...

Arreta-emangarria iruditzen zait espetxeetako leihoak barrotez nola ixten dituzten, hemen kalean ere hainbat etxe eta leku burdinazko barrote handiz eta txarrantxaz nola inguratzen dituzten, nola sarrailatzen den guztia, inolako pasabiderik utzi gabe. Ez dira edozein moduz egindako itxiturak, hutsegiteak eta akatsak zuzenduz eta konponduz urteen buruan hobetutako hesiak baizik... Deigarria da pasa behar ez duenik pasako ez den moduan dena ixteko asmakizunetan diharduen burmuin hori.

Ematen du burmuin pentsalari horrek piztien eta animalien gradura pasa gaituela, eta ematen du animalia eta piztien gradukoentzat eginak direla Ceutan eta beste hainbat lekutan ezartzen diren txarrantxa eta barrotezko itxiturak.

Jurgi, etsigarria izan daiteke batzuetan, eta, hala ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan Etxahun Lekuek kantatu zuen moduan, «baina nire ustez era hortako/ jenteak aldatuko dau/ hankazgorako mundu hau».