Maria Mendizabal
SAreko komunikazioa

Emojiak, Ia guztia esateko gai diren ikurrak

Irribarrea, keinua, logura... Asko dira emojien bitartez igor daitezkeen sentimenduak. 1999an sortuak, gaur egun sare bidezko komunikazioan ezinbesteko bilakatu dira ikur hauek eta zenbaitek unibertsala den lehen lengoaia osatzen dutela diote. New Yorkeko Moma museoan daude erakusgai sortu ziren lehen 176 irudiak.

Pertsonen artean egunero trukatzen diren milioika eta milioika mezuetako gutxi amaituko dira, seguru asko, halakoren bat erantsi gabe. Haiei esker inoiz baino musu gehiago ematen da egun. Ez dira urte asko pasa Shigetaka Kuritak emojiak sortu zituenetik eta denbora horretan ohiko, eta zenbaitentzat ezinbesteko, bilakatu dira ikono horiek eguneroko komunikazio ekintzetan. Pocket Bell taldeko mugikorrek erabili zuten 1995ean bihotzaren ikonoa lehenengoz eta harrera ona izan zuela ikusita, NTT DoCoMo enpresak Kuritari proposatu zion halako gehiago sortzea. 176 karaktere osatu zituen manga eta kanji kultura japoniarrean oinarrituta. Ez zuten inondik ere gaur egun erabiltzen direnen antzik, 12 x 12 pixeletako oinarri batean osatu baitzituen eta kolore bakarrekoak baitziren. Hain zuzen ere, hasierako sorta hura New Yorkeko Moma arte garaikideko museoan dago gaur egun erakusgai, bertako bilduman txertatu baitituzte.

Hasierako irudi haiek sareko enpresa nagusien arreta piztu zuten berehala, Google edota Facebook-ena, besteak beste. Euren sistemetan barneratu zituzten eta etenik izan ez duen gorakada abiatu zen. Hala, urtez urte handitzen joan da emoji kopurua eta egun 1.800 baino gehiago daude erabiltzaileen eskura.

Kuritaren esanetan, «erabateko ohorea» da bere lana museo esanguratsu horretan jaso izana eta erakundeko arduradunek ere makina bat arrazoi ematen dituzte beren erabakia argudiatzeko. «Lan umil hauek lengoaia bisual honen hazkuntza ikaragarria suposatu zuten», azaldu du Momako eledun Pablo Gallowayk.

Mezuen tonua arintzeko baliagarriak. Adituek diote, irudion jatorria aspaldikoa dela, baina komunikazio elektronikoak indarra hartu zuenean, inoiz baino beharrezkoago egin zirela, «unibertso erabat inpertsonal eta abstraktuan ikuspegi humanoagoa indartzeko aukera» ematen dutelako. Izan ere, emojiek «mezu informaletan idazkera fonetikoak zailtasunez transmititu ditzakeen emozio eta sentimenduak igor ditzakete». Hala dio Marcel Danesi Torontoko Unibertsitateko semiotika irakasleak. Informazioa konprimitzeko aukera ematen dute, erabili beharreko espazioa murriztekoa, baina batez ere, irakaslearen esanetan, «mezuen liskar tonua murrizteko balio dute». Izan ere, bere hitzetan, mezuaren hasieran eta amaieran irribarre egiten duen aurpegi bat jarrita «hura irakurtzeko hartzen den jarrera askoz ere baikorragoa da, baita mezuaren helburua ironikoa edota ezkorra bada ere». Iritzi berekoa da Kurita: «Bihotz bat erantsita, zer mezu izan daiteke ezkorra?». Hasiera batean ikur hauek, batez ere, sentimendu eta aldarteak igortzeko erabiltzen ziren, baina egun objektuak edota egoerak transmititzeko ere baliatzen dira. Izan duten zabalpenaren adibide bat: 2015. urtean Oxford hiztegiak emoji bat aukeratu zuen urteko hitz gisa.

Lengoaia unibertsala? Unicode kontsortzioa da urtero sortzen diren emoji berriak edozein gailu digitaletan irakurri ahal izateko kodifikatzeaz arduratzen dena, haren «plataforma, softwarea eta lengoaia edozein delarik ere». Beraz, hain gure sentitzen ditugun irudiak mundu osoan zabalduta daude, nahiz eta Danesik dioen moduan, batean eta bestean har dezaketen esanahia desberdina den: «Halako anbiguotasun bat bada». Hori aztertzea garrantzitsua da, irakaslearen ustez. Berak itzulpengintza enpresa bat du eta pertsona bat kontratatu du espresuki, irudiek herrialde desberdinetan dituzten erabilera desberdinak argitzeko.

Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko Francesco Barbieri, Horacio Saggion eta Francesco Ronzano irakasleek eta Trentoko unibertsitateko German Kruszewkik arlo honetan egin dute ikerketa eta “How Cosmopolitan Are Emojis?” lana aurkeztu dute. Helburua mundu osoan zabalduta dauden irudi hauek eremu geografikoaren eta laguntzen duten lengoiaren arabera esanahi berak dituzten argitzea izan da. Horretarako, AEBetako, Britainia Handiko, Estatu espainoleko eta Italiako erabiltzaileek bidalitako 34 milioi Twiterreko mezu hartu dituzte lagin gisa. Kopuruari dagokionez, mezuen %15-20an agertzen zirela zenbatu dute eta ohartarazi zenbaki hau handiagoa dela Whatsappen erabiltzaileen artean.

Esanahiari eta erabilera joerari dagokionez, ondorioztatu zuten herrialde guztietan gehien erabiltzen diren hiru emojiak errepikatu egiten direla (malkotan negar egiten duen aurpegia, begietan bihotzak dituena eta bihotz gorria), nahiz eta ordena desberdina izan batean eta bestean. Bestelako desberdintasunak ere nabarmendu dituzte: «Lau orriko hirusta Erresuma Batuan Irlandarekin lotzen da eta zorte ona ematen duen sinbolo gisa erabiltzen da; Espainian aldiz, maitasunarekin lotutako mezuetan eransten da, batez ere», aipatu du Horacio Saggion irakasleak. Era berean, aipatu du, esku azpiak elkartuta irudikatzen dituen emojia Britainia Handian yogarekin lotzen dela eta errezoarekin, berriz, Estatu espainolean. Desberdintasunak desberdintasun, lau herrialdeetan gehien erabiltzen diren irudiak parekoak dira. Baina horrek lengoaia unibertsala dela suposatzen du?

Garaiei egokitu. Lengoaia unibertsala osatu edo ez, Danesiren esanetan, emojiak denboran iraungo duen lengoaia hibridoaren oinarri direla uste du. Kuritak ere hala espero du: «Maiz pentsatzen dut 50 edo 100 urte barru zein irudi izango ditugun, baina ez dut uste joera hau desagertuko denik».

Aurrera badoaz, garaiei egokitu beharra izango dute irudiek eta, besteak beste, emakumeak ez dituztela egoki irudikatzen kexu diren ahotsei erantzun. Hala, zenbait proposamen egin dira jada irakasle emakumezkoak, abokatuak edota zirujauak txertatu ditzaten. Garrantzitsua dela iritzi diote emojien bitartez igortzen den mundu ikuskera zabaltzea, are gehiago komunikazio modu hau gero eta indar handiago hartzen ari denean. Kanpaina egin dute AEBetan eskaera hau indartzeko eta sarean zintzilikatutako bideoak milioika bisita jaso ditu. Unicode kontsortzioari luzatu zaio eskaera, hura baita urtero emoji berriak sartzeaz eta kodifikatzeaz arduratzen den erakundea; hark du azken hitza.