Oihan Jimenez
emakume afganiarrak ateak irekitzen ari dira

Kabuleko Shaolin txikiak

Kabuleko mendi elurtuen magalean wushu-an trebatzen diren emakume gazteek berdin egin behar diote aurre neguan muturrekoa den hotzari zein Afganistaneko gizarte kontserbadoreari. Ez dute batere erraza atsegin duten kirolean aritzea, baina horretan dabiltza, kemena eta ausardia sobera dutela erakutsiz.

Sima Azimi duela urtebete hasi zen Afganistaneko hiriburuan wushu irakasten, eta iragan urtarrilaren bukaeran ate metaliko sotil batek babesten duen kirol klubaren tatamiak atzean utzi eta bere ikasleak kalera atera zituen, bertan praktikatzeko xedez. Ordutik, satinezko kimono beltz edo larrosadun ikasle gazteek oinak elurrez txuritutako lurrean dituztela entseatzen dituzte borroka arte honetako mugimenduak, Shaolineko (Txina iparraldea) monje hegalari famatuak balira bezala.

Egia esan, wushu, kung-fu mitikoa baino berriagoa da. Txinako borroka arte tradizionaletan oinarritutako borroka kirol modernoa da, 1949an sortua, eta zenbait arma eta tresnaren kontrola eskatzen ditu, hala nola ezpatak, sableak eta sastakaiak. Arte hau praktikatzen dutenek –Euskal Herrian badago afizio handia eta Euskal Wushu-Kung Fu Federakundearen bitartez bere selekzioa du, txapelketa ofizialetan parte hartzen du– akrobazia eta koreografia ikusgarriak osatzen dituzte, grabitateari erronka botaz. Horretarako, altzairuzko eta gomazko gorputzak izatea beharrezkoak da, eta horiek lortzearren egunero egin beharreko lana eta entrenamendua handiak dira. Normala da, beraz, berotzeko erabiltzen duten alfonbran, ahaleginaren eta minaren ondorioz afganiar neska gazteek keinuak egitea; ordaindu beharreko prezioa da gero egiten dituzten erakustaldiak burutu ahal izateko.

Sima Azimik gerriko beltza dauka; mailarik gorenean dabil, beraz, 20 urteko afganiarra. Iranen hasi zituen wushu ikasketak emakume argal honek, bere familia herrialde horretan errefuxiatu baitzen berak 2 urte zituenean. Gero, gaztetan Afganistanera itzuli zenean laster ireki zuen kluba Kabuleko mendebaldean dagoen Karte-Se auzoan, hain zuzen, hazara komunitatearen gotorleku den auzoan.

«Tamalez, ikasle guztiak hazarak dira, eta niri uniformetasun etniko hau ez zait gustatzen, nahiago nuke beste komunitate batzuetako neskak ere arituko balira», onartzen du Azimik AFP agentziari egindako adierazpenetan. Izan ere, erlijioari dagokionez musulman xiitak diren hazarak –urte askotan baztertuak eta zapalduak gehiengoa sunita den herrialdean– inguruko komunitateak baino irekiagoak omen dira. Emakumezko hazarak, bereziki, libreagoak dira herrialde horretako gainerako emakumeekin alderatuta, eta gizonezkoek errespetu handiagoz tratatzen dituzte. Ez da arraroa, beraz, talde horretakoak izatea Afganistaneko emakume txirrindulariak, korrikalariak, mendizaleak eta beste kiroletako ordezkari gehienak, nahiz eta, eurek nabarmentzen dutenez, euren asmoa den «gainerako emakumeei bidea irekitzea».

Kirolean aritzearen debekua. Izan ere, talibanak agintean zeudenean emakumezkoek erabat debekatuta zuten kirolean aritzea. Eta oraindik ere modu publikoan kirol bat praktikatzea arriskutsua gerta dakieke, bai eurei eta bai ere beraien senideei. Asko dira sariren bat irabazi ostean hedabideetan agertu eta jarraian erasoak jasan dituztenak, eta goi mailako kirolari gehientsuenek euren herrialdea utzi behar izan dute. Horregatik garrantzitsua da Azimiren klubak ematen duen segurtasuna utzi eta Kabuleko mendietara entrenatzera ateratzea.

«Nire familiak ez zuen inoiz inolako oztoporik jarri nik wushu ikasketak egin nitzan, nahiz eta nire aitak beldur pixka bat bazuen honek guztiak ez ote zizkidan arazoak ekarriko; agian txikiegia ikusten ninduen horrelako kirol batean aritzeko», azaldu du Soraya Rezayi 19 urtekoak, bere kideak bezala zuhaitz adaxka bat bezain argala denak. «Baina entrenamendu honekin –gaineratzen du– norbaitek erasotzen badit zalantza gabe neure burua defendatu ahal izango dut».

Latifa Safayik, bere aldetik, bere familian kirola egiten duen lehenengo neska dela azaldu du. 15 urte ditu Safayik eta oraindik adingabeen gorputzek dituzten borobiltasunak erakusten ditu, baina afganiar neska gazteari ez zaio ausardiarik eta erabakitasunik falta; bere ahaideek gai honen gainean zituzten zalantzak uxatzeko, bere ametsa nazioarteko txapelketetan Afganistaneko bandera eramango zuen txapelduna izatea zela esan zien, eta horrela «herrialde honen irudia aldatuko» zuela hitzeman zien. Astean hiru aldiz entrenatzen da Safayi, bere kide gehienak bezala, eta aipatzen duenez «kirol zorrotz» horrek neka-neka eginda uzten zuen hasieran.

Sima Azimirentzat erronka nagusia, edonola ere, bere jaioterrian habia aurkitzea eta bertara egokitzea izan zen, txiki-txikitatik beste leku batean hasi ondoren. «Iran herrialde garatua da, eta hemen, aldiz, oraindik gainditu beharreko pentsamolde kontserbadoreak daude. Baina horiek gainditzeko emakumeak dira gehien egin dezaketenak; horretarako, emakumezkoek beraien etxetik atera behar dute, mundu guztiari zer egiteko gai diren erakutsi behar diote eta ez diote inori utzi behar beraien ordez erabakitzen», nabarmentzen du kirolari gazteak.