Alaia Martin
IRITZIA

Zirak

Ez dugu izakera bera izaten hizkuntza guztietan, hitz eginarazten diguten pertsonek kodetutako gaitegi, umorekera eta jarioa erabakiorrak dira. Izakera ezberdina izaten dugu lekuaren arabera, leku publikotan, pribatutan, ilunetan, argitan. Izakera ezberdina, gauez, egunez, gaupasaz. Erabat normaltzat hartzen dugun aldakera horrekin, ez dakit ez ote dugun parekoa infantilizatzen, geriatrifikatzen eta bi dimentsioko bihurrarazten. Besteak geuk, eta geuk geu.

Eta zabalduz, ez dakit batzuetan ez ote dugun denbora gehiago xahutzen zerbaiten alde edo kontra gaudela adierazten, kontra edo alde egoten baino, edo kontra edo alde gauden pentsatzen baino.

Postureoaz ari naiz, baina barrura begirakoa bihurtzen den kanpora begirako postureoaz. Teorikoki hainbeste -ista izan beharrean ez ote litzakeen eraginkorragoa eta gardenagoa barrua astintzen diguten -ismo horien aktibista izatea, eta izateaz arduratzea, ziurtasunak dirauen denboran. Guztiarekiko aski sentibera izan beharrak ez ote gaituen guztiarekiko epidermikoki sentibera bilakatzen, eta hala sentitzeagatik errudun sentiarazten –elizatik pasatu ez garenok ere–, eta hainbeste gauzaren alde, bere horretan, alde egoteak, ez ote digun laguntzen gaitik, mamitik, irtenbidetik, eragitetik alde egiten, ez ote dizkigun eskuak olioz garbiarazten. Irrist.

Zira emozionala ezinbestekoa da dilubio unibertsala desizozten ari den garaiotan, baina batzuetan hamar zira bata bestearen gainetik jartzen ditugulako sentipena daukat, eta beste batzuetan, azalaren azpitik jartzen dugula zira, kremailera goraino itxita, kokotsa harrapatu arte. Niri behintzat, ez dit denbora ematen izan nahi dudan guztia izateko. Denean busti nahi eta zein urek blaitu zaituen ezin asmatu, xiri-miria ezin sumatu.

Eta ez ote den hori bera estrategia biribila, kosmopolita eta alienatzailea. Geure zuria eta geure beltza bereizten jakitea, eta bereizten jakitearekin asetzea. Eta zein kolorekoak garen gogoraraztea, begi oroikusleei, bizitzak xake taularen gainean jartzen gaituen partidatan. -ista eta -er izatearen ederraren barruan, -ari izatearen naturaltasuna aukeratzen baneki, hala egitea aholkatuko nioke pareko edozeini, baina, aipatu bezala, ez dit denbora ematen izan nahi dudan guztia izateko.

Eta urtean behin iristen da inauteria, eta argal geratzen zait ostegun gizena eta ohartzerako da astelehena eta dena maskara da, gorri ala beltz, eta Veneziako kanalak erabiltzen hasten gara hizketarako. Eta prestatzen dugu mozorroa, eta edozein gauza janzten dugu azpitik. Pijama, propagandako nikia, zira… barrutik daramaguna ez baita ikusten.