JOKIN URAIN
IRITZIA

Zoriontsuak

Futbolzalea ez denarentzat ere ez da erraza futbolaren zurrunbilotik erabat kanpo bizitzea. Eguneroko berripaperetan, telebistako berrietan, irratian, lagun artean, kalean… denean dago futbola ez bada futbol zantzua. Futbolera doazen haurrak eta gazteak, gurasoak, lagunak… eta ergel konplexua ere sortzen zaizu batzuetan futbol jokalari batzuen izenekin, taldeen martxarekin eta horrelako kontzeptuekin airoso samar moldatzen ez badakizu.

Ez da denbora asko Arabako taldea, Deportivo Alaves, Errege Kopa jokatzeko sailkatu dela. Giro zen, ba, hurrengo egunetan hemengo prentsa eta informatiboetan. «Euskal Hereneko» lehendakaria bera ere pozik elkarrizketa batean: «Aparta litzateke partida San Mamesen jokatu ahal balitz», zioen finalagatik, eta bera lehendakari gisa aurreko finaletara joan dela euskal talderen batek jokatu duenean eta oraingoan ere joango dela. «Ea oraingoan zortea dugun eta irabazten dugun» Errege Kopa hori Barçaren aurka, zioen.

Bai, badakigu, bati entzungo diozu herriaren opioa dela futbola, eta besteren batek esango du baloiaren kontzeptua bera ezabatu behar litzatekeela gizakiaren burmuinetik, eta harakoak onartuko dizu gutxienez Telecincoko “Qué tiempo tan feliz” saioa bezain garrantzitsua dela futbola…

Besteen zaletasunak ulertu nahi ez dituen zenbaitek bestela uste izan arren, iruditzen zait beharbada hortxe dagoela, futbolean eta futbolaren auran esan nahi dut, Etorrera, fede erlijiosoa dutenentzat Jaunaren helduera datekeena; mundu triste hau behingoz zoriontsu bihurtzeko modua, alegia.

Mundua mugitzen da baloiaren biran; izan daiteke munduaren –Lurraren– forma duelako eta kristo guztiak ostikadaren bat eman nahi diolako mundu honi. Baina mundua aztoratzen du futbolak, aberatsen eta ezer ez dutenen artean, bake aldian eta gerra handien erdian. Grezian noraezean dauden edonongo errefuxiatu eta etorkinek ere futbola maite dute nonbait; futbolean jokatu nahi dute eta hortxe aurkitzen dute zoriona, etorkizunari beste aldarte batekin begiratzeko arrazoia, bizipoza…

Dueñasko La Moralejako modulua gogoratzen dut, Boltio; eta gogoratzen ditut telebistaren aurrean partidari begira, elkarren ondoan, elkarri keinu konplizeak eginez, bezperan jipoitu zuten presoa eta kartzelari jipoi emailea, espainiar selekzioaren gola bozkario betean txalotzen biak.