amagoia mujika
IRITZIA

Gauden tokian

Badator Martxoaren 8a. Sentsazioa daukat urtez urte gero eta jende gehiago “moretzen” dela egun horren bueltan. Alegia, gero eta jende gehiagok janzten duela paparrean more koloreko aldarrikapena –beste adiera ere, “begiak moretzetik” gertuago dagoena, kabitzen da, tamalez–. Poztekoa da Emakumearen Nazioarteko Egunak agendetan bere tokia egin izana. Poztekoa da, baina, zergatik ez naiz hainbeste pozten?

“Politikoki Zuzenak” jartzen du agenda horren azalean eta sentsazioa daukat hor sartzen diren borrokek kanpotik ponpoxoak eta barrutik hutsak izaten amaitzen dutela askotan. Horren beldur naiz. Izan ere, kontuak ez zaizkit ateratzen. Hainbeste jende baldin badago matxismoaren kontra eta parekidetasunaren alde, zergatik segitzen dugu hemen, gauden tokian?

Gauden tokian duela ez hainbestera arte Martxoaren 8a Emakume Langilearen Eguna zela esaten zen. Txikiak ginela ikastolan lagun batek esan zidan Martxoaren 8a nire amaren eguna zela, baina ez bere amarena. «Zergatik?», galdetu nion inuzente. «Zure amak lana egiten du eta nire amak ez du lanik egiten. Nire ama etxean egoten da». Ez da haur batek esandako astakeria bat, jendarte oso bati eusten dion ideia baino.

Zaintza ez da ikusten, baina gure jendartearen arnasa da zaintza. Uxue Alberdik 2015. urtean botatako bertso sorta ederretik ale bat dakarkit hona, esan nahi dudana berak modu paregabean esana duelako. «Zaintza beharra dugu guztiok ta hau diotsut benetan/ ta bereziki zahartzaroan eta lehenago umetan/ ta zaintzarako abildadea andra eta gizonetan/ berdin liteke baina ez dugu gure kontraesanetan/ ze normalean emakumea dabil holako lanetan/ komun beltzetan, atze garbitzen edo zaharren ohetan/ edo pureak, fideo zopak, sartuz haien ahoetan/ zaintza gogoa eta dohaina ez dator kromosometan».

Gauden tokian alabei «kontuz ibili» eta semeei «ondo pasa» esaten zaie. Jaietan batzuk saltoka eta pausoa arin ibiltzen dira eta besteek tentuz neurtu behar dute pausoa nola eman. Ez hainbeste erasorik ez izateko –tamalez erasoa erasotzailearen eskumen esklusiboa da–, baizik eta erasorik izanez gero, erruaren parte bat beren pausajean ez dezaten jarri.

Gauden tokian astero salatzen dira eraso sexistak herriko plazetan, eta egunero gertatzen dira sukaldeetan, lantokietan, institutuko pasilloetan...

Gauden tokian emakumeak eguneko egun eta ordu guztiak behar ditu bere lanaren gainean baina bera gabe eraikitako jendarte honi tiraka-tiraka segitzeko.

Gauden tokian ezin dugu Martxoaren 8a “Politikoki Zuzenak” izeneko agendan sartu eta lasai segitu sexismoa hauspotzen. Ospa dezagun Martxoaren 8a, indarra hartu eta biharamunean lanean segitzeko.