JOKIN URAIN
IRITZIA

Zaintzapean

1947 eta 1948 bitartean idatzia ei da “1984” nobela. Zaintzapean dagoen gizartea irudikatzen du, kamerekin eta mikrofonoekin zaindu eta kontrolatutako gizartea. Gazte ere baginen irakurri genuenean eta fikzio handi samarreko mundua iruditzen zitzaigun orduan. Gaur, fikzio hura aise gainditu du errealitateak eta ederto zainduta gauzkate. Bilbon-eta, kalean lehen kamerak ipini zituztenean protestak egitetik, ipin daitekeen edozein lekutan ipintzera eta bakoitzak kamera bat eramatera pasatu gara; kamera, mikrofonoa eta GPSa ere bai, eta etengabe argazkiak egiten eta sare sozialetara eta ez dakit nora bidaltzen ari gara, detailerik gal ez dadin.

Eta iraganeko munduan galduta geratu zara ez baduzu zeure argazki mordo bat hortxe ezarrita, sare sozialak deitzen den horretan, eta denok zaintzapean gaudela dioena txorotzat hartzea ere inportantea da. Leku ederrean geratu dira aurreneko kamera haien aurkako protestak, bakoitzaren pribatutasuna bortxatzen zutela eta halako aldarriak.

Hutsa litzateke kamera horiek ingurua zaintzeko (zaindu, artatu, hondatu ez dadin kargu egin...) balira; baina ez, denok zaintzeko dira, Begi Zelataria dira, lerrotik inor atera ez dadin, eta gure pentsamendua eta sentimenduak ikusiko dituzten kamerak ezartzea da hurrengo pausoa. Zer idatziko ote luke gaur George Orwellek?

2016ko Gudari Egunean egindako oroitzapen ekimenen harira, ikastetxeren bati datuak eskatu dizkio Auzitegi Nazionalak: pasatzeko irakasleen eta ikasturte horretako langile guztien zerrenda, batetik, eta ikasleen izen-abizen eta helbideak, gainera. Eta pentsatzekoa da eskatutakoa eman ezean zigorren baten mehatxua izango dela tarteko.

Ez dakit epaileek eskatutakoa emango dieten ala ez ikastetxeek, baina denok salatari eta begiluze izateko obligazioa legez ezarri dute, denok polizia eta zaindari izateko betebeharra dugula sinetsarazi nahi digute, denok auzokoaren zelatan eduki nahi gaituzte. Denok mesfidati, denok bakarka eta elkarren etsai amorratu, denok Oroikuslearen zerbitzari...

Bai, Josune, etxeko leihoko errezelen ostetik errezelotan begira nahi gaituzte guztiok, Anaia Nagusiarengana txutxu-mutxuka joan gaitezen bizkor eta zintzo ikusitakoaren berri ematera.