Haritz Larrañaga
PABLO AZKUEREN ur PLANETA

«Urtopia»: Bidaia kontzientziaren ozeanoan

Itsasotik maitatzen ikasi eta irakatsi nahi du Pablo Azkuek (Zarautz, 1973), baina ez zentzu metaforikoan bakarrik, benetan itsasoratzea proposatzen du, lurrera beste perspektiba batetik begiratu, eta bihotzetik eragiteko: «Itsasotik begiratzeak on egiten baitio norberari, bai eta munduari ere».

Zarauzko hondartzetako putzu-zuloetan hazi bazen ere, gaztaroa igerilekuetan pasatu zuen Pablo Azkuek eta gauza asko alde batera utzi behar izan zituen kirolari karreran aurrera egiteko. Ez zegoen gustura, ordea, itsasora itzuli eta gainazalera ateratzeko beharra sentitzen zuen. Honela deskribatzen du Azkuek bi kirolen arteko desberdintasuna: «Surfak harremanak lantzeko aukera eskaintzen du, olatuan doanari animoak eman edo urautsian beste surflariekin hitz egin dezakezu, baina batez ere bizirik dagoen eremu batean zaude. Igerilekuan ordea, burua beti ur azpian duzu eta hilik dagoen urak inguratzen zaitu».

Itsasora itzuli zen, baina oraindik lehorreko balio-eskalen arabera begiratzen zion munduari. Ez zen soilik igerilekua alde batera uztea, oraino, ibilbide luzea egin beharko zuen itsasotik begiratzen ikasteko. Ibilbide horren lekuko izan dira egin dituen argazkiak eta haien bidez irudikatu du izan duen bilakaera, maila teknikoan zein emozionalean.

Bidaia bat amaitu eta bestea hasi du Azkuek, eta proposamen batekin dator eta bere esperientzia irudikatzen du, beste norbaiti lagungarri izan dakiokeelakoan. Ez dauka zalantzarik, «itsasotik begiratzen ikasten badugu, maitatzen ikasiko dugu, eta horrela, mundu hau hobea izan daiteke».

 

Kontzientziaren ozeanoan. Lehen urratsa ingurura begiratu eta gertatzen diren gauzekin dugun erantzukizuna sentitzea da. «Egun, mundua nola dagoen ikusita, irakurketa ezkorra» izango dela iritzi dio Azkuek. «Nork uka dezake gaizki ari garela? Gizakiak bizitzeko behar duen lehengai nagusia ere kutsatzen ari bagara?», galdetzen du.

Zarauztarra ziur dago «munduko edozein bazterretan gertatzen denarekin dugun erantzukizunaz» jabetzen garenean hasten garela ikuspegi berriak bilatzen. Hori dela-eta, «kontzientzia faltaren erakusle nagusia gerrak dira, eta hain zuzen, kontzientzia sortzen den unetik sortzen da errealitate hori aldatzeko beharra. Bidean, akatsak egin behar dira bide zuzena zein den ikasteko, eta artean, putzu-zuloak sortzen dira». Zutik jartzen garenean «ura beherantz doa eta burua lehortzen da», hausnartzen du Azkuek, baina oraindik «putzu-zuloak geratzen dira, lurra guztiz lehortu ez denaren adierazle, eta gauean, berriz ere lotarako etzaten garenean, itsasgorak estali eta amets egiten dugu; beraz, putzu-zuloak, amets fabrikak dira».

Azkue aspaldi ohartu zen argazkiak tresna eraginkor bat direla errealitate desberdinak erakutsi eta «jendearen bihotzetara iristeko», baina harago joan eta jendearen kontzientzietan eragin nahi du: «Kontzientziak bizirik gaudenaren jakintza ematen digu, eta hain zuzen ere, bizitza, mugimendua da, alegia, itsasoa». Itsasoaren etengabeko mugimendua eta indarra irudikatuz bizitzaren izaera erakutsi nahi du, eta esaldi batekin laburbiltzen du biziaren, kontzientziaren eta itsasoaren arteko batasuna: «Kontzientziaren ozeanoan, lurra hondarra da, eta zerua itsaso».

Ura den heinean, itsasoak duen izaera lotzailea ere azpimarratzen du: «Munduan zehar, kontzientziak bananduta daude. Lotura bakarra itsasotik egin daiteke. Horrela, kontinenteak bananduta dauden modu berean daude bereizita kontzientziak ere, beraz, berauek elkartzeko bide bakarra itsasoa da, eta zer da itsasoa? Bihotza. Azkenean non elkartzen gara? Bihotzean». Munduko bazter gehienetan maitasuna irudikatzen duen bihotzaren metafora maiz erabiltzen da, baina kontzientziak ez du ordezkatuko duen elementurik, horregatik Azkuek, itsasoa proposatzen du: «Kontzientzia irudikatzeko modurik bada, ziur aski itsaso forma izango du».

Metala, egurra, sua. Lurra eta ura. Guztira bost urrats proposatzen ditu argazkilariak itsasotik maitatzen ikasteko eta naturan indar handia duten elementuekin ordezkatzen ditu. Oinarrizko hiru zentzuak –«ikusi, entzun, sentitu»–, metala, egurra eta suarekin adierazi ditu. Funtsezko bi jarrerak ostera, «partekatzea eta maitatzea», lurrarekin eta urarekin azaltzen ditu. Beraz, bere argazkiak «irakurtzerako» orduan osagai hauen esanahia kontuan hartzea garrantzitsua da.

Erretratuek lekuak irudikatzen dituzte, baina baita bizitzako momentuak ere. Azkueren «bizi-bidaia», argazkitan islatu da, bere ibilbidearen lekuko izan dira, baina «jendearengana iristeko bitarteko bikain bat» ere badira. Argazkiak begietatik sartzen dira. Ura bezala, eroale eraginkorrak dira, horregatik hautatu du argazkilariak metala, eramaile izaera hori irudikatzeko. «Urak, ispilu gisa egiteko gaitasuna du», dio, eta gogoeta egiten du; «agian, besteengan ikusten duguna erreflexu bat baino ez da». Aitzitik, egurra isolatzailea da, ez du eroaten, datorrena jasotzera mugatzen da, erreflexurik gabe. Elementu honek entzumena ordezkatzen duela irizten dio argazkilariak, baina bereizketa egiten du: «Lurretik entzuten duenak, bere sustraiek diotena baino ez du entzungo. Itsasotik entzuteko gai denak, ordea, enpatia sentitzen du».

Itsasbazterrean uraren joan-etorriek marrazten dituzten zuhaitzak fotografiatu eta zer dioten «entzutea» maite du zarauztarrak, izan ere, «sustraiek, lurrari lotzeaz gain, gatz mineralak eta ura ematen dizkigute. Itsasotik elikatzen gaituzte». Hirugarren zentzua, sentipenei dagokiona, larruazalean kokatzen da eta bere ikurra sua da. «Lurretik sentitzeak gerrara garamatza, baina itsasotik sentitzen hasten garenean ikasten dugu, azalen koloreak ez direla zuria eta beltza, itsas hareetako kolore anitzetakoak baizik».

Jarrerei dagokienez, bi eskuren zeinuarekin irudikatzen du lurra, zeren «eskuek, norgehiagoka adieraz dezakete, baina baita partekatzea ere». Eta honako hausnarketa egiten du: «Lehiatzen bazara gainerakoengandik bereiziko zara; elkar banatzen duenak ordea, beti irabazten du».

«Ura, maitasuna da», dio Azkuek, eta bihotz batekin azaltzen du, baina zehaztu nahi du: «Amodioa ez da konkistatu beharreko lur zati bat. Itsasotik maitatzea, alde egin nahi duenari joaten uztea da. Loturak gainditzen ikasten dugun egunean, topatuko ditugu itsasoko altxor ezkutuak».

Lurretik itsasora. Itsasotik mundura. Hastapenetan, lurretik itsasora ateratzen zituen argazkiak, batez ere olatu gainean zihoazen surflarienak. Beranduago, argazkiak itsasotik ateratzeari ekin zion, baina «lurreko perspektiban» jarraitzen zuen: «Ohiko balioen arabera jarduten nuen surflariak erretratatzen eta argazkietako protagonistengan ere balio horiek goratzen nituen, urguilua, fama eta abar». Norbait besteekin lotzen duen ezaugarria baino, besteengandik bereizten duena nabarmentzen zuen argazkilariak, justu kontrakoa egin behar zuela ohartu zen arte: «Gizakion egituran, gure izatean, %70 berdina da. Soilik, %30 da desberdina. Beraz, bestea desberdintzat hartzea tontakeria da, antzekotasun gehiago baititugu desberdintasunak baino».

Surflariei argazkiak ateratzen aspertuta, zerbait gehiago bilatzen zuen, eta hurrengo urratsa, protagonismoa olatuari ematea izan zen. Aldaketa berebizikoa izan zela aitortzen du: «Uretan ezin nuen behatxulotik begiratu, beraz etxean ateratako argazkiak ikusten nituenean sekulako desengainua hartzen nuen, momentua (argiak, soinua eta uneko testuingurua) behar bezala harrapatzea lortu ez nuelako».

Garai hartan, argazkigintza ogibide zuen Azkuek eta bere argazkiek sekulako arrakasta izan arren, oraindik zerbait falta zela sentitzen zuen, jada itsasoan zen arren, lurreko begiradarekin jarraitzen baitzuen, baina jakin-min horrek gehiago sakontzera bultzatu zuen. Orduan hasi zen gauzak itsasotik begiratzen. Une erabakigarria izan zen, «kontzientzia galtzera» zihoan momentuan gertatu baitzen. Itsasotik itsasorako norabidean sakonduz ordea, lurrerantz ere begiratzen zuen, baina jada beste betaurreko batzuekin, eta itsasoak bakarrik ez, bere argazkietan lurrak ere azaldu behar zuela jabetu zen, «lurra ez baita, itsasorik gabe».

Sekretua: «ur». Egun hondartzaren ekialdean egiten ditu argazkiak Azkuek, Zarauzko eremu lasaienean. Han aurkikuntza liluragarriak egin zituen. «Putzu-zuloak behatu nituen, itsasoko zuhaitzak urertzean, eta beti muturren aurrean izan nuena ikusteko gai ez nintzela izan konturatu nintzen». Albaola Itsas Kultur museoan, berriz, Kanadan agertutako txalupa batek ordura arte ikasitako historia alda dezakeela ikasi eta «ur» hitzak duen indarraz jabetu zen: «Guztia gezur handi bat» dela adierazten du eta hitz joko bat eginaz, zera gaineratzen du «‘gez-ur’ hitzak, ‘gatzik gabeko ur’ esan nahi du».

Azkuek ez du jakintsu itxura eman nahi. Ez da filologoa eta inoiz ez duela irakurzaletasunik izan onartzen du, baina «ur» hitzak zer-nolako garrantzia duen adierazteko adibide andana bildu ditu. «‘Kultur’ hitza nondik datorren ikusten badugu, hitz hau hizkuntza desberdinetan begiratu, eta behin eta berriz ‘ur’ hizkiak errepikatzen direla ikusiko dugu, baita antzinako hizkuntzetan ere, adibidez maorieraz. Eta euskaran, zeresanik ez».

Balantzaren beste aldean «lurreko hizkuntzak» duen izaera kaskarra jartzen du eta «nire» izenordainak hainbesteko pisua duen hizkuntza batek oinarrian maitasun gutxi erakusten duela irizten dio, «zeren jabetza zentzua adierazten du, ez da partekatzen».

«Urtopia»: Itsaso-bihotzetik begirada. Azkueren ustez, «Lur planeta esaten da, baina ur planeta esan beharko litzateke», eta zera gehitzen du, «orain arteko bidea lurretik egin dugu, alegia buruarekin, bihotza alde batera utzita. Ordea, lurrak ura badu, bizirik dago. Gauza bera gertatzen da buruarekin, bihotzarekin bat badator funtzionatzen du». Buruaren eta bihotzaren arteko dikotomia, lurrarekin eta itsasoarekin adierazten ditu argazkilariak, baina oso kritiko agertzen da Mendebaldeko ikuspegi arrazionalistarekin: «Bihotzak gauza bat esaten digu eta burua daukagu bide egokiena hautatzeko. Gauzak ondo egiteko buruarekin pentsatu behar omen da, badirudi emozioekin pentsatzea oker bat dela, baina zer da gauzak ondo egitea? Beste guztien gainetik ‘lur zati bat’ irabaztea?». Zarauztarrak ez du arrazionaltasuna gutxietsi nahi, baina sentimenduen aldeko apustua egiten du: «Lurrak ura duenean emankorra den bezala, arrazionaltasuna ere onuragarria izan daiteke bihotzak laguntzen badu».

Gorputz atalez mintzo denean, zehaztu nahi du, «ez da metafora soil bat, ez da mundua hobetzeko proposamen arrunt bat, gorputza sendatzeko ere balio du». Zentzu horretan, osasunak pisu handia du bere proposamenean eta «itsasotik begira» gaitz asko senda daitezkeen uste irmoa du.

Itsasoak sendatzeko gaitasuna izan arren, Azkueren irudiz, «aurreko belaunaldiek utzitako arrasto mingarriak ere hor daude, kai-muturrak bezala, geldirik, eta orduantxe etortzen dira eritasunak, mugitzen ez den ura usteldu egiten baita». Gauza bera gertatzen da mugitzen ez den bihotz batekin; «bihotzak ez du minbizirik, baina minbiziak sortzen ditu».

Arlo honetan alderaketa egiterako orduan gizonak lurrarekin lotzen ditu, «gizasemeak bihotzetik gaixotzen dira», eta aldiz, emakumeak itsasoarekin, «hezurretako arazoak izaten dituzte (‘ez -ur’)», horregatik, bere aburuz, «Ama-ur» esan beharko litzateke. Abesti ezagun batek dioen moduan «itsasoa gara», eta Azkuek eransten du, «horregatik negar egiten dugunean isurtzen ditugun malkoak, gaziak dira». Bizi eremuan, harremanetan, osasunean, eta batez ere mundua begiratzeko moduan, «urtopia» proposatzen du zarauztarrak eta gizakiok gauzak ulertzeko behar ditugun konparaketak hitzez lagundutako argazkiekin erakusten dizkigu, irudiak irakurtzen jakingo dugulakoan.