Alaia Martin
IRITZIA

Orfeoren lira

Sandra Barrenetxearen testigantzak ahots-korda asko korapilatu zituen aurreko astean. Minutuan 16 bat aldiz hartzen omen dugu arnas, baina gutxitan egiten digu testigantza horretan adina hots eta hotz. Orain dela hiru hilabete erail eta errekara bota zuen bere senarrak, Blanca Marques, ura gainezka eta orroka zebilen garaian. Boteredun izanda emakumeak desgaitu daitezkeela eta mexikarren sarbidea hesitu behar dela esan eta hilabete batzuetara, urtarrilaren 20an, danborren soinua entzun zen Donostian eta Azpeitian, Etxe Zurian Donald Trumpen zarata entzuten zen aldi bertsuan.

Iaz, uhin grabitazionalak izan badirela frogatu zuten, Albert Einsteinek eta ahaztutako Mileva Baricek aurreikusi bezala, baina bestelako uhinek eraitsitako Amatricen, grabitateak ez du eroritakorik altxatu, eta laguntzarik ez da iritsi, berriz ere grabedadea eta larritasuna urruneko senide direla frogatuz. Turkiako Bodrum hondartzan, Aylan itsasertzean hilda ikusita, belarri ertzean lehertu zitzaizkigun olatuak, baina aparra bezala desegin dira argazki hareetan. Siriako bizilagun berririk ez da gure hirietako etxeorratzetan.

Denbora horretan guztian, bukaera zoriontsuko ehunka film ekoitziko zituen zine industriak, ezinen industriak garatzen diren erritmo bertsuan. Begi-niniak niniagotzen jarraitzeko telesail ezin originalagoak sortuko zituzten gidoigileek eta benetakoen originaltasun faltari iskin eginez, gerra berriak asmatuko zituzten, denboraldiz denboraldi erretina-askatze masiboak gerta daitezen, munduko edozein egongeletako sofa bakartietan.

Maitasun era estandarrak goratzeko eta gogoratzeko kantuz beteko ziren irratirik entzutetsuenetako zerrendetako zenbakirik txikienak, eta zenbakiak bezain txiki bilakatuko ziren, Aylan, Blanca, eta beste izen batzuk.

Txarra naiz izenekin. Denbora horretan guztian, sumatuko zenuen gerrian hirugarren dimentsio kezkagarri bat, zulatuko zitzaizkizun mediak, presaka, gasolindegiko hornigailuarekin trabatuta, berak gracias esaten zuen bitartean, edo irakurriko zenuen ile-apaindegiko aldizkariren batean, mostaza kolorea modan dagoela. Eta denbora horretan, zarata, oihu, garrasi eta negarrak apurka fusionatuz joango ziren, bata bestearekin nahastuz, bata bestearekin ahaztuz, eta azkenean ez dituzu hain ozen entzuten. Entzuten dituzu? Azkenean dena da hari mugimendua, harizko instrumentuz perfumatzen zaizkigu belarriak, eta hainbeste perkusiorekin haizezko instrumentu bihurtzen gara geu ere. Goazela gatozenak, Orfeok konposatutako melodia gozo batean. Nork jartzen digu hain altu musika?