amagoia mujika
IRITZIA

Gorrotoa

Gero eta okerrago sentitzen naiz erraz sutzen den jendearekin. Gero eta larriago sentitzen naiz gorrotoa darion jendearekin. Kontrara, gero eta gehiago miresten dut enpatia duen jendea, ingurura patxada barreiatzen duena.

Gorrotoa emozio naturala da, kontrolaezina askotan. Baina frogatuta dago kalte handiak dakartzala, fisikoak eta mentalak. Gorrotoak estresa eta antsietatea sortzen ditu eta kasu batzuetan baita depresioa ere. Zientzialariek ikertu dutenez, gorrotoa sentitzen denean garunaren erdiko partea jartzen da martxan –maitasun erromantikoak ere parte horrexeri eragiten dio– eta pasio irrazionalenak eta agresiboenak pizten dira. Gorrotoak arnasa mozten du, bihotza azkartzen du, tristura dakar, mina, egonezina. Gorrotoak gorrotoa sentitzen duenari egiten dio min handiena. Sekulako energia zurrupatzen du, emozio nekaezina da eta asko-asko kostatzen da sendatzea. Gaixotzeraino gorrota daiteke. Medikuen arabera, urdaileko ultzera batzuen jatorrian gorrotoa dago.

Gure herrian, tristeki, sufrimendu asko egon da eta dago. Eta sufrimendua eta gorrotoa eskutik datoz askotan. Askotan harritu izan naiz, baina, gorroto infinitua sentitzeko arrazoiak soberan dituzten pertsona batzuen patxada zentzudunarekin. Gatazka politikoaren ondorioz birrindutako bizitzak dira haienak, puskaka berreraiki behar izan dituztenak. Trintxeraren bi aldeetan daude adibideak. Eta seguru nago egin duten ariketa ez dela samurra izan. Baina ausardia izan eta pauso bat eman dute aurrera; atzean utzi dituzte arrazoia nork duen, errua norena den, nork irabazi duen eta zeinek galdu... Enpatikoak izan dira, parekoaren zapatetan sartu dira, hortik inguratzen dituen errealitatea nola ikusten den sentitzeko. Batzuek ahultasuna ikusten dute horrelako pausoetan. Nik ausardia eta inteligentzia ikusten ditut, gorrotoa sendatzeko bizi-arnasa, aurrera segitzeko behar ezinbestekoa.

Gure herriaren lehena, oraina eta geroa mahaiaren gainean daude. Karta guztiak bistan. Une garrantzitsua da eta maila handia behar da hori kudeatzeko. Zenbait hedabidetatik, baina, gorrotoaren lokatzetan harrapatuta dauden ahots interesatuei jartzen zaie mikroa parean. Kasketa harrapatu duen haurraren pare ikusten ditut, lurrean ostikoka eta mukiak zintzilik, beren apetak betetzen ez direlako.

Amorratu egiten naute. Aitortzen dut. Eta gorrotoa ere sentitzen dut. Baina astebururako bisitarako poltsa prestatzen ari diren ama horiei begira baretzen naiz. Alargun gelditutako emazte horiei begira pausatzen naiz. Ez dira trintxeraren alde berean egon, baina bakearen haria norabide berean ari dira josten. Batzuetan sentitzen dut herri honek merezi dituen herritarrak dituela.