2017/04/16

GALDER PEREZ
Maleta edo motxila
Etxera buelta egitean, herrira alegia, Euskal Herrira, dena «antzeko parezido» ala berdin-berdin egongo da. Baina zure buru, arima, bihotz eta identitateak atseden hartu dute behintzat, eta berriz ere euskaldun izateko indarrez bueltatu zarela pentsatuko duzu.

Bizitzako erabaki potoloa da, kinka larrian jartzen zaituen momentu ahaztezina, zer eta motxilatik maletara pasatzeko jauzia. Gaur egun ume batzuek ere eskolara gurpildun motxila-maleta eramaten dute, bai, egia da. Gure garaian, ordea, helduen gauza zen maleta, ala beharbada, pijoen pribilegioa. Arnasestuka, sorbaldan motxila pisutsua generaman bitartean, inbidiaz ikusten genituen gurpildun maletak arinki eramaten zituzten horiek. Beranduegi konplexuak kendu, eta gu ere maletaren paradisura pasatu ginen. Gurpila hain aspaldi asmatu izana eta guk hain berandu onartzea gure idiosinkrasiaren beste adierazgarrietako bat omen da. Tira, abiatu ginen gu ere, harro-harro, jantzi pertsonal eta intimoak gurpildun kutxa batean garraiatzearen abentura dotorean. Oporretan soilik, jakina, gure negozioak hegazkina hartzeko inongo beharrik gabe ondoko tabernan egiten baititugu. Maletarekin goaz orain, aurrera doan herria bezala, abiadura handian.

Momentuz mendira motxilarekin igotzen jarraitzen dugu, noski. Askorentzat santu eta beste batzuentzat opor santu diren egun hauei motxila gainetik kentzeko garaia esaten zaie; egunerokotasun aspergarri kapitalista kontsumista heteropatrialkalista karlista esklabista eskapista abolizionista faxista arrazista egoista eta dentista arautuaren motxila errekarako botatzeko egunak, alegia. Zama astun barik hegaz egiteko orduak omen dira motxila bako hauek, eta paradoxikoki motxila (gure gazte martxen ikurra) esaten diogu eguneroko karga ilunari. Izan ere, paradoxa eta kontraesanez betea daukagu motxila. Motxila bera omen da gure kontraesan pisutsuenetakoa. Are kontraesan handiagoa izango da aberri eguna ospatzen dugun honetan opor identitarioekin amets egitea. Opor identitarioak inoiz praktikan jartzeko ezinbesteko jarduera izan behar luke. Gomendagarria eta osasuntsua da tarteka norberaren identitateari opor labur batzuk ematea, nor garen gu, zer garen gu, gu hori guztia egun batzuez ahaztea. Ruperrek kantatu bezala, euskaldun izatea nekeza da. Medikuaren edo psikologoaren preskipzio-prediku berria: egun batzuetarako tratamendua egin, identitate berri bat aukeratu, ezagutzen ez duzun urruneko herri batekoa gomendatzen da, zenbat eta urrunekoagoa orduan eta puxtarri gehiago. Nor eta zer eta nongoa zaren gogoan izan gabe, egun batzuk motxilarik gabe bizi.

Etxera buelta egitean, herrira alegia, Euskal Herrira, dena antzeko parezido ala berdin-berdin egongo da. Baina zure buru, arima, bihotz eta identitateak atseden hartu dute behintzat, eta berriz ere euskaldun izateko indarrez bueltatu zarela pentsatuko duzu. Opor identitarioak egitea, ez da horren zaila. Askoz zailagoa da opor digitalak praktikan jartzea: telefonorik gabeko oporraldia, wifi bako egunak. Eta hori benetako kontu pisutsua da. Antza denez, dagoeneko opor identitarioa opor digitala baino askoz errazagoa da. Nork esan behar zigun, oharkabean, motxila hain erraz aldatu behar zigutenik eta oraindik ere, horrenbeste pisu eraman behar genuenik. Mendira igo gabe, jakina.