JOKIN URAIN
IRITZIA

Joan bitez

Gaitzesgarria eta gaitzetsia da tortura gurean eta guretik kanpo, agintari eta ordezkari politikoen ahotan beste inorenean baino lehenago eta ozenago. «Hitzak ederrak...» diote bertso zahar batzuek, eta ematen du horretatik sobran dabiltzala diskurtso ustez berriak.

Lehengo hileko azken egunetan berripaperetan irakurtzen genuen 1982an Juana Goikoetxea torturatzeagatik zigortutako guardia zibila, indultatu eta saritzeaz gainera, postu politikoak dituzten karguetan mantendu dutela.

Apiril honen lehen egunetan, berriz, Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita epaitutako lau guardia zibilak absolbitzen zituela jakitera eman zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Sandra Barrenetxearen tortura salaketa «berresteko elementu periferikorik» ez ei zegoen eta horregatik absolbitu zituen guardia zibilak. Bestalde, baina, Sandraren salaketa faltsua dela esateko frogarik ez ei dago. Frogak biltzea, «elementu periferikoak» biltzea, ez dakigu zergatik, oharkabean pasatu behar izan zitzaion Sandrari kalabozoan pasatutako egunetan.

Komisarietan, kuarteletan eta epaitegietan sortzen den «literatura» parerik gabea iruditzen zait, eta merezi luke hedapena. “Ipuin tristearen antologia” dagoen moduan, Sandra Barrenetxearen torturen kasuan Bizkaiko Lurralde Auzitegiak egindako Autoa sartu liteke “Ebazpenen antologia” balizko batean...

ETAren desarmatzearen urtea izango da hau, gustatu ala ez; horrela geratuko da historiarako eta horrela gogoratuko dute gaur gazte edo nerabe direnen belaunaldikoek. Ondo legoke desarmatzea beste erakunde eta esparru batzuetara hedatuko balitz. Agintari politiko eta epaileen hipokrisia eta larderiaren desarmea ere merezi dute belaunaldi berriek. Merezi dute hainbeste. Ez baita, seguru asko, ondorengoei uzteko ondarerik eredugarriena.

1981ean Joxe Arregi, 1982an Juana Goikoetxea... eta lehenago eta geroago beste hainbaten torturatzaileen erakunde armatuek ere desarmea egin behar lukete. Edo, desarmatu gabe baina euren armak hartuta, joan bitez gorroto deliturik jasango ez duten lekura, joan bitez etxera... Doazela estimu handiagoa dieten nonbaitera eta eman dezatela bakea.

Mikel, uda dugu atarian eta hor behean lehor eta bero izango duzue laster, baina zure herri honetan udaberriak baditu imajinazioak adina lore eta kolore; urtea, bero balitz ere, lehor izan ez dadin amestu dezagun.