amagoia mujika
IRITZIA

Zenbat balio du zaintzak?

Askotan topatzen ditut inguruan. Batek ile zuri ederra, orraztu-orraztua, azal zuria, zimurtutako irribarre jakintsua, esku argalak, hanka motelak eta urteen pisua oinetan. Besteak ile beltz ugaria, modu jostarian jasoa, azal leun iluna, begi beltz irtenak, irribarre kokina, esku biziak, hanka gazteak eta bizkorrak. Urte asko kabitzen dira bien artean. Milaka kilometro baten jaiotetxearen eta bestearenaren artean. Sentitu ere hizkuntza desberdinetan egiten dute, amaren magalean batek eta besteak hizkuntza desberdina jaso zutelako. Baina elkar ulertzen dute. Bi mundutakoak ziren lehen, baina, orain elkarren ondoan ematen dituzte egunak eta gauak. Eguneko ordu pare bat eta asteburuak kenduta, daukaten denbora guztia, erdibana.

Gure inguruan marrazten ari den zaintzaren mapa erakusten dute. Batek denbora behar du, denbora bukatzen ari zaiolako. Bere hanka motelak arrastaka eramaten lagunduko dioten hanka bizkorrak behar ditu ondoan. Izan ere, bide guztiak bihurtu zaizkio luzeak eta malkarrak, baita ohetik komunerako bide xumea bera ere. Besteak, lana behar du. Emakumea da eta urruneko herri batetik etorria. Bere etxekoak zaindu gabe utzi ditu beste batzuen etxekoak zaintzeko. Eta, hala ere, kostako zaio etxean bezala sentitzea. Emakumea, immigrantea eta etxeko lanetan aritzen dena. Ez du karga makala bizkarrean.

Beti irribarrez ikusten ditut. Herenegun gazteak kontatu zion asteburuan iloba hondartzara eraman zutela, lehen aldia zela haurrak hondartza ikusten zuela. Duela astebete etorri zela Euskal Herrira eta hondartza eta hondartza, besterik ez zuela nahi. Zaharra akordatu zen lehen aldiz Ondarretara joan zen egunaz. Zortzi bat urte izango zituen eta izebak eraman zituen. Gurasoak ez ziren apenas baserritik ateratzen, beti zuten zer egina. Gazteak telefonoan ilobaren argazkia erakutsi dio, irribarrez hondarretan eserita. Zaharraren begiak haurrarenak aditu piztu dira argazkiari begira.

Atzo banku batean eserita ikusi nituen. Zaharra itzaletan, ezpainak gorriz margotuta, kapela eder bat buruan. Gaztea, eguzkitan, ezpainak margo berdinaz margotuta, kontrako norabidean eserita, eguzkia topera harrapatzeko posturan. Biak kantuan ari ziren, ozen, bizi-bizi. Elkarrekin kantatzeko moduko kantuak ere topatu dituztela pentsatu nuen.

Gaur ez ditut ikusi. Igual etxean geratu dira, ohetik komunerako bidea korapilatu egin zaielako edo gaua gogorra izan delako. Zaintzak zirrikitu ilunak eta egoera tristeak izaten ditu. Horregatik da ordainezina. Zaintzen duenak bere bizitza ematen du. Eta zenbat balio du baliorik ematen ez zaien lanetarako bizi den emakume baten bizitzak?