Andoni Urbistondo
kamioilariaren bizimodua

Esperantzara kondenatuak

Igande gauetan Behobiako ordainsaria inbutu estu bilakatzen da. Ehunka kamioik Europa iparrerako bidea hartzen dute, Euskal Herrian kargatutako merkantzia eraman, kamioia berriro kargatu, eta etxera ahalik eta azkarren bueltatzeko. 3.000 kilometro inguru astero, 12.000 hilero, eta bizpahiru asteko atsedena baino ez urte osoan. Trukean, 1.800-2.000 euroko soldata hileko. Merezi ote du? Kamioilari baten eguneroko martxa ezagutu dugu.

Goizaldeko 2:00ak Barbezieux herrian, Bordele iparraldean. Kaxianoren “Zorionak” abestiak egiten ditu iratzargailu lanak Joseba Goikoetxea Xoxokaren kamioian. Ostiral goiza da. Baiona, Euskal Herriko atea, gertu dago, etxe usaina sumatzen da. Bezperan Valenciennes-en entzun da Kaxianoren trikitia, Estatu frantsesa eta Belgika arteko mugan, eta aurreko egunean Dusseldorf-en, Alemanian. Eguneroko liturgia da. Jaiki, barruak hustu, aurpegia busti eta kamioia martxan jarri. Hamar minutuan, egurra. Asfaltoa eta bolante ordu amaigabeak eguneroko menuan, aukera bakar.

Urrun geratzen da igande gaua oroimenean. Sacytrans enpresak Irungo Zaisa 3 terminalean du egoitza. Han dauka kamioia gidari urnietarrak. Paper bobinak daramatza, 19, bakoitza tona batekoa. Alemaniako Hilden herrira joan behar du. Bueltan zer ekarriko duen, eta noiz iritsiko den, ezin jakin. Deskargatu ondoren jakiten da. 20:00ak aldera hasten da mugimendua. Kamioilari guztiak 22:00ak iritsi zain daude. Orduan bukatzen da Lakuak igandeetan kamioiei zirkulatzea debekatzen dien debekua. Aste osorako arropa eta janaria gorde, eta erregai depositua betetzen dute abiatu aurretik. 1.000 eta 1.200 litro artean, bete beharreko distantziaren arabera.

Ahal den guztia, joan-etorri osoa, atzerriko gasolindegiren batean gelditu gabe egiteko. Estatu frantsesan, Belgikan eta Alemanian erregaia Euskal Herrian baino garestiagoa da. 0,92 euro ordaintzen dute litroa Sacytranseko gidariek, BEZik gabe.

Floren, Josebaren laguna, azaldu da. Baita Balaban moldaviarra ere. Portugalen du etxea azken honek, baina kamioian bizi da ia-ia. Urtean behin joaten da jaioterrira. Benta Peiora joan dira, kamioilari guztien bilgunea. Kafe bat –vodka moldaviarraren kasuan, biharamunean ateratzen delako–, tabakoa, ura, azken erosketak... Dena kalkulatua dute. Gaueko 21:30: «Orain Gacela enpresakoak pasako dituk. Amua bidaltzen dute aurretik, mugan jendarmeak zaintzan ote dauden jakiteko. Normalean ez dira egoten, baina hamarrak baino lehen pasatzen bazara, arriskua hartzen duzu». 135 euroko isuna jaso dezakete ordutegiaren gaineko araua betetzen ez badute.

Ordainlekura iristerako ehunka kamioi daude ilaran. Baina azkar egiten da bidea. Ordaintoki guztietan kamioiek modu digitalean ordaintzen dute, pasabide berezi batzuetatik igaroz. Ez dute kamioia erabat gelditu beharrik, 30 kilometro orduko abiaduran pasatu behar dute, eta abantaila handia da hori. Igandeak astelehenari bide ematen dionerako Landetako bihotzean dago kamioia. Bordeleko ingurabidea erraz pasatu du, goizaldeko ordu txikietan ez baitago trafikorik. Lau ordu eta erdi eta kito. Lehen geldialdi luzea. Angulematik gertu. Kamioi barruan bi litera daude, erosoa da, eta loak azkar irabazten dio gidariaren nekeari.

Kamioilariek arau zorrotzak dituzte. Bederatzi edo hamar ordu egin ditzakete eguneko gidatzen; hiru egunetan bederatzi, bi egunetan hamar. Baina lau ordu eta erdi pasatzen direnean, 45 minutuko atsedena hartu behar dute, derrigorrean. Nahi beste atseden har dezakete lau ordu eta erdi horietan, baina 45 minutuko tartea osatuz, gutxienez. Beste arau zorrotz bat. Kamioia martxan jartzen den unean hamabost orduko epea hasten da kontatzen. Goizaldeko 5:00etan jarri bada abian, 20.00etan geratu egin behar du nahitaez. Eta berriro abian jartzeko, beste bederatzi ordu eman geldirik. Takometro delakoak neurtzen du dena, eta, egun, ez omen da horrekin tranparik egiten: «Sekulako isunak jartzen dituzte, 4.500 euro. Ez du merezi, eta oso zaila da, kamioiaren motorrean integratua dagoelako. Iraganean egiten zen, baina gaur egun oso gutxi. Akaso, salgai galkorren garraioan dabiltzan gidariek egiten dute, Gabonetan edo egun berezietan. Orduan eskaera asko handitzen da Europa iparrean, eta eskaera guztiak betetzeko ero moduan ibiltzen dira, bi txofer kamioi bakoitzean».

Xoxoka kooperatibista da. Beste lankide batzuk autonomoak dira. Man markako kamioia dauka, urtebete eskasekoa, leasing bitartez hartua. Kooperatibistek 1.500 euro ordaintzen dituzte hilero kamioiagatik, hiru urtez. Kamioiaren azterketa teknikoak dakartzan gastuak leasingaren barnean daude. Normalean bost urte ematen dituzte kamioi berberarekin, kilometro kopurua milioi ingurura hurbiltzen den arte, baina hiru urte igarota ere, asko dira aldaketa egiten dutenak: «Kamioi berria, beti hobea, badakizu».

12.000 zentimetro kubikoko motorra eta 440 zaldiko potentzia, 40 tonako pisua eramateko. Kamioiak hamabi abiadura ditu, automatikoa da. Horrek asko errazten du gidariaren lana. 90 kilometro orduko abiadura hartuta, bere ardura bakarrak bolanteari adi egotea eta balazta hidraulikoari eragitea dira. Kilometroak, baina, mantso pasatzen dira kamioian, eta gidariak beti bilatzen du distrakzioren bat monotonia hausteko. Batean zigarroa piztu, bestean ura edan, hurrena irrati katea bilatu, eta horiekin nekatu denean, telefono deiak egin, lankideei edo etxekoei.

Parisko gurutze-bidea. Errepideetako tranpatxoekin ere maisuak dira gidariak. Kamioia erosoago joaten da autobidetik, baina horiek garestiak dira, eta gidariek edozein zirrikitu baliatzen dute ordaindu gabeko errepide onetatik joateko. Parisera bidean, Tours-en eta Chartres-en 200 bat kilometro egiten dituzte, sosak aurrezte aldera. Ordu erdi bat galtzen dute, baina 50 bat euro aurreztu. Autobideen tarifen berri entzuteak zer pentsatua ematen du: «Frantzian 350 bat euro astero. Gastu finkoa da hori, Frantzia hegotik iparrera eta iparretik hegora zeharkatzen dugulako astero-astero. Belgikan kilometroko 0,44 zentimo kobratzen digute, eta Alemanian merkeen, 0,11 kilometroko. Atera kontuak, autobia arruntetik joatea komeni zaigun edo ez».

Paris atarian egin du otordua Xoxokak. GPSa piztu du, eta lankideekin hitz egin: «Zer moduz pasatu duk?». Karlosen erantzuna: «Nik ondo, baina goizean pasatu diat, badakik hori bost minutuan zeharo aldatzen dela». Kamioilarien amesgaiztoa da Paris, hamaika milioi biztanleko hiritzarra. Han sartzea irtenbiderik gabeko labirinto batean sartzea bezalakoa da: badakizu sartu zarela, baina ez dakizu noiz aterako zaren. Trafiko bolumena ikaragarria da. Mantso doa kamioia, 20 edo 30 kilometro orduko abiaduran. Port d’Italie irteeran arintzen da apur bat kontua, baina Sena ibaia zeharkatu arte, Paris-Bercy tren geltokia igaro arte, ezin lasai arnasik hartu. Bi ordu luze hiria zeharkatzeko, eta eguneko bigarren atsedenaldia autobide bazterrean egin behar izan du Xoxokak, toki txarrean, atsedengune batera iristeko astirik izan ez duelako.

Valenciennes-en bukatu da lehen eguna, Belgikako mugatik oso gertu. Kostata, atsedenleku gehienak leporaino baitaude. 17:00etatik aurrera kamioi gehienek bukatutzat ematen dute laneguna, eta atsedenguneak betetzen joaten dira. Ikaragarria da hara eta hona mugitzen den kamioi kopurua. Horretaz jabetzeko, ariketa sinplea da hamar minutuz kontrako norabidean datozenak zenbatzea. Atsedengune handienetan 300 bat kamioik hartzen dute arnasa.

Deskarga azkarra... Asteartea da. Deskarga eguna. Itxuraz tramite sinplea da, baina Xoxokak aspaldi ikasi zuen hobe dela txarrenerako prestatzea, dena ondo joan eta etxerako buelta azkar-azkar hasiko dela pentsatzea baino. Pazientzia eta esperantza dira, ogibide honek gehien eskatzen dituen ezaugarriak. Pazientzia, gauzak espero bezain azkar ez doazenean ez ernegatzeko, burua ez galtzeko. Esperantza, gauzak beti bide onetik joango direla sinesteko.

Aachen hiriko atsedenlekuan, Belgika eta Alemania arteko mugan, egin du lehen atsedena. Kamioilarien gustukoa da, dutxak eta komun txukunak baititu. 0,5 zentimo ordaintzen da komunak erabiltzeagatik, eta 2 euro, dutxagatik. Ordubete eskasean Hilden hirian da Xoxoka. GPSak zuzen-zuzenean eraman du enpresara. Arduradunarekin hitz egin du, eta aurretik duen kamioiarekin bukatu bezain pronto hasiko omen dira paper bobinak deskargatzen. Berri ona. Laneko txalekoa eta eskularruak jantzi ditu gidariak, eta atoiko toldoa kendu, karga eusten duten zingilak askatu. Bobinak deskargatu dituzte.

Kamioia martxan jarri aurretik, asteko une erabakigarria dator kamioilariarentzat. «Itxaropenaren deia», esaten dio Xoxokak. Sacytrans-eko bulegora deitzen du, karga hustu duela esateko, eta ea itzulerarako kargarik ba ote dagoen galdetzeko. Baiezkoa eman diote, altzairuzko hodi karga bat zain duela Mulheim am der Ruhr herrian, Hilden herritik ordu erdira. Baina bakarra, karga asteazken goizerako dela. «Enpresara joango gaituk, eta ea gaur kargatzen diguten galdetu», bota du itxaropentsu.

«Morgen, morgen», esan dio arduradunak; hurrengo eguneko goizeko 6:00etan etortzeko. Kamioia enpresa ataritik kentzeko eskatu dio, eta 10 bat minutuan hara eta hona ibili da, autobidea bilatu ezinik. Hogei metroko kamioiak toki asko behar du bihurgunea hartzeko, eta herri barruko kaleetan komeriak edozein txokotan sortzen dira. Atsedengune txiki batean aparkatu du, Essen hirian. Denda txiki bat baino ez du, eta 16 ordu luze egin behar ditu bertan gidariak. Zertan? Portatilean telesail edo filmen bat ikusi, atseden hartu, zeozer jan, irratia entzun, lagunekin telefonoz hitz egin... Aplikazio berriei esker, euskarazko irratiak edo telebistak edonon entzun edo ikus ditzakete garraiolariek. Sakelakoaren erabileran ere aurrerapen handia lortu dute roaming tarifen merkatzearekin: «Orain dela urte batzuk 250 bat euro ordaintzen genituen hilero». Roaming tarifa berriekin, 30 euro ordaintzen dituzte hileko, eta nahi beste erabil dezakete sakelakoa, internet barne.

...karga mantsoa. “Narcos” telesaileko atal baten erdian, deia Sacytrans-etik: «Joseba, nahi baduzu karga bat daukazu gaurko Dusseldorf-en, zauden lekutik ordu erdira. Joango zara?». Joango da. Arriskuak merezi duela uste du. Baina susmo txarren bat hartu dio eskaintzari. Enpresaren izena ezagutzen du, egona da lehenago ere, eta mesfidati mintzatzen da: «Enpresa horretan nahiko axolagabeak direla uste dut...». Hurbildu da enpresara, 16:00etan, eta karga ordua bukatu dela esan diote. Bihar goizeko 6:00etan bueltatzeko.

Asteazken goiza. 05:45. Kamioia martxan jarri du Xoxokak, eta 6:00ak jo aurretik galdategi barrura sartu da. «Gauzak normal, eguerdirako Alemaniako muga pasatzear egon gaitezkek», esan du... baina Alemaniako udaberriko haize freskoak eraman ditu hitz horiek. Gidaria 16:30ean atera da enpresatik, bere onetik aterata. Sacytransera deitu du, berriro galdategi horretara kargaren bila ez bidaltzeko esanez, axolagabe batzuk direlako: «Bederatzi ordu egon naiz zain, eta lau kamioi kargatu dituzte goiz osoan. Txanda aldaketa bat ere egin dute, zain geunden guztiok izorratuz».

Izorratu. Hitz egokia, Josebak 20:00etarako kamioia geratu egin beharko duelako. Enpresako langileen axolagabekeriagatik lau orduz bakarrik ibili ahal izango da egun osoan (bederatzi orduz ibil zitekeen), kamioia goizaldeko 05:45ean jarri baitu martxan. «Amorratzeko modukoa da, beraien erruz ostiralean iritsiko garelako etxera. Ordu batzuk lehenago kargatu izan balute, ostegunean etxean ginen, baina, halakoak gertatzen dira». Okerrena, gainera, isilik geratu behar hori omen: «Eurek erabakitzen dute, eta nik presa izatea beraiei bost axola». Sacytranseko bulegoko langileak, gainera, deskargatzera noiz iritsiko den galdetu dio, ostiral goizerako eskatu dutela karga Araban: «Ez naiz iristen», bota dio Xoxokak. «1.500 kilometro geratzen zaizkit eta 18 ordu takometroan. Ezinezkoa da!». Deia bukatu ondoren mingaina astintzen jarraitu du Xoxokak: «Hemen denek eskatzen dute, baina inork ez du ulertzen ezinezkoa dela. Gainera, badirudi gu garela errudunak, bitartekari hutsak garenean. Guk karga eraman eta uzten dugu. Beste guztia ezin dugu kontrolatu».

Motorra estutu du apur bat gidariak, Valenciennes-eko Routiere edo atsedengunera iristeko. Han garagardo bat edan du, eta afari goxoa jan: buffeta aukeran lehen platera, eta oilaskoa bigarrena. Onartzeko moduko salneurria, 14 euro. Kamioi barruan, eta literan etzan aurretik, azken kalkuluak. «1.000 kilometro Irunera, baina Paris zeharkatu behar dugu. Bordelera iristen bagara, gaitz erdi». Ez da iritsi. Barbezieux herrian egin du azken geldialdia, Bordeletik 70 bat kilometrora. Ostirala. Etxe usaina. Baina egun gogorra. Goizaldeko 02:30ean jarriko da martxan.

Bordele ziztu bizian pasatu du, Garona ibai gaineko zubi dotoretik. Landetako bide zuzenetan Euskadi Irratiko doinuak, entzuleen abesti eskaerekin. Asko etxera bidean datozen kamioilarienak dira. Irunen 200 litroko karga egin du, eta Izoriarantz abiatu. 09.10ean iritsi da, enpresak eskatu baino ordubete beranduago. Baina han ere zain geratu behar izan du. Lan bakarra geratzen zaio Xoxokari etxekoen epeltasuna sentitzeko. Igandean martxa egiteko kargatzea. Azkoitiko galdategira bidali dute. Arratsaldeko 5:00ak dira Maingunea baserrira heldu denean. Etxekoen agurra jaso du. Beste aste bat. «Aste ona izan da. 3.000 kilometro pasako buelta, sos ona irabaziko dut. Guztiak antzekoak balira...». Esperantzara kondenatua dago Xoxoka. Bere lana ezustekorik gabe betetzeko esperantzara. Baldintza ekonomikoak hobetzeko esperantzara. Urte batzuen buruan garraio nazionalean murgildu, eta egunero etxera lotara bueltatuko den esperantzan, «egun bizi naizen moldean ezin delako bizitza osoa eman». Esperantza, igande gauren bat iritsi, eta kamioiko literan ez, bere baserriko ohe goxoan lo egiteko aukera izango ote duen.

1.800 euroko soldata. Hilabeteko 22-24 egun etxetik kanpo pasatu, kamioi batean, milaka kilometro eginez... Bakarren batek pentsatuko du ogibide horrek soldata mamitsu bat izango duela alde on. Joseba Goikoetxeak bere soldataren berri eman du: 1.800-2.000 euro inguru hileko. Ona al da? «Lanaren ezaugarriak ikusita on-ona ez». Sacytrans enpresak 0,78 euro ordaintzen dizkie kilometroko kooperatibista direnei. Hilean 12.000 kilometro egiten badituzte, gordin 9.360 euro jasotzen dituzte. Gordinetik garbira, ordea, jauzi ikaragarria dago.

Kenketen zerrenda kamioiaren leasingarekin hasten da: 1.500 euro. Gurpilak aldatzeko 115 euroko fiantza jartzen dute hilero. Erregaian ere dirutza joaten da. 100 kilometroko 32 litro erretzen ditu Man etxeko kamioiak, 4.000-4.500 diesel litro hileko: 4.000 euro. Autobideak, Frantzian bakarrik, 1.400 euro hileko. Belgika eta Alemaniakoa batuta, kopuru horren herena, gutxi gorabehera. Autonomoen saria gehitu hilero, 270 euro, telefonoa beste 30 euro. Otorduak, higienea.... Merezi al du? «Niri bai, bikoterik eta seme-alabarik ez dudalako. Familia bat baldin badaukazu... gogorra izango da! Gustuko izan behar duzu kamioia eramatea, bestela ez duzu asko iraungo». Xoxokak asumitua du hileko lehen bi asteak kamioiaren gastuak ordaintzeko direla eta bi azkenekoetan irabazten dela soldata. Autonomoek ere egiten dute lan Sacytrans enpresarentzat. Horiek kamioia eta atoia euren diruarekin ordaintzen dute, eta kilometroko tarifa handiagoa jaso enpresaren eskutik. Kamioiak (traktorea esaten diote beraiek) 90.000-100.000 euro balio du, eta atoiak 35.000 inguru. Erregaia BEZarekin ordaintzen dute, eta faktura asko sei hilabetera ordaintzen dira. «Nik nahiago dut ziurtasuna, eta kooperatibista izateak ematen dit hori. Guri enpresak puntual ordaintzen digu hilaren 15ean, eta lana ziurtatzen digu astero. Hori, gaur-gaurkoz, garrantzitsua da».