2017/05/14

amagoia mujika
Garuna
Teknologia berriak dagoeneko garuna moldatzen ari dira. Natibo digitalek memoriaren kudeaketaz arduratzen den partean konexio gutxiago dituzte, garunak ulertu duelako ez dituztela behar. Dagoeneko inork ez ditu lagunen telefonoak gogoratzen. Total, zertarako?

Garunak jakin-min handia sortzen dit, betidanik. Gure organoetan ezezagunena da, ikertzen zailena delako eta, era berean, garunak zuzentzen du dena. Batzuetan, parean duzunaren garunaren jirak ulertu nahian, begietara begiratzen diozu zuzen, barruan gertatzen dena bi zulo horietatik ikusi nahian. Eta parekoak atea ixten du, ez dezazun ezer ikusi. Izan ere, norberaren garunaren zirrikituak bistaratzea biluzteko dagoen modurik bortitzena iruditzen zait. Neronek ez badakit oso ondo hor barruko milioika konexioak nola moldatzen diren elkarren artean, nola utzi beste inori hor miatzea?

Begien kolorea, behatzen forma edo ilearen kolorea geneek ematen dute. Eta gure izaera eta pentsamendua ere ba omen dator geneetan. Garunak ba omen du, beraz, heredatzen den parte bat; baina biologiak eta bizi garen inguruak moldatu egiten dute. Hezkuntzak eta ezagutzak ere egiten dute garuna. Aukera bikaina, beti norabide onean erabiliko balitz.

Teknologia berriek, esaterako, dagoeneko egin dute beren partea garuna moldatzeko ariketa horretan. Ingurura begiratu besterik ez dago. Beti konektatuta eta beti deskonektatuta, halaxe gabiltza. Pantailaz bestalde hizketan ari zaigun horri lehenbailehen erantzuten eta kopeta pareko farola horretan utzita.

Hori kanpotik ikusten dena, baina barru-barruan ere aldatu gara. Esaterako, natibo digitalek memoriaren kudeaketaz arduratzen den partean konexio gutxiago dituzte. Zergatik? Garunak ulertu duelako ez dituztela konexio asko behar parte horretan, hori guztia aparailu digitaletara bideratu delako. Kanpoko memoria bat bagenu bezala. Dagoeneko inork ez ditu lagunen telefonoak gogoratzen. Total, zertarako? Horretarako daude telefonoko agendak.

Nire aita hunkitu egiten da bere lehen kotxearen matrikula gogoratzen duenean. Ez du ezertarako behar, baina matrikula ahoz gora esaten duenean hor barruan zeozer pizten zaio, zenbaki eta letra horietan gordetzen dituen bizipenak akordatzen zaizkio.

Aldiz, belaunaldi gazteenen garunetan badira indartu diren konexioak, datu asko pilatzea ahalbidetzen dutenak adibidez. Lehen informazio bila liburutegira joaten ginen, pare bat liburu kontsultatzeko. Orain, hogei orrialde desberdin izan ditzakegu irekita aldi berean ordenagailuan, eta denetatik zeozer jaso.

Garuna ingurura moldatzen da, unean unean eskatzen dituen gaitasunak bizkortuz. Biziraupen hutsa, isatsa galdu genuenean bezala. Ez nuke galdu nahi, baina, parekoari begietara begiratu eta bere barruan gertatzen ari dena jakiteko grina. Errazagoa bihurtzen ari baita makal ikusten duzun lagunarekin arratsaldea pasatu eta etxera iritsitakoan whatsapp bat bidaltzea: «Ondo al zaude? ».