Alaia Martin
IRITZIA

Ohoreka

Ados jartzea ondokoak hanka bat pixka bat zapal dakizun onartzea da. Min egin gabe, traba bakarrik. Batzuetan hanka zapaldu aurretik sentitzen dugu mina, eta tarteka badaezpadako ostikada jaurtitzen dugu, geure babes eremua airean marrazteko.

Hiru pertsona mota daudela esango nuke. Beti beren buruarekin ados daudenak, beren buruarekin sekula ados ez daudenak eta batzuetan ados daudenak eta besteetan ez. Pentsa ezazu ezagutzen dituzun pertsonen gehiengoa zein taldetan kokatuko zenukeen. Pentsatu baduzu, eta nik nahi dudan bezala pentsatu baduzu, lehen taldean kokatuko dituzu gehienak.

Balore ezberdinak dauzkagu pertsonok. Balore ezberdinak baino, dosi ezberdinetan eta lehentasun maila ezberdinetan dauzkagu baloreak pertsonok. Eskuin-eskuineko eta ezker-ezkerreko pentsamoldedun mingainek antzeko baloreak defendatuko dituzte jendaurrean behintzat, baina erabat hurrenkera ezberdinean egongo dira piramidetuta baloreok.

Nork bere baloreen aldeko apustuak egiten dituenean –bidean zerbait galtzen dela jakinda–, zorrotzago exijitzen dio parekoari balore horiek berak errespetatzeko, eta erraietan hain baloragarri ez zaizkion baloreetan begirada gortinatuagoa izaten du. Enpatia dei geniezaioke horri, edo autozigorrerako ohitura eskasak sortutako autobarkatzeko joera bestela.

Besteak egurtzeko –eta ondorioz sutzeko– gure seigarren zentzumenak laguntzen digu gure akatsak arrazoiz bustitzen eta besteenak testuinguruz lehortzen. Gainera ez dugu inor konbentzitzeko egiten hori, geure buruarekin ados egoteko baino. Geuretzat. Self service. Alderdi politikoetan gero eta gehiago diagnostikatzen da berdina ezberdin eta hurrenkera ezberdinean defendatzeko arritmia gaitz hori. Baita bizitzaren alderdi politikoetan ere.

Zentzumen bat eskastean gainerakoak suspertzen direla gauza jakina da, eta hori bera gertatzen zaio aipatutako seigarren zentzumenari. Oinarrizko bostak ahul samar dauzkagula, eta seigarrenak hartzen diela gaina…Eta azkenean zer? Entzumenak ukimenari «ez nauzu entzuten» esaten dion bitartean, ukimenak laztan bat eskatzen diola entzumenari, eta ikusmenak dastamenari «ez duzu egia ikusi nahi» esaten dionean aho zapore txarra geratzen zaiola usaimenari, aurrez ez susmatzeagatik pozoiarena zela ahoan hain gustura zerabilen gustu hori, eta entzumenari egozten diola errua, sentsazioz ukitua ez behar bezala dastatu izanagatik. Norberak aukeratzen du oro har, zenbateraino entzungor, zenbateraino dastagaitz, ukiezin, itsu eta perfumatu. Norberak bezala, norberaz kanpo nor diren guztiek. Oreka ez delako egoka eta ohoreka etortzen. Oreka ere erori egiten da.