JOKIN URAIN
IRITZIA

«Zurriolan ta Kayian»

Bere balizko ezteietarako suzko zezenak imajinatu zituen Txirritak “Zurriolan ta Kayian”. Egundoko juerga. Orain, bera joan eta laurogei urte pasatxora, ikusiko luke Illunbe plaza ederrean botatzen dituztela zezenak, Madrildik datozen erregeen aintzarako, eta gaitz egingo litzaioke leku horiek guztiak eta bertan dabilen fauna memorian zuenarekin egokitzen. Geuri gaurko Donostia eder, dotore eta argiz hain hornitua antzinako haren argazki zaharretan aurkitzea kostatzen zaigun bezain gaitz edo gaitzago.

Bere sasoiko haien antzeko sagardotegi eta txokorik ez luke erraz aurkituko gaur Txirritak, eta onartu ere gaurko Donostiak ez luke aise onartuko orduko haien moduko taberna zulorik, ez behintzat edonoren bistan; ez luke begi onez hartuko orduko Zurriola eta kairik eta halako jarduerarik. Itsusi egingo lukete… Eta dotore ematea da kontua, ezta?

Turistak ikusiko zituen Txirritak bere garaian, Canovasen alarguna eta haren klasekoak, diotenez bederen. Baina gauza bat da oporraldian datozen udatiar batzuk ikustea hotel atarian edo balkoitik begira edo... Eta beste gauza bat, turista artean galduta bezala ibiltzea, kanpotar sentitzea turistentzat prestatzen den Donostian.

Turismoa eta euskaldun ez diren turistak lehentasun dituela ematen baitu gipuzkoar hiriburuak. Zurriolako hondartza ertzean, joan izan bazina lehengo udan kafetxo bat eskatzera, eta zure aurrean zegoenari ingelesez eta irribarrez kontutxoak eginez zerbitzatzen ziola ikusi ondoren eskatu izan bazenio, «Egun on; kafe bi…», «No entiendo...» erantzungo zizun. Guri hala erantzun zigun behintzat. Eta segidan azalpen polita, hizkuntzena ez zela bere arazoa, berak zerbitzatu bakarrik…

Ostatu eta taberna atarietan gazteleraz eta ingelesez ongietorriak eta eskaintzak. Ez dakit idatzita ipini beharrik gabe ere euskaldunak ongietorriak direlako ote den, edo pentsatu behar den euskaldunek ez dutela ongietorriarena idatzita ikusi beharrik, edo hiriburua dotore egiteko behar-beharrezkoa den euskara begi bistatik kendu eta ingelesa muturraren aurrean ipintzea, edo gaizki pentsatzen duenak bakarrik suposatu behar duen euskaldunak eta euskara ez direla turismo guneetan hain ongi etorriak...

Ismael, Txirritak zioen moduan, «maisu batekin eskolan» hasi beharko dugu laster, ingelesez edo esperantoz jakiteko eta zenbait jarrera ulertzeko.