GALDER PEREZ
IRITZIA

Bufoiaren argia

Miroslav Holub zientzialari eta poetak ume baten ahoan galdera jarri du; jadanik inortxok ere irri egiten ez badu bufoiek orain zer egiten duten galdetzen dio amari. Guk, bitartean, amari kontatzen diogu etengabe barre egiten digutela gupida barik. Eta, bai, ama, etorkizunean irri egingo dugun ziurtasuna ere badugu. Gaur egunera etorrita momentu historiko honek estalitako laino beltz horretan bufoiak berak ere desegiten, edo eraldatzen, ari direla ematen du. Garai patologiko hauetan, beste hainbeste kontzeptu bezala, izan demokrazia, izan nazionalismoa, ezker edo eskuin, bufoiaren kontzeptua adiera ezberdina hartzen ari delakoan nago.

Bufoiak garai batean errege-erreginen ondokoak ziren. Beren trufa, pantomima eta komeriazko egia potoloekin, agintari zerutarrak lurrera ekartzen omen zituzten. Frantziako Frantzisko I.aren ondoan zegoen Triboulet historian gogoangarrietakoa da. Hamaika alditan ihes egin zion heriotza-zigorrari bere zorroztasun eta graziari esker. Zentsurari ihes egin behar zioten paradoxikoki monarken langile horiek, mendeetan gogortzen joan zen eta doan zentsuraren ondorioz. Gogoratu bestela Verdiren Rigoletto inspiratuko zuen Victor Hugoren “Le Roi s’amuse” antzezlana edo gaur egungo txiolarien debeku eta zigorra.

Euskal aktore asko bufoi izateko jaio ziren, baina sutara bidaltzeko sorgin bihurtu dituzte une ezegonkorrok eta bele beltz diren txiolariek. Euliak eta kaka, aktoreak eta boikota, duela urte gutxi biraka hasitako gurpila eta oraindik ere maldan behera buelta etengabean doan suzko bola. Nori interesatzen zaio, baina, aktore baten trufa, antzezpena, sarkasmoa eta egia, sareetan jipoiak banatzen dituen jendea badabil.

Hamarkada beldurgarri honen hasieran kazetariak omen ziren bufoiekin lehian, elitearen eskupeko bozgorailuak, alegia. Egun, ordea, eliteak berak nahiago du bufoi izan, erdibidekorik gabe. Ikusi besterik ez dago Parlamentuan politikari batzuek erabilitako hitzak, duela gutxi Gasteizen botatako «buah txabala» hura, esate baterako. Politikarien artean omen dabil biraka aspaldi egungo suzko farandula.

Zientifikoki eta poetikoki esan dezagun bada, bufoi beharrean sorgin izateko jaio ginela eta su handi batean erre nahi gaituztela. Suak, baina, argituko du gure bidea. Oraindik ere ilunpetan baikabiltza argi bila, baina burua argi eta han urrunean ikusten dugun hori argia da; berriz ere eszenatoki batean bufoia argiztatutako duen suaren argia da.