amagoia mujika
IRITZIA

Nerabezaroaren arrakalak

Guk ere hausten genituen arauak eta bagenituen sekretuak, gurasoei kontatu ezinekoak. Aldrebeskeria handia iruditzen zitzaigun esandako orduan ez bueltatzea etxera. «Ordu bietan etxean». Eta gu, ordu bietan, etxeko atarian eserita. Ordu erdi berandu iritsi beharra zegoen, nahiz eta logaleak jota egon atariko harri hotzaren gainean eserita. Nerabearen arau nagusietakoa araua haustea izaten delako, erabaki propioak hartzen dituela adieraztea, gurasoen begietatik aparte dagoen bizitza zirraragarria gozatzea eta, askotan, sufritzea.

Gurasoen begietatik aparteko gure mundua, baina, ez zen hain zabala. Gurasoek ikusten ez zituzten asko gurasoen lagunek ikusten zituztelako, edo lagunen gurasoek. Akaso, ez gaur egunean bezain bizkor, baina berandu baino lehen enteratuko ziren etxekoak gure aldrebeskeriez. Seguru.

Gaur egun gurasoen begietatik aparteko mundua, baina, luzea eta zabala da, pantaila txiki batean kabitzen dela iruditu arren. Luzea, zabala eta oso-oso apartekoa. Aukeraz josia eta arriskuz betea. Pantaila horietatik aparte bizi den sei urteko txikiak amari esan dio kontuz ibiltzeko, «la gallina azul» izeneko joko bat dabilela hor zehar, eta hori ez jartzeko bere telefonoan. «Zergatik» galdetu dio amak, eta txikiak, «suizidatzeko agintzen dizulako». Amak, harrituta, «zer da ba suizidatzea?». Eta, txikiak, «ez dakit, baina gauza txarra behar du izan».

“La Ballena Azul” izena du, Errusian sortu zuen psikologiako ikasle batek duela urtebete eta dagoeneko ehundik gora nerabe suizidatu dira «joko» esaten dioten horren harira. Sare sozialen bitartez harrapatzen dituzte parte-hartzaileak, gehienak 12-16 urte bitartekoak, eta 50 proba osatu behar dituzte. Horietan azkena beren buruaz beste egitea. Oso jostagarria, ezta?

Fenomeno aldrebes horretan bada bereziki kezkatzen nauen datu bat: aurretik beren buruari mina egiteko inongo asmorik agertu ez duten nerabeek beren buruaz beste egiten dute. Suizidatzeko tentaziorik ez zuenak, altuera batera igo eta bere burua botatzen du, proba bat gainditzearren. Adituek diotenez, aplikazioa sortu duen psikologiako ikasleak ondo ezagutzen ditu nerabezaroaren arrakalak eta zirrikituak eta neurri-neurrira diseinatu du, parte hartzaileak nahi bezala maneiatzeko. Eta galdera sortzen zait: Zer irabazten du berak suizidatutako nerabe bakoitzarekin?

Jakintzaren eta ezagutzaren jendartea omen. Arazoa da oso gutxitan erabiltzen direla horiek norabide egokian.