JOKIN URAIN
IRITZIA

Kraka

Bizkaiko Foru ahaldun nagusia kexu zen joan den hilean, birziklatze maila eskasak omen ditugulako, eta zabor ekoizpena handia, nonbait. Erlaxatu egin omen da jendea, eta datuak ere eman zituen, ehuneko ez-dakit-zenbat birziklatu behar omen genuke, Europako tasa halako urterako ez-dakit-zenbatekoa... Zerbait ekoitzi behar-eta, zaborra ekoizten dugu itxura denez sobran, eta ekoizten dugun zabor horrek ematen digu nahiko buruhauste eta lan, eta entretenimendu moduak ere bai. Hemen ekoiztua hara eraman, hor jaurti, horra garraiatu... eta zabor horren erabileraz eta azken patuaz eztabaidatu, batez ere, agintari politikoen luzimendurako eta auskalo zer gehiagorako.

Beste gauzetan legez, estetikan ere gustuak bakoitzak bereak izan ditzake, zilborra bezalaxe alegia, eta zaborrari dagokionez ere horrela dela ikusi izan dugu. Ez da oraindik urte asko igaro Gipuzkoan etxe askotako leiho, balkoi eta gainerakoak zabor sortaz hornitzeko joera hura izan zenetik; arrosa sortek edo geranio gorriek bezain polit egiten zutela iritzi zion, beharbada, hainbatek, eta zergatik ez ezarri geure kraka zintzilik, guztien ikusgarri. Polit egiteaz gain, politika egiteko modua ere bazen, jakina, eta gerra egiteko modua, beraz.

Zubietan, Donostiatik ezkutu samarrean, erraustegiaren obrak hasten ziren eguna egun handia zela esan zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak, mikroen aurrean satisfazioz enpo, puztuta, eta horrek eztabaida antzu edo mugagabeei amaiera ematen ziela gehitu zuen. Horrela erraustu eta desagerrarazi ahal izango dugu laster dirudienez gero eta oparoago sortzen dugun kraka, erraustegiak ere gero eta zabor gehiago behar baitu baliagarria izango bada, eta bizkaitarrek ere hortik ikasi eta beste erraustegi berri handi bat egin behar lukete, beraiek ere desagerrarazi ahal izateko papera eta plastikoa, organikora doazen bakailaoa eta txuleta hezurrak, zura eta kristala eta aurrean harrapatzen duten guztia. Eta, eboluzioaren azken pauso modura, beste zer errausturik gabe geratzen garenean erraustegia bera birrindu eta erraustu ahal izango dugu beharbada, erraustu behar euforiko horrek ez bagaitu lehenago denok deboratzen.

Nahita ere ez daukagu erraza zenbait gaiz libratzea, Andoni; bakasta gisa itsatsi zaizkigun gai bizkarroiak dira, naturaren bizkarroi lehenak geu garelako, seguru asko.