GALDER PEREZ
IRITZIA

Erantzun-marka

Gure Esku Dago-ren ekimenez galdera-marka erraldoia osatzeko aukera izan genuen Bilbon. Erabakitzeko eskubidearen inguruan landutako adostasunekin jarraitu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen berria izan zen atzokoa. Arnasa bezala berezkoa izan behar genukeen erabakimena lortzeko zenbat iniziatiba egin behar dituen herri batek. Gure historiaren une jakin honetan, erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenentzat galderak bikoizten zaizkigu. Egunen batean, laster espero, erabakitzeko aukera gauzatzen denean iritsiko da galdera, eta ondoren, erantzuna, erantzunak. Erantzun-ikur erraldoirik balego, batek daki zein marraztuko lukeen Euskal Herriak.

Herri gisa, erantzun-marka potolo hori sortu aurretik, beharbada komeniko litzateke beldurrik gabe egunerokotasunean galderak eta erantzunak egiten joatea. Izan ere, gau zoroetako elkarrizketa mamitsuetan salbu, errutinan joandako egunetan bota eta erantzuten ditugun galderak superfizialegiak dira gehienetan, igogailukoak legez. Egin ohi diren galderak (eta ondorioz, erantzunak) errutina hegemoniko patxadatsua mantentzearen aldekoak dira, ustezko oreka harmonikoa galtzeko beldurrez eginikoak. Faltan botatzen da kalean, lagunartean, etxean, lanean edota igogailuan zintzotasunez galdetua izatea. Galdera zintzoak ez daude modan. Galdera zintzoek erantzun zintzoak jasoko bailituzkete eta, ziurrenik, hori da, hain zuzen, jaso nahi ez dena, benetako erantzuna, harmoniaren kontrakoa.

Eta horrela, azken pisuraino goaz, ez baikaude egia biribilak entzuteko prest, biribila den gure puxika lehertuko lukeelako. Baina barrenean dugun erantzuna eta erantzunak jakinik, airera botatzen ez ditugunez, erantzunaren ez-erantzunez ito egiten gara.

Demagun orain galdera zintzo eta beharrezkoak egin, egiten direla. Eta, orduan gure teklatuek zenbat erantzun- ikur behar izango dute? Teorian, pertsonak bezainbeste, edo pertsona horien iritzi eta sentimendu kopurua. Baina hain zuzen ere, hori litzateke okerrena; galderak egiteko bezala, erantzunetarako ohitura falta dela medio, ikurra bera bakarra izan daiteke. Erantzun mota gutxi, alegia. Ustezko puxika puztua. Halaxe, bada, hobe dugu ezer gertatuko ez balitz bezala igogailuko galdera inozoekin bizitzen jarraitu. Ez gara zoriontsu izango, baina ez dugu sufrimendurik eragingo.

Eta? Zer? Zelan?