amagoia mujika
IRITZIA

Gure dendak

Etxetik auzoko dendara ehun bat pauso kontatzen genituen gure hankak motzak eta oinak txikiak zirenean. Enkargu bat egitera bakarrik bidaltzen gintuzten lehen aldia garrantzitsua izaten zen, “handiak” egin ginen seinale. «Zu ja handia zara. Jaitsi bakarrik dendara eta ekarri esnea». Ehun pauso garrantzitsu ematen genituen orduan. Etxetik dendara, bakarrik, helduen laguntzarik gabe.

Baina, kalean, auzoan, etxean bezala sentitzen ginen. Dendara iristeko pasatzen genuen arrandegiko erakusleihoan geratzen ginen, sudurra kristalean pegatuta, arrainari begira. Arrandegikoak gure izenez deitzen zigun, bazekien nor ginen, zein etxetakoak. Aurreraxeago, etxetik 60 bat pausora, beti atea zabalik zeukan garajea. Apaletan etxean poteratutako tomate potoak, simetria perfektuan. Hango pareta hartan erremintak zintzilik, ondo ordenatuta. Eta lanerako mahaian auzoko aitona hura. Jubilatu ondoren ere eguneroko orduan ateratzen zen etxeko ataritik, alboko garajean saltsan aritzeko. Desberdintasun bakarra, bere esanean, jubilatu ondoren etxeko zapatiletan egiten zuela lan. Eta, etxetik ehun pausora, auzoko denda. Han ere gure izenez esaten ziguten. Batzuetan, kanbiorik ez zutela-eta, goxokitan ematen zizkiguten bueltak.

Etxera buelta beste aldetik egiten genuen. Lagunen bat ikusteko aukera handiagoa zegoen auzoari buelta osoa emanda. Harategiko kristaletik lagunen gurasoak ikusiz gero, mezu bat bidaltzen genien segituan. Burua harategiko atetik sartu eta builaka, «esango diozu Saioari futbol zelaian egongo naizela?». Sare sozialak.

Hazi nintzen auzoaren antza dauka orain bizi naizenak. Etxeko txikiena ogi bila bera bakarrik bidali genuen lehen aldian sentitu zuen zirrara ezaguna egin zitzaidan. Pozik jarri zen, “handia” egin zen seinalea zela ulertu baitzuen. Ni, berriz, lasai nengoen, nire gurasoek aurreneko aldiz auzoko dendara bakarrik bidali nindutenean zeuden bezain lasai. Etxetik okindegira dauden hiruzpalau erakusleihoetan ezagutzen dute gure txiki “handia”. Badakite nor den eta zein etxetakoa den. Eta bera kalean, auzoan, etxean bezala sentitzen da. Bere izenez deitzen diote eta seguru sentitzen da.

Denda txikiek, herriko dendek, kaleari ematen dioten argia sekulakoa da. Kalea bizi-bizia egiten dute, gertukoa eta segurua. Toki askotan, baina, gero eta gehiago dira itzaltzen ari diren erakusleiho txikiak, aurrera egin ezinda, saltoki handien konpetentziak itota. Kezkatzekoa da, herriko denda txiki horiek egiten baitute herria, zure izenez ezagutzen zaituzten toki zoragarri hori, etxeko ataritik kanpo ere etxean bezala sentitzen zaren toki zoragarri hori.