Andoni Urbistondo
italiako giroa

Gurpilen sorginkeria

Euskal Herrian txirrindularitza zale sutsu garen sona daukagu. Errepide bazterrak lepo betetzen dira gurean korritzen diren probetan. Ikurrinak dantzan ikusten dira, profesionalek eskertza mezuak ematen dizkigute sare sozialetan, han eta hemen loreak eskaintzen dizkigute... baina ez daukagu Giroaren edo Tourraren magia, handitasuna, historia. Giroak badu zerbait berezia: sentimendua, mendate ikaragarriak, Italiako jendartea mobilizatzen duen indarra, pasioa! Herri, hiri, bailara, mendi, belardi eta elur-zelaiak arrosa kolorez janzten dira, Giroko ikur ezagunenaz. Gurpil batzuen jira-bueltan milaka zale batzen dira Alpeetan, Dolomitetan, urtero.

Tradizioz, euskal txirrindularitza zaleak Frantziako Tourrean bilatu izan du bere txokoa. Faktore asko izan ditu lagun, horretarako: Pirinioen gertutasuna, uztaila opor hilabetea izatea, Tourra egutegiko lasterketa garrantzitsuena izatea, giro beroa... edozeinek gogoratuko ditu Luz Ardiden, Tourmalet edo Aubisquen gora milaka ikurrina euskal txirrindularien inguruan. Giroak, aldiz, baditu muga pare bat. Aintzat hartzeko modukoak. Distantzia, bata: 1.500 kilometroko bidaia luzea. Egutegia, bestea: maiatza. Astebeteko oporraldia hartzea ez da erraza.

Azken urteetan, ordea, ikurrinak eta euskal herritar kopurua asko hazi dira Italiako Giroan. Duela hiru hamarkada «ero» kuadrillaren bat edo beste bakarrik joaten zen, Marino Lejarreta handiaren balentriak jarraitzera. Giroa telebistan ikusten ez zen garaiak ziren, artean. 90eko hamarkada hasieran Miguel Indurain txapeldun nafarrak egun oraindik itzali ez den harra esnarazi zuen. Bukatu berri den Giroan ehunka euskal herritar pilatu dira Mortirolo, Passo Stelvio eta Passo Pordoi igoera mitikoetan. Horietako batzuek Mikel Landa murgiarraren pare jarri nahi izan dute, mendatetzar horiek konkistatu, majo sufritzearen truke izan bada ere. Zale-talde horietako batzuek urtez urte Girora joateko ohitura hartua dute, dagoeneko.

Zergatia? Han dauden mendateak ez daudelako beste inon. Tourrekoak mendate luzeak eta etzan samarrak badira, Girokoak oso bestelakoak dira: motzagoak baina pikoagoak. Alegia, ikusgarriagoak zaleen begietara, ikuskizuna eta erasoko txirrindularitza errazten dutenak. Stelviok, Gaviak, Mortirolok, Pordoik, Marmoladak eta beste mendate askok xarma berezia dute jarraitzaileen begietara. Erronka sortzen dute zikloturista saiatuarengan, eta bidaia luzearen zama arinduta, dena da aldeko. Paisaia ere marrazki bizidunetakoa da, erpin zorrotz eta tontor ikusgarriak nonahi.

Giroan ez dago Tourreko masifikaziorik, ezta frantziar Estatuko jendarmeen arau zurrunen arrastorik ere. Giroan edozein mendate igo daiteke tropela bertatik igaro baino minutu batzuk lehenago, eta garraio publikoa ere antolatzen dute jendeak autoa herrietan utzi eta errepide bazterretara autobusetan igo dadin. Hori Tourrean ezinezkoa da. Lasterketa pasatu ostean ere bailarara bueltatzeko prozesua askoz azkarragoa da. Tourrean orduak pasa litezke ziklistak ikusi eta mendate bat jaitsi arte, auto ilarengatik. Giroan ilarak beste arrazoi batzuengatik sortzen dira: Bormio edo Canazei herrietako terraza batean tokia bilatzean, eztarria freskatzeko.

Pasio arrosa. Giroak arrosa kolorea du ikur. Probako liderrak kolore horretako maglia eramaten du soinean. Jainkoaren pare gurtzen dute, eta arrosa koloreak dena zipriztintzen du Italian. “Gazzetta dello Sport” kirol egunkari ezaguna arrosa kolorez argitaratzen da. Giroa pasatzen den herrietan arrosa koloreko puxikak, pankartak eta beste jartzen dituzte, eta nahi ez duena ere ezinbestean jabetzen da Giroa bisitan datorrela eskualde hartara.

Italiak, italiarrek, bizi egiten dute Giroa. Eurentzat gizarte ekintza baten parekoa da Giroa, festa nazionala. Futbolean azzurro-en selekzioak edo Juventus taldeak jokatzen duenean bezala (Italian zale gehien duen taldea). Herria gelditu egiten da, eta Giroari ohore egiten zaio. Arrosa kolorea desagerraraziko duen inor ez da jaio oraindik Italian. Diotenez, Benito Duce Mussolini diktadorea saiatu zen, berarentzat emagizon kolorea zelako. Mussolini joan zen, eta arrosak indartsu dirau gure egunetan.

Giroak aski ezaguna egin den leloa ere badu. Lehen aldiz joaten denarentzat badu misterio puntu bat, baina azalpen sinplea du. Errepide bazterretan, herrietan eta beste leku batzuetan «W il Giro» esaldia ikusten da. Izan elurretan margotuta, izan belar fardoekin irudikatuta, izan bizikletekin egindako mosaiko bitartez. W hizkiak istorio bitxia dauka. «Viva» esan nahi du, baita «lunga vita» ere (bizitza luzea). Italiar sentimendu edo nortasunarekin zerikusia dauka, eta egun ezagutzen dugun Italiaren sorkuntza garaikoa da. Trieste hirian du sorburua, Eslovenia eta Kroaziatik gertu. Willier Triestina taldeak Giroa korritu du (talde horretako kide izan da Giroan Julen Amezketa nafarra), eta Willier izena «Viva L’Italia libera e redenta» esaldiaren akronimoa da. Alegia, «Gora Italia libre eta askea».

Lasterketa hau da herri sentimendu gehien sortzen duen ekitaldia Italian. Futbolean edo beste kiroletan, pertsona bakoitza bere taldeko zalea delako. Baina Giroan... italiar guztiek maite dute Giroa. Lombardiakoa edo Toscanakoa izan. Sardinian edota Brindisin bizi. Ipar-hego eta mendebalde-ekialde, Italian ez dago nazioa hain sendo errotzen duen beste kirol ekitaldirik. Nahikoa da edozein etapa hasierara joatea, eta han dagoen giroa arnastea. Tirano herriko plazan milaka zale bildu ziren ziklistak agurtzeko, haraino bertaratu zen Felice Gimondi txapeldun handia agurtzeko. Irteeran lasai egoten dira txirrindulariak, erraza da haiekin argazki bat egitea, solasalditxoa edukitzea, eta horrek zalea erakartzen du. Txirrindulari ezagun izan ziren batzuk ere ikus ditzakezu, Igor Astarloa, adibidez. Egun, motor gidari lanean ari da Giroarentzat.

Lasterketa honek hainbat esparrutan du eragina, ez kirol arloan soilik. Ehungarren ekitaldia bukatu berri da, eta mende oso batean hainbat eta hainbat borroka, balentria, anekdota eta ezinikusi eragin ditu. Politikoki ere Italia bitan banatu zuten istorioak, batzuk. II. Mundu Gerra garaikoa da ezagunena, zalantzarik gabe. Europa txikituta, eta Italia ere bai, Fausto Coppi eta Gino Bartali izarren eraginez.

Edo Coppiren aldekoa zinen, edo kontrakoa. Berdin Bartaliren kasuan. Ezin zinen bien aldekoa izan. Edo bien kontrakoa. Bizitzaren kasualitateak, biak izaeraz, sinesmenez eta pentsamendu politikoz gaua eta eguna bezalakoak ziren: nori galdetu, erantzun zeharo ezberdinak: bata garaia zen, elegantea; Bartali. Bestea txikia, eta itsusia; Coppi. Bata katoliko sutsua, bestea ateoa. Bata kontserbadorea eta bestea komunista. Bartaliren Italia eta Coppirena zeuden. Coppi Giroa eta Tourra urte berean irabazi zituen historiako lehen txirrindularia izan zen, 1949an. Italiarren bihotzean betirako txoko bat izango du, baita urte batzuk lehenago gorrotoa ziotenen artean ere. 40 urterekin, malariak jota, gazte-gazte hil zen Coppi.

Pantani, Scarponi, Nibali... Coppi eta Bartaliren balentriak egun 70-80 urte dituzten zaleek bizi izan zituzten aurrez aurre, baina gazteagoen artean ere jarraitzaile asko dituzte. Marco Pantanik dituenak adina diren edo ez, ikuskizun. Bartali eta Coppirekin batera Italiako mito ezagunena da Pirata goitizenez ezagun zena. 13 urte luze pasatu dira hil zenetik (bihotzeko baten ondorioz), baina Pantani idolo bat da Alpeetan, Dolomitetan, Italian. Giroko antolatzaileek Passo Stelvio-ri, aurtengo Giroko mendate garaienari, “Cima Pantani” izena jarri diote, haren omenez, normalean “Cima Coppi” izaten denean. Pantaniren irudiak dozenaka ikusten dira errepide bazterretan, ilerik gabeko buruan eraman ohi zuen zinta ezagun harekin. Coppi bezala, bere heriotza drama bat izan zen, eta oraindik ere, Cesenaticoko ziklista Italiak inoiz izan duen eskalatzaile trebeena da askorentzat.

Balentria epikoak, Pantanirenak. Drama ahaztezina, bere heriotza. Ez da bakarra izan. Giroa hasi bezperan Michele Scarponik heriotza eragin zion istripua izan zuen, eta haren argazki eta babes leloak zenbatezinak izan dira Alpeetan eta Dolomitetan. Scarpa-k ez du Coppik, Bartalik edo Pantanik adina jarraitzaile, baina Astana taldeko capitanoa zen, Fabio Aru liderraren hutsunea bete behar zuena, eta bere heriotzak Italia eta tropel osoa negar malkotan utzi zuen. Mikel Landa arabarra Scarponiren taldekidea izan zen Astana taldean, eta Piancavallo gainean lortu zuen garaipena eskaini zion txio batekin, urteetan eman dion bultzada eskertuz.

Italiarren gaurko heroia Vincenzo Nibali da, Messinako lo squallo dello stretto (itsasarteko marrazoa). Haren jarraitzaileek plastikozko marrazoak eraman ohi dituzte soinean, eta Bormion Mikel Landari etapa garaipena lapurtu zionean Stelvio eta Umbrail Pass-en poztasun orroak ozen entzun ziren Alpeetako paraje isiletan. Euskaldunok mutu eta isilik geratu behar izan genuen egun hartan, Landak sekulako etapa egin arren sari preziatuena lortu ezinik geratu zelako. Nibali bera ere, ordea, nahi eta ezin ibili da. Giroa irabazteko helburua zuen, eta podiumarekin konformatu behar izan zuen Milanen.

Gorka Izagirre, Fraile, Landa... Euskal Herritik joandako zaleentzat Giroa ederra izan da. Ezin hobe hasi zen, Gorka Izagirrek irabazitako etaparekin. Mikel Landak Blockhaus mendatean bukatzen zen etapan hartu zuen muturrekoak desilusioa eragin zuen, Murgikoa teorian podiumean sartzeko lehian zegoen txirrindularia zelako, eta eroriko hark jokoz kanpo utzi zuelako maglia arrosa lortzeko lehian. Azkar lehortu ziren Landak eragindako malkoak, kolpeak kolpe Giroan jarraitzea erabaki zuelako, eta batez ere Omar Fraile bizkaitarrak meritu handiko etapa garaipena lortu zuelako.

Iritsi ziren Alpeak, eta Landak hirugarren bukatu zuen Oropako santutegiko etapa. Bigarren bai Bormion bai Ortisei-Saint Ulrich-en ere. Ordurako maglia azzurra zeraman soinean, Giroko igotzaile onenaren maillota. Stelvion, Umbrail Pass-en, Valparolan eta Piancavallon, etxekoen berotasuna eta ikurrinaren besarkada sentitu ahal izan zituen Murgikoak. Piancavallon lortu zuen, hain zuzen ere, hainbeste behar zuen etapa garaipena. Giroan aritu ziren beste euskaldunek ere jaso zuten herrikideen babesa: Gorka Izagirre, Victor de la Parte, Peio Bilbao, Omar Fraile eta Julen Amezketak. Peio Bilbao eta Omar Fraile elkarri mokoka pasatu ziren Umbrail Pass-en, umore onean, euskal zaleen babes oihuak entzuten zituztela. Eta beste txirrindulari asko ere bai. Euskaldunak zerbait badu, ahalegin betean ari diren guztiak animatzen dituela, leku batekoa edo bestekoa izan.

Bide bazterrean zain ordu asko egiten dira, eta umorea ezinbesteko osagaia da. Italiarrek badute eroxka fama, eta kolore berezia ematen diote Giroari. Ileorde arrosa edo urdinak daramatzatenak, ehunka ikusten dira. Ia-ia larrugorritan daudenak ere gutxi ez, eta ziklistak pasatu bitartean festa latzak egiten dituztenak dozenaka. Stelvion gora, 2.600 metrora, alderik alde elurra lepo, tiffosi gazte kuadrilla batek garagardoa edan eta edan eman zuen goiza. Edaten zituzten botilatxoak errepide bazterrean uzten zituzten, Jovanotti abeslari italiarraren musika ozen-ozen entzuten zela. Stelvion gora ezinean zihoazen zikloturista batzuk hantxe geratu ziren, botilak zenbatzen. Nekeak jota, edota zintzarria bustitzen hobeto zeudelako, ez zuten aldapari berrekiteko adorerik izan. Zale haiek garbi adierazi zuten, pankarta baten bitartez, euren dopin bakarra garagar zukua zela...

Bizikleta eta motor turismoa. Gurpilen sorginkeria da. Arrosaren magia. Alpeetan eta Dolomitetan bi gurpiletako turismoak jende piloa erakartzen du. Noski, Giroa pizgarri ezin hobea da, baina udan ere milaka lagun bertaratzen dira, oporralditxoa egitera. Batzuk bizikletan, eta besteak motorretan. Alpeetako errepide bihurgunetsuak erakargarriak baitira motorzaleentzat ere. Bormio 5.000 biztanleko herri txikia da, baina turismo azpiegitura bikaina dauka. 100 kilometroko eremuan Stelvio, Gavia, Mortirolo eta beste hainbat mendate ezagun ditu. Jakina, mendate horiek inguratzen, 4.000 metroko langara gutxigatik iristen ez diren gailur benetan ikusgarriak: Ortles (3.905 metro), Gran Zebru (3.851 m.) eta Cevedale (3.765 m.).

Zer esan Dolomiten inguruan. Alpeak baino politagoak dira, mendiak ikusgarriagoak, eta herriek ere badute xarma berezia. Austriako mugan daude Dolomitak, eta oso agerikoa da Tirol eskualdeko eragina etxeetan. Herri izenak italieraz eta alemanez idazten dituzte, eta bi hizkuntza horiez gain, ladinera ere hitz egiten dute (hizkuntza erretorromanikoa). Marmolada dotorea (3.342 m), Piz Boe (3.152 m), Sasso Lungo (3.181 m), Tre Cime di Lavaredo (2.999 m)... Dolomitetako mendiek magia dute, eta horietara iristeko irekitako pasabideek ere bai: Fedaia, Pordoi, Passo Giau, Passo Manghen...

Bizikletan ibiltzen denak badaki zer sentitzen den erronka zail-zail bat gauzatzen denean. Stelvio, Gavia, Marmolada, Pordoi edo Mortirolo igotzea, gailurrean ordu erditxo bat gozatzen egotea, sentsazio bikaina da. Igoera bera ere bai, baina bihotza 160 taupadatik gora duzunean gozamena ez da hainbestekoa. Stelvio 3.000 lagunek igo zuten bizikletan Giroa bertatik igaro zen egunean. Prozesio baten pare egiten zen 22 kilometroko bidea, 40 tornanteak (180 graduko bihurguneak) banan-banan zenbatuz, ura sartzen zen galeria estuak zeharkatuz, azken kilometroetan basamortu zuria gurutzatuz. Gailurrean kabitu ezinik, eta errepide ertzean ere zoratzen: Omar Fraile eta Mikel Landa maglia azzurra-rekin ihesaldian, tropel buruan. Arabarraren garaipenak egun perfektua ekarriko zuen, baina ez zen posible izan. Ezin dena eskatu.

Giroak asko ematen baitu, ezer eskatu gabe. Epika du makulu. Belaunaldi pare bat 1988an Passo Gavian gertatu zen triskantzarekin maitemindu zen Giroarekin, 2.600 metrora. Giroaren historiako etapa gogoangarriena izan zen hura. Elurpean, izoztuta, txirrindulariak noraezean, txikituta ailegatu ziren Bormiora, 25 kilometroko jaitsiera neguko arroparik gabe egin ondoren. Vincenzo Torriani lasterketako zuzendariak latzak entzun behar izan zituen txirrindularien ahotik, euren bizitza arriskuan jarri zuelako. Ia 30 urte joan dira, baina egun hartako argazkiak ikusi eta aho bete hortz geratzen da edonor, oraindik.

Adibide bat baino ez da. 2013an Gardecciako helmugan gertatu zena ere epikoa izan zen. Mikel Nieve leitzarrak etapa luzea, gogorra irabazi zuen Dolomitetan 230 kilometro egin eta maila bereziko bost mendate gaindituta, atzetik aurrera etorrita, zazpi orduko ahalegina egin ondoren. Ez da azkena izango. Giroa epikoa delako, sorginkeria berezia duelako.