Amagoia Mujika Telleria
«Paotsa!» proiektua

Ikorkotx, argazkigintzaren hizkuntzarekin esperimentatzen

Ikorkotx argazkilariak leiho bat zabaldu zuen sare sozialetan orain bost urte baino gehiago. Beretzat sortu zuen espazioa, bere laborategi propio modura. «Oteizak klera laborategia zuen bezala». Konturatu gabe, baina, erakusleiho bihurtu zaio, eta komunitate. «Paotsa» izeneko proiektuak, liburu forman, komunitate horretan gertatzen den joan-etorria jaso du, bi norabideko sorkuntza jolasa. Argazkia da metxa, abiatzeko tokia.

Ikorkotxen argazkia eta Aitor Ruiz de Egino Otegiren artelana.
Ikorkotxen argazkia eta Aitor Ruiz de Egino Otegiren artelana.

Konpromisorik gabeko espazioa zen hasieran. Laborategia, esperimentatzeko tokia, saltsan ibiltzekoa. Bost urteren ondoren, erakusleiho bihurtu zaio. Egunero argazki bat zintzilikatu eta bueltan burutazioak, txaloak eta ziztadak jaso. Ikorkotxek sarean dituen espazioek asko dute joan-etorritik eta jolasetik. Eta horiek biltzen ditu, hain juxtu, “Paotsa! Ikorkotx, lagunen begietan” liburuak.

«Nik uste dut argazkilari batek ikasi eta garatu nahi badu, bere buruari diziplina batzuk ezarri behar dizkiola. Argazkiak zuri-beltzera pasatzen aritzen nintzen eta neure burua ariketa hori egitera behartzeko hasi nintzen sarean argitaratzen. Argazkiak zuri-beltzean lantzeko ariketa egunero egiten nuen, egindako lanari bide bat ematearren. Asmoa ez zen –eta orain ere ez da– egunero argazki bat argitaratzea. Ez neukan horrelako konpromisorik hartzeko gogorik. Izan ere, sare sozialetako nire espazioa zerbait bada, askea da. Nik erabakitzen dut noiz, nola eta zer argitaratu».

Denborarekin, baina, zuri-beltza Ikorkotxen ikur bihurtu da eta kasik egunero argitaratzen du argazki bat. Dagoeneko milatik gora erakutsi ditu sarean. Eta egun batzuetan atseden hartu behar badu, aurretik ematen du abisua, «badakidalako jende askok hartu duela egunero nire lana begiratzeko ohitura. Argazkia ikusi eta iritzia eman. Niretzat sekulakoa da, jende askok egunero dituen eginbeharren zerrenda horretan nire argazkiari begiratu bat emateko tartea hartzea».

 

(Behean, Xabi Solano Ekaitz Zilarmendiren ikuspegitik. Ondoan, Ikorkotxen abiapuntuko argazkia.)

Bere argazkiek badute, zuri-beltzaz gain, beste tasun bat; gaurkotasunaren zirrikituak, kantoiak, kontrako norabideak, gehienek ikusten ez dituztenak maite ditu bereziki argazkilariaren fokuak. «Gaurkotasunaren argazkiak egunkarietan daude. Ikorkotxen sareko leihoa ez da horretarako. Argazkigintzaren hizkuntzarekin esperimentatzea da helburua. Gaurkotasunaren kontaketa egiten ez duen argazki batek funtzionatuko ote duen edo ez ikusteko leihoa da. Oso-oso gutxitan, salbuespen batzuk kenduta, egiten dut oharren bat argazkiaren inguruan. Argazkiak bakarrik hitz egin dezala gustatzen zait, bestelako azalpenen beharrik gabe. Argazkigintzaren hizkuntza interesatzen zait, argazki bat hizkuntza horretan bakarrik defendatzeko gai den edo ez ikustea».

Jendearekin hartu-emana egunerokoa eta zuzena da eta horrek, noski, konpromisoa sortu dio, zain daudenekiko begirunez. Garbi du, hala ere, espazio askea izaten segitu behar duela. «Noizbait aspertzen edo agortzen banaiz, utzi eta kito. Nire helburua ez da egunero argazki bat argitaratzen urteak ematea. Eta zuri-beltzaren errituala puskatzea ere gustatzen zait. Tarteka, koloretan sartzen ditut argazkiak, espazio askea izaten jarrai dezan eta jendea pixka bat zirikatzeko. Nire helburua espazio libre bat izatea da, nire argazkiei tokia egiteko espazio bat». Izan ere, bere ustez argazkiek hitz egiten dute garbien eta ozenen argazkilariaz: «egiten dituen argazkiek ematen diote balioa argazkilariari. Argazkiek egiten dute argazkilaria. Gaur egun jende askok aldarrikatzen du argazkilaria dela, baieztapen horri eusteko argazkirik izan ez arren».

Hasieran laborategia zena, argazkiekin jolasean aritzeko klera laborategia, erakusleiho bihurtu zaio bost urteren buruan. Kasik hiru mila eta bostehun begi pare daude erakusleihoaren bestaldean eta horietatik batzuk oso aktiboak. «Sareetan ditudan espazioak –Facebook, Twitter eta Instagram– ez dira erakusleiho bat izateko asmoz sortu. Baina egia da urteen joanean gero eta jende gehiago gerturatu dela eta komunitate moduko bat sortu dela. Nik espero gabe, Ikorkotxen lagunen komunitate bat sortu da. Bertako ezaugarri nagusia, gainera, buenrollismoa dela esango nuke».

Eta espero gabeko ekarpenak jaso ditu bueltan. «Argazkilarion arazoetako bat da argazki asko ekoizten dugula eta pila horretan bat bereiztea izaten da benetako erronka; gaia, egoera edo kontatu nahi duguna ondoen kontatzen duen hori bereiztea. Sare sozialetan jendearekin hartu-emana oso zuzena da eta berehala ikusten da zein argazkik funtzionatzen duen eta zeinek ez. Horretarako oso baliagarria da. Hortik abiatuta saiatzen naiz ulertzen zertan datzan argazki horien arrakasta, zein den jendearengana iristeko bidea. Zerk pizten dituen emozioak, gogoetak, hausnarketak».

(Goian, Myriam de Miguel/ComparteArte-ren ekarpena.)


Bada kezkatzen duen beste alderdi bat: argazkien iraungitze azkarra. «Argazkiak oso azkar itzaltzen dira. Gaur jeniala den argazkia, bihar beste batek tapatzen du eta ezkutuan geratzen da». Beretzat, horregatik, ariketa interesgarria izaten da tarteka sarean argitaratu dituen argazkiak errepasatzea. Egindako lanaren kontzientzia hartzen laguntzen dio. Jendea ariketa hori bera egitera animatzeko, IkorkotxMuxutruk lehiaketa antolatzen du Gabonen bueltan. Azkena hirugarren edizioa izan da. «Sareetan argitaratu ditudan argazkietan bat aukeratzeko eskatzen diot jendeari. Gero, zozketa egiten dut parte-hartzaile guztien artean eta egokitzen zaionari aukeratu duen argazkia oparitzen diot, paperean. Berrehundik gora pertsonak parte hartu dute. Hori eta gehiago zor diet sareetan jarraitzen nautenei. Haiei esker iritsi naiz bost urte betetzera, ia konturatu gabe, airean eraman nautelako».

Eguneroko hartu-eman horretan, eguneroko jolas horretan, beste deskubrimendu eder bat egin du. «Konturatu naiz askotan nire argazkia beste sorkuntza baten abiapuntua dela. Nik espero ez ditudan ertzak eta detaileak ikusten dituela jendeak argazkietan eta hori izugarri gustatzen zait».

Sorkuntza jolasa. Espero gabe, beraz, bost urte eta lagun mordoa. Zenbaki borobil horren parean jarrita okurritu zitzaion liburuaren ideia. «Jendearen eguneroko bultzadak ekarri nau honaino. Hasi nintzenean ez nuen espero bost urte beteko nituenik. Behin hona iritsita, hartu-eman hori jasoko duen proiektu bat martxan jartzeko gogoa sortu zait. Hortik, liburuarena».

“Paotsa! Ikorkotx, lagunen begietan” izeneko proiektuak datozen egunetan ikusiko du argia. Liburuaren erdia ezaguna da; Ikorkotxek sarean argitaratu dituen 80 argazki. Liburuaren beste erdia, berri-berria; argazki horietako bakoitza abiapuntu hartuta, Ikorkotxen lagunen sorkuntza lanak. Argazkiak metxa lana egiten du, beste sorkuntza bati bide ematen diolako. Sorkuntzatik piztutako sorkuntza; testu, argazki, marrazki, eskultura… forma ugaritan jasoa.

«Kontua ez da nik argazkiak jarri eta jendeak horiek ikusten dituela. Espero gabe, joan-etorria sortu da, sareak horretarako aukera ematen duelako. Jendeak bere iritziak ematen ditu, burutazioak bota, argazkiari punta atera… konturatuta nengoen komunitatean jendea hasia zegoela nire argazkiak bere sorkuntzarako abiapuntu gisa erabiltzen. Hori oso zirraragarria da niretzat, nire lana ez baita nire lanean bukatzen eta argazkiak beste bizitza bat hartzen du».

Hartara, komunitatean deia egin zuen sorkuntzatik sorkuntza sortzeko. «Berriz ere harritu egin nintzen, sekulako erantzuna jaso nuelako. Sorkuntza jolas hori proposatu nuen eta jendea bete-betean sartu zen. Berehala hasi ziren erantzunak etortzen. Azkenean mugatu egin behar izan dut, 80 lagunera, liburuak muga fisikoak dituelako, sareak ez bezala. Baina proiektua jeniala izan da. Jendeak primeran erantzun du, sekulako ekarpenak egin ditu eta kanpoan geratu direnetan inor ez da haserretu. Denek ulertu dituzte liburuaren mugak».

“Paotsa!” da liburuaren izena, «pagotxa ederra izan dudalako egin ditudan lagunekin eta asko mimatu nautelako bost urte hauetan. Hortik, pa hotsa, muxuarena alegia». Liburua laster izango da kalean, baina ezohiko liburu dendetan. Sare sozialen bitartez erosi ahal izango da (Facebooken Paotsa orrialdean) eta baita taberna gutxi batzuetan ere: Donostiako Dokan, Hernaniko Riojan eta Errenteriako Harkaitzan.

 

 

Itzali dira argiak, funtzioa amaitu da eta

harmailak hustuta, bihotzak beteta.

Argazkilariak KLIK! ehizatu du unea,

pailazoa sudurrean musukatuz umea.

Umea eta emakumea begietara begira elkarri,

emanak bata besteari.

Elkarren pila-kargagailu,

arnasgailu, bizigailu.

Konplizeak dira,

kontatuta sekretuak belarrira.

Pailazoak afizioa du ofizio,

bizitzeko zio.

Umorea, amorea, adorea

ehiztariak KLIK! irudian gordea.

Aiora Zulaika Soroa «Pirritx»

 

 

Beti dago urruti han dagoena
beti da ezezagun
beti arrotz
begi-bistatik ihes egiten diguna
ikusi nahiko genukeena
ikusi ezin duguna
eguzkiak harresi bat eraiki du
jakin nahi ez dugunaz babesteko
eta ausardia duenak
bakarrik begiratuko du

begiak erre zaizkit aita
baina orain badakit zer dagoen
han

beldurra eta itxaropena
gatza eta euria
basoak sutan
eta hiru une
bat
jakiteko
bestea
ahanzteko
azkena
ahaztutakoa gogoratzen
saiatzeko

bai aita
orain badakit zer dagoen han.

Andoni Tolosa «Morau». Musikaria

 

 

Bizi duzuna zure bizitza den galdezka hastea zahartzeko beldurra da, denbora gaizki erabiltzen ari zarela konturatzea. Hori Susan Sontag argazkilariak idatzi zuen. Denborak ihes egiten duela ala denborarik ez dela existitzen.... pentsa dezakezu, orduan.
Eta hartu argazki bat.
Argazkilariak laukian sartu duenak normala izateari uzten dio.
Markoa eta mugak dauzkalako. Eta orduan, ez da beste mundurik kabitzen. Argazkiaren laukian egon zen hura, besterik ez.
Mundua da koadroaren barruan bizi dena. Ez duzu denbora gaizki erabiltzen. Ez zegoen denborarik. Denborak ezin du alde egin. Denbora harrapatu egin du argazkilariak.
Eta hor gaude gu.
Zahartzeko beldurra kanpoan dago, onar dezakezu.
Iraganeko ume hura bizi da, laukian dago eta denborak ez du inoiz hortik kenduko.

Amaia Etxezarreta

 


Levantar el dedo, alzar la voz, abrir el zoom

Equilibristas del balance incierto, trapecistas de la mirada cautiva o funambulistas sin red en medio de una realidad injusta: fugitivos del paraíso que nunca fue. Sí, hay un frío que nunca abriga, una luz artificial que nunca ilumina y un foco represivo que jamás calienta: sólo quema, ampolla y llaga. Todo lo ciega por exceso de blanco. O por saturación de negro.
J’acusse. Salatzen dut. La fotografía lo acredita y documenta: Emile Zola revisitado en la Euskal Herria del siglo XXI. 2017: la represión continua operando en blanco total y negro absoluto. Panorámicas silenciadas de su exabrupta negra paz: muros y rejas, concertinas y fronteras, tecnología punta militares y macrocárceles panópticas. Ver sin ser visto, en el ángulo ciego de un capitalismo furtivo que escupe el lenguaje de la dispersión, la asfixia del aislamiento y los dispositivos de la segregación. Ley mordaza: imagen y mirada, sometidas a control y censura. Prohibido ver, prohibido mirar, prohibido decir.
Pero aún y todavía, las cosas siguen pasando allí donde pueden ser cambiadas. Y ese espacio predilecto –donde todo empieza, donde todo acaba, donde todo siempre vuelve a comenzar de nuevo una vez más– sigue siendo la calle. Hecha refugio. Manos levantadas, puños cerrados y zooms abiertos. Y el gesto nunca olvidado, solidario y desobediente, de levantar el dedo una vez más y todas las veces que haga falta. Otra manera de mirar, sugeriría John Berger. Otras formas de captar una realidad poliédrica, desde los ojos alternativos de Ikorkotx. Desde el alma fotográfica, sin píxeles, de Joseba Sarrionaindia: mientras no sepamos ver en la oscuridad, no podremos escribir con claridad. Ni fotografiar con decencia. Ni llenar las calles. Para vaciar las cárceles.

David Fernández, Militante de la CUP, Periodista