Alaia Martin
IRITZIA

Kamioitik jaistea

Perspektibaz bizitzea zaila da. Perspektibaz bizitzea erraza da, beti perspektiba edo ikusune beretik begiratzen badugu ingurua. Beti leku beretik begiratzen badugu mundua, azkenerako ez baitugu ezer ikusten, besterik gabe, buruan, aurrez ikusia daukaguna erreproduzitzen zaigu behin eta berriz, parekoa ikusi beharrean. Horrelako begiradatan, uda negua bezain udazken eta udaberri da.

Batzuetan hartzen dugu perspektiba. Joaten gara oporretara eta esaten dugu itzuleran ezberdin egingo ditugula gauzak (kontzienteago, inkontzienteago…), edo hiltzen zaigu gertuko lagun bat eta pentsatzen dugu beste nolabait bizitzen hasiko garela, lau egun baino ez direla bizitza eta lautik hiru eta erdietan ez dagoela ortzadarrik. Bizi egin behar dela, segundoez gozatu eta maite ditugunei maite ditugula esan eta ez ditugunei…ezer ere ez esan. Izaten ditugu halako perspektibaldiak ala ikusunealdiak baina gero etortzen da bizitza, kamioiz, bere zilar-distira, bere zarata eta klaxon eta betaurrekoak mila zatitan apurtzen dizkigu.

Eta ohitzen gara eta perspektiba aldatzen saiatzen garenean zorabiatzen hasten gara, non ipar eta, batez ere, non (h)ego bereizten ez dakigula. Eta itzultzen gara ikusunera.

Harremanetan ere antzekoa gertatzen da. Lurretik zerura begiratzen duenak handi ikusten du zerua, eta gainera, zerua ez da norberarengana hurbiltzen. Bere boterea geurearen gainetik jarri duena behetik gora ikusten dugu, eta goitik behera berak gu. Parez pare jartzen garenean, bertikaltasuna iraultzeko, normalean, zapaldua sentitzen da zapaltzailea; zapaltzaile senti gintezke, besterik gabe, geure zapatak jantzi ditugulako.

Geurekoi senti gintezke. Gorantz begiratzen ohitutakoa oldarkor senti bailiteke parera begiratutakoan. Zapata zolaren zaporea oraindik ahoan bueltaka darabilelako, eta beldurra txikle iraunkorra delako. Zaporea galtzen ez duten horietarikoa. Horregatik da garrantzitsua ikusunea aldatzea aldian-aldian. Non gauden, non jarri gaituzten eta non egon nahi dugun gogoratzeko.

Batzuetan eszedentzia hartu behar da bizitzatik, hil gabe, ahal bada, eta kamioitik jaitsi, eskailera handietan behera. Ikusi, neurtu, geurtu eta berriz igotzeko.

Honi guztiari buruz pentsatzen ari nintzela, pentsatu dut, ez litzatekeela astakeria bat alderdi politikoek ere, noizbehinka, eszedentziak hartzea. Benetakoak. Sei hilabetekoak, urtebetekoak, bikoak.

Desagertzea. Denboraren espaziotik ikustea dena, eta distantzia arnastuz hausnartzea. Indartzea, adostea, adostasuna egostea, dekonstruitzea, plantxan zigilatzea, izoztea eta berriz urtuz eta urtuz, neurtuz, agertzea.