GALDER PEREZ
IRITZIA

Erditze etengabea

Antzerkian, obra berri baten estreinaldiari erditzea esaten zaio. Zirrararen itsukeria jota, jaioberria gurasoentzat ederrena izan ohi da. Jaioberri den antzezlan horrek gero bere bizitza izango den ibilbidea oholtzatik oholtzara egingo du eta ikusleak ere guraso dira. Obra eskaintzeari uzten zaionean obra hil egiten dela esango dugu.

Aurreko astean Ondarroan “Francoren bilobari gutuna” lan gogoangarriarekin horrela gertatu zen. Akabo, kaput betiko. Justizia bila dabiltzan pertsonaia gaixo horiek ez ditugu berriz oholtzan ikusiko. Bai, ordea, kalean, benetako bizitza deitzen zaion honetan.

Duela aste pare bat Jon Maia Soriak “Berriak jaio ginen” liburu autobiografikoa argitara eman zuen. Kasu honetan, izenburuarekin batera dator jaiotza, Xenpelarren «jaioko dira berriak gu gera Euskal Herria» horri jarraituz, ala erantzunez. Jonek belaunaldi batez hitz egiten du, in vitro edo laborategiko bertsolariak. Belaunaldi baten sortzeaz eta agertzeaz dihardu. Bertsoak erditzeko molde, modu eta, batez ere, testuinguru berriak.

Sormena den (edo izan behar lukeen) erditze etengabe honetan Lutxo Egiak performance berria iragarri digu. “Transitoak II: Haren da nire” izena du bilbotarraren ekintza artistiko berriak. Bere ibilbide orria eta egiaztatzaileak izango dituen akzioa, galdera handi bati erantzun nahian jaioko da: noiz utzi zenion zeure bizitza bizitzeari? Identitate berri baten baitan, denboraldi batez desagertu egingo dela iragarri du Lutxok.

Beste asko izan zitezkeen jaiotzen diren adibide berrien zerrenda: Telmo Esnal prestatzen ari den “Dantza” filma, ikusteko irrikan gauden “Aundiya” eta “Errementari”, Aitor Etxebarriaren “Markak” zuzeneko emanaldia, rap, gitarra eta sanplerren inguruan gertatzen ari diren hainbeste proiektu berri, dantza zein arte plastikoen jarduera geldiezina...

Gure kulturak, beti «euskal» adjektiboa berarekin itsatsita daraman horrek, ez ditu soberan erditzeak eta, ondorioz, ez da superpopulazioarekin kezkatuta bizi. Alderantziz, eman daitezela erditze etengabeak.

Izan zesareaz, zein modu naturalean, etxean, ospitalean, in vitro laborategietan, haurdunaldi subrogatuetan edota esoterikoki arrosaz betetako igerilekuetan. Erditu eta gero, jaiotako lan horiek gure artean elkarbizitzea dute helburu. Bai, gutako (edo)nork arduraz adoptatzeko sortu dira.