Iñigo Azkona
titikaka LAKUA

Munduko aintzira nabigagarri altuenean arrantzan

Peruri antzinatik datorkio arrantza jarduerarekiko lotura. Itsasoarekin harremana izandako lehen giza-taldeen aztarnek 9.000 urteko antzinatasuna dute. Halaber, kultura zaharren zeramika eta oihal aztarnek ziurtasun osoz egiaztatzen dute ur kontinentalak eta itsasoa elikagai iturri gisa erabili zituztela.

Elezaharrak kontatzen du behinola Titikaka aintziran hiri handi bat egon zela: oso aurreratua, emankorra eta ondasun handikoa; paradisua bezalakoa zela zioten. Bertako biztanleek mendikateko gailurrera, su sakratua zegoen tokira, igotzea debekatuta zuten soilik. Hala ere, deabruak gaitz egiteko gose itzela zuen eta herritarrak gailur sakratura igo zitezen konbentzitu zituen. Apus-ek, mendietako jainkoak, biztanleak bere borondatea desobeditzera ausartu zirela ikusi zuenean, pumak askatu zituen zigor modura. Viracocha-k, jainko nagusiak, herria sarraskituta ikusi zuenean, berrogei egun eta berrogei gautan malkoak isuri zituen etengabe, eta ondorioz ureztatze kanalak suntsitu eta ibaiak gaineztatu ziren hiria urpetu arte; eta horrela aintzira sortu zen. Ordutik aurrera aintzirari Titikaka izena eman zitzaion, hau da, «harrizko pumaren aintzira» kitxua hizkuntzan.

Harrezkero, arrantza bihurtu zen inguruko herrien eta alboko komunitateen jarduera nagusia. Gainera, Peru eta Bolivia artean zabaltzen den 8.562 kilometro koadroko hedadurak eta 3.812 metroko altueran egoteak arrantza teknika ezberdinen sorrera eragin du. Egia esan, gaur egun, arrantza industriala dibisa sarrera nagusienetariko bat da Perun. Izan ere, herrialde honetako arrantza-jarduerak munduko arrain-irin eta arrain-olioaren %25-30 produzitzen du eta, gainera, herrialdeko bigarren ekoizpen-sektorea da.

Artisau-arrantzak Peruko eskualde ezberdinetako herri eta komunitateetan izan duen garrantzia ere nabarmentzekoa da. Herrialdeak duen aniztasun orografiko eta kulturalari esker, teknika eta modu ezberdinak garatu dira milaka urteetan zehar. Kostaldeko eskualdean, adibidez, hondartzetatik gertu egiten da arrantza, ontzi txikiak erabiliz. Garrantzi handiena duen espeziea errekako izkira da, berau, mangladietan eta ibaietako bokaleetan hazten da. Amazonian, berriz, kanoak ibai-sareetan eta urmaeletan barneratzen dira eta sareak eta ehiza armak erabiltzen dituzte harrapakinak lortzeko. Azkenik, Andeetako eskualdean, 3.000 eta 5.000 metro bitarteko altueran dauden ibai, aintzira eta urmaelak dira arrantza jarduera garatzeko akuifero nagusiak. Baina, zalantzarik gabe, Titikaka aintzira da eskualde osoko arrantza-jardueraren ardatza.