2017/07/16

JOKIN URAIN
Entretenimenduak
Gogoan dut «Izuen labirintoa»-n irakurritako pasarte bat: bi jauntxo balkoitik begira, eta behean, kalean, langile batzuk kamioia lepaka deskargatu eta porlan zakuak eraikin berria egiten ari diren lekuraino eramaten. «Baina zerk bultzatzen ditu hori egitera?», galdetzen dio balkoian jauntxoetako batek besteari.

Jolasa edo entretenimendua animalia guztiek edo gehienek dute, batzuenak grazia handirik duenik ez du ematen baina. Gizakiak, berriz, entretenimendua kasik helburu bihurtu duela esan liteke, eta ez nuke esan nahi gaizki iruditzen zaidanik, ezta gutxiagorik ere. Lana bera, kirol eta denbora-pasarako jarduera bihurtzen da herri kiroletan, besteak beste. Zer ederrago, izan ere, batzuentzat jolas eta beste guztientzat ikuskizun sarritan miresgarri bihurtzea baino esfortzua suposatzen duen ariketa hori?

Zenbat erakargarriago ez genioke iritziko edozein ariketari, entretenimendutzat edo jolas modutzat hartuko bagenu! Ikuspuntuaren araberakoa ere bada, seguru asko, erakargarritasunaren kontu hori.

Egia baita batzuetan ez ditugula ulertzen besteen jardueraren arrazoiak, gure kontzeptu eta usteen nahastea ere sortzen dutelako beharbada. Gogoan dut “Izuen labirintoa”-n irakurritako pasarte bat: bi jauntxo balkoitik begira, eta behean, kalean, langile batzuk kamioia lepaka deskargatu eta porlan zakuak eraikin berria egiten ari diren lekuraino eramaten. «Baina zerk bultzatzen ditu hori egitera?», galdetzen dio balkoian jauntxoetako batek besteari.

Imajina ditzaket Azkoitiko edo agian beste zenbait herritako udaletxeko balkoian bi jauntxo, etxean sortzen den zaborra jaitsi eta bost edukiontzietan banatzen ari diren emakume edo gizonezkoei begira: hau hemen, hori hor, beste hori ekarri hona... hau errefusean, hau organikoan, hau papera, hau plastikoa, hau kristala, hau fardela, hori ez dakit, baina bakoitza bere lekuan ahalik txukunen ezartzen.

Eta gero, gau ilunean, hor dator kamioia, eta hartzen ditu errefusa, kristala, plastikoa eta dena batera eta nahasian jasotzen ditu eta eraman begien bistatik. Eta hurrengo egunean ere hortxe daude udaletxeko balkoitik begira jauntxoak, eta hor datoz etxeko andrea edo gizona berriz ere etxeko zaborra sailkatzen, sailkatuak zaborrontzietan ezartzen, hau hemen, hori hor, fardela hemen, patata azalak hona, eta udaletxetik begira dauden jauntxoetako batek besteari galdegiten dio: «Baina zerk bultzatzen ditu hori egitera?».

Horrelaxe gabiltza, Ekhiñe, eta horrelakoak dira gure entretenimenduak, zer demontretan ari garen ulertu ezinezkoak askotan.